Mendia

'Celedon' 9a+ bidea kateatu du Iker Pouk

Iker Pou eskalatzaile gasteiztarrak 9a+ zailtasuneko hirugarren bidea poltsikoratu du Ilarduian: 'Celedon'

Iker Pou 'Celedon' (9a+) eskalatzen. POU ANAIAK.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ilarduian (Araba) dago Iker Pouk erdietsitako azken proiektua: Celedon. Orain lau urte hornitu zuen bidea. Iaz bidearen lehen zatia kateatu zuen, Celedon Txiki, eta 8c+/9a zailtasuna proposatu zuen. Orain, falta zitzaizkion 10 metroak kateatu ditu, eta Celedon-entzat 9a+ zailtasuna proposatu du.

«Ahalegin asko behar izan ditut Ilarduian dagoen 42 metroko bide ikaragarri hau kateatzeko», adierazi du eskalatzaile gasteiztarrak. «Hornitu nuenetik, lau urte behar izan ditut kateatzeko; beharra nuen proiektua egiteko». Aurretik ere zailtasun handiko beste hainbat bide ireki eta kateatu ditu Pouk Eginoko La Leze kobazuloaren atzealdeko gunean, Ilarduian. Haien artean, Akelarre, 65 metroko eta 9a zailtasuneko bidea.

«Bidea pareta irten batetik doa, helduleku txiki eta blokeko pausoz osaturikoa», definitu du Pouk. «Zalantzarik gabe, ireki ditudan bideetatik polit eta fanatikoenetako bat da Celedon». Pouk adierazi du duela urte batzuk inoiz ez zuela kateatuko pentsatu zuela, bere eskalada estiloarekin alderatuta desberdina baita, erresistentzia handikoa. «Azkenean, amets handi bat egia bihurtu da».

Aurretik Baffinen

Celedon bideari ekin aurretik, Baffinen egon zen Iker Pou, Eneko anaia, Ben Lepesant eta Hansjorg Auerrekin. Han, Perfection Valley-ko Belly Dorrean, The Door izeneko bide berri bat ireki zuten. 630 metroko luzera du eta 8b graduko zailtasuna proposatu dute luze gogorrenarentzat. Iker Pouk eta Auerrek soilik lortu zuten 8b zailtasuneko luzea kateatzea.

Azken bide horrez gain, beste hiru ere zabaldu zituzten; horiek apalagoak: Hotel Gina, Hotel Monica eta Levi is coming. Hirurak 300 eta 400 metro bitartekoak dira eta luze gogorrenak seigarren gradukoak dituzte. Guztira, 50 egun egon ziren Kanadako uharte handienean, baina, eguraldiaren baldintza kaskarrengatik, 22 egun eman zituzten geldirik, ezin eskalatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.