Indarrean abiatu da 2012ko Boulder Liga. Gasteizko Estadio Fundazioaren aretoan jokatu zen larunbatean lehenengo jardunaldia, eta 60 eskalatzaile elkartu ziren, maila guztiak aintzat hartuta. Bada zerbait. Kategoriak egokitu egin dituzte aurtengo ligan, eta eskalatzaileak 16 urtez azpiko, herri izaerako eta eliteko ligatan banatu dituzte, nesketan nahiz mutiletan.
Jon Sard eta Dani Perez arduratu ziren larunbaterako eskalada blokeak prestatzeaz. Goizean sailkapen kanporaketak jokatu ziren, eta arratsaldean, finalak. Gauza bat geratu zen ageriko: belaunaldi gazteak ari dira duela hamar urte ligan hasi zirenei lekukoa hartzen.
Mikel Inoriza eta Nahia Garcia de Eulate izan ziren gaztetxoetan irabazleak. Nahiak 12 urte ditu eta nesken artean lehiakide bakarra izan zen. Ziztu bizian ari da ikasten eta eskaladaz gozatzen. Mutiletan estua izan zen lehia. Inorizak irabazi zuen, baina gertu izan zituen Gontzal Agirre eta Beñat Amestoi.
Lehia estuak elite mailan
Herri izaerako ligan parte hartzaile kopurua izan zen azpimarragarria: 30 eskalatzaile aritu ziren mutiletan. Guztien artean buru Iban Mendiguren. Goizean eta arratsaldean indartsuena izan zen, eta hura lehen postutik kentzeko lanak izango dituztegainerakoek. Iñigo Usategik eta Josu Artetxek osatu zuten larunbateko podiuma. Nesken artean, Laida Tejerok sorbaldako lesioa gainditu duela erakutsi zuen. Finalean Leire Tapiarekin lehia estua izan zuen, baina finaleko azken blokea eskalatzen Tejerok asmatu zuen. Matxalen Montoiak osatu zuen podiuma.
Elitekoen mailan, Zuriñe Arrue donostiarrak bloke guztiak lehenengoan eskalatu zituen. Lehia estua egon daiteke ligan, Arrue eta Irene Alvarezen artean. Hirugarren postuan Goizane Saez de Olazagoitia sailkatu zen. Mutiletan, Javi Gonzalezen eskalatzeko bizitasuna nabarmendu behar. Harekin batera, Alex Rodriguezek eta Isaac Alberdik osatu zuten podiuma. Mutilen artean ere lehia estua igarri daiteke.
Bigarren jardunaldia Gasteizko K2 kiroldegiko rokodromoan jokatuko da, hilaren 11n. Otsailaren 10eko 13:00ak baino lehen eman behar dute eskalatzaileek izena. Horretarako argibideak: www.emf-fvm.com.
Mendia
Boulder Liga indarrean hasi da, 60 eskalatzailerekin
Nahia Garcia de Eulate, Laida Tejero, Zuriñe Arrue, Mikel Inoriza, Iban Mendiguren eta Javi Gonzalez nagusitu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu