Denboraldi ikaragarria egiten ari da Javier Dominguez Ledo korrikalaria (Gasteiz, 1974). Kirolak CM Gasteiz taldeko kidea gorenean dabiltzan korrikalarietatik gertu ibili da azken ultra trailetan.
Nola hasi zinen mendiko lasterketetan parte hartzen? Nola eman zenuen ultra trailetara saltoa?
Errepidean korrika egiten hasi nintzen lehenik. Maratoi bat egiteko gai izango nintzen edo ez jakiteak piztu zidan korrika egiten hasteko gogoa. Hasiera-hasieratik nituen distantzia luzeko lasterketak gogokoen, lehentasuna nuen horiekiko. Ondoren, mendian lasterka egitea zer zen probatzean, errepidera gero eta gutxiago irteten hasi nintzen. Orduan, 30 kilometroko mendi lasterketak hasi nintzen egiten; ondoren, 40 kilometrokoak… hiru handiak egin nituen arte. Azken hori izan zen egin nuen lehen lasterketa luzea. Ordutik, hainbat lasterketa eta ultra trail probatan parte hartu dut, gaur egun arte.
Denbora igaro da hasi zinenetik, eta lasterketa askotan hartu duzu parte. Zein lasterketa eta zein ultra trail duzu gogokoen?
Guztietatik aurreko urteanegin nuen Ehun Miliak lasterketari diot maitasun berezia.Espero ez nuen momentu batean irabazi nuen lasterketa.Guztia primeran atera zitzaidan. Asko gozatu nuen lasterketaz; distantzia horretakolasterketa bat bukatzea lorpen bat izan zen niretzat, eta, gainera, irabazi nuela kontuan hartuta, motibazio handia izan zen. Eguraldia ere bikaina izan zen, eta ibilbidea, primerakoa. Astro guztiak elkartu ziren niri mesede egiteko.
Cavalls del Vent izan da parte hartu duzun azken lasterketa. Korrikalari askok adierazi dute oso baldintza gogorrak izan zirela. Nola egin zenuen zuk lasterketa?
Egia esan behar badut, hotz handia pasatu nuen. Irteeran denek genekien euria izango genuela lasterketan, baina, inork ez zuen halako hotza espero. Antolakuntzak behartzen duen arropa justua neraman jantzirik, eta nahikoa baino gehiago zelakoan nengoen, baina ez zen horrela izan. Lasterketaren erdialdean haizeak gogor jotzen zuen, eta hotza egiten zuen. Zati horretan utzi zuten lasterketa gehienek. 20 km benetan gogorrak izan ziren.
Eguraldiaren baldintzaren inguruko informazioa eskasa izateaz kexatu ziren korrikalari batzuk. Zer deritzozu?
Niri iruditzen zait informazio nahikoa eman zigutela. Ez dut uste inor gai denik baldintza horiek egongo zirela iragartzeko. Euria egingo zuela esan ziguten, eta hotza egingo zuela ere bai. Ibilbidea aldatzeko bi arrazoi egon daitezke: ekaitza edo behe lainoa. Ez zen horrelakorik izan. Ibilbidea ez aldatzearen erabakia egokia iruditu zitzaidan.
Norberak jakin behar du non sartzen den. Pirinioetan zaude, eta 2.500 metroko garaieran ibiliko zara; badakigu zer esan nahi duen horrek.
Seigarren postuan gelditu zinen. Zer ekarri dizu horrek?
Zein korrikalari zeuden ikusita, lehen hamarren artean sartzea lorpen handia zen niretzat. Munduan gorenean dauden hainbat korrikalari zeuden bertan, eta denboraldia bukatzeko era ezin hobea izan zen Cavalls del Venten lortutako seigarren postu hori. Aurrera jarraitzeko motibazioa eman dit. Beste edozein lasterketatan podiumera igotzea izan ohi dut helburu, baina, Cavalls del Venten zeuden korrikalariak ikusita, lehen hamarren artean sartzea ez zen batere erraza.
Atzerago bueltatuz, UTMBerako (Ultra Trail Mont Blanc) oso ondo eta denbora luzez prestatu zinen. Zer iruditu zitzaizun, hain ongi prestatu ostean, eguraldiaren baldintzagatik ibilbidea aldatzea?
Gainontzeko korrikalariek bezala, etsita sentitu nintzen momentu horretan. Haraino joaten zara mendi lasterketetan mitikoa den proba batean parte hartzeko. Ultrak egiten dituenak UTMB du buruan; urte osoa ematen duzu lasterketa hori prestatzen. Azkenean, eguraldiaren baldintzen aurka ez dago ezer egiterik, eta proposatu zutena egin eta datorren urteari itxarotea besterik ez zaigu gelditzen.
Ultra trail probetara joateko gastuak zuk ordaintzen dituzu? Talderen baten partaide zara? Ba al duzu nolabaiteko diru laguntzarik?
Kirolak Gasteiz izeneko talde baten partaide naiz. Talde hori Kirolak izeneko dendak babesten du, eta beharrezko materiala ematen digu 12 taldekideoi. Materialaz gain, taldetxoa sortzeko aukera bikaina izan da. Baina, ultra trailetara joateko dirua nire poltsikotik jartzen dut.
Azken urtean erdietsi duzuna ikusita, Iker Karrera, Dakota Jones, Anton Krupicke, Kilian Jornet eta halakoen mailara iristeko gai ikusten al duzu zeure burua?
Ez, inolaz ere. Nik elitekoak deitzen ditudan horiek, profesionalak edo erdi profesionalak direnak, beste mundu batean daude. Ultra batean, «herrikoien» artean aurrean egoteko gai ikusten dut neure burua, baina inolaz ere profesionalen mailan. Korrikalari profesionalek denbora asko eskaintzen diote entrenatzeari, eta nik denbora mugatua daukat. Hala ere, nahi beste denbora izango banu, ez dakit gai izango nintzen eurak egiten duten entrenamendu bolumenari eusteko. Mentalki oso motibatuta egon beharra dago hainbeste entrenatzeko, eta, noski, hainbeste entrenatu gabe ez dago maila horretara iristerik.
Zein entrenamendu mota jarraitzen duzu? Gimnasiora edo bizikletan ibiltzen al zara?
Aste barruan denboraz nahiko mugatuta ibiltzen naizenez, ordubete edo ordu eta erdi atera ohi naiz lasterka egitera. Asteburuetan, berriz, mendira ateratzen naiz. Aizkorrira edo Gasteiz inguruko mendietara joaten naiz, saio luzeagoak egitera. Lagunen batekin baldin bada, askoz hobe. Ez naiz gimnasiora joaten, ezta bizikletan ibiltzen ere. Korri egiten dut soil-soilik.
Zein lasterketatan hartuko duzu parte orain?
Bihar jokatzen da Euskal Kopako azken proba Gorbeian, eta hantxe izango naiz. Etzi, berriz, Gasteizen dago lasterketa bat eta hara joan edo ez pentsatzen nabil. Biharko lasterketak nekatuta utziko nau, baina, Gasteizen etxekoen aurrean korri egitera etortzen saiatuko naiz. Hemendik bi astera taldekako mendi lasterketa txapelketa dago, Zumarragan. Bukatzeko, Elgoibarren egiten duten igoera herrikoi batean parte hartuko dut, Karakateko igoeran. Horrekin bukatutzat emango dut denboraldia.
Datorren urterako zein helburu dituzu?
UTMBera joango naiz, ziur. Ea hurrengo urtean ez duten ibilbidea aldatzen eta benetako proban parte hartzeko aukera dudan. Gero, Europako Mendietan egiten den lasterketa batean parte hartu nahi nuke, eta, beharbada, Andorran egiten duten ultra trail bat ere egingo dut, Ronda del Cims izenekoa.
Erreferentziatzat hartzen duzun korrikalarirenbat ba al duzu?
Kilian Jornet da, agian, erreferente nagusia mendiko lasterketetan. Hala ere, ez zait idolo moduan hartzea gustatzen. Nire benetako erreferenteak taldeko kideak dira, egunero nirekin dabiltzanak, dena ematen.
Zein lasterketa mota gustatzen zaizkizu gehien?
Lasterketa teknikoetan egon ohi naiz hobekien. Aizkorriko lasterketa izan daiteke erreferentzia bat. Jaitsiera teknikoak dauzka, lokatz handiarekin, eta ingurune horretan nahiko ondo moldatzen naiz.
Zein da zure etsairik handiena lasterketetan? Hotza, euria, haizea, eguzkia…
Ez dakit zer esan… eguraldiaren baldintzak baino gehiago, lautadak gorroto ditut. Azkarrago joan behar izaten da eremu horietan eta pultsazioak asko igotzen dira. Hori da nire etsairik handiena.
Zer da lasterka zoazela gehien eskertzen duzuna?
Lasaitasuna. Hiritik urrun dagoen leku batean zaudela jabetzen zarenean, autoen zaratatik urrun… ondo sentitzen naiz. Baso batean egon zaitezke, haizeak zuhaitzetan egiten duen soinua entzun dezakezu; edo ertz batean zaudela, inguruko paisaiari begiratu. Bizirik sentitzen naiz.
Lasterketetan, nekaturik zaudenean, zerk bultzatzen zaitu aurrera jarraitzera?
Ultra trail bat egiten ari naizenean, kalkuluak ateratzen joan ohi naiz. 20 ordu inguruko jarduera izango dela kalkulatzen badut, bost pasa direnean, jada laurden bat egin dudala pentsatzen dut. Denbora aurrera joan ahala gutxiago falta zaidala pentsatzeak motibatzen nau.
Elikadurari dagokionez, asko zaintzen duzu jaten duzuna?
Arau orokor gisa zaintzen saiatzen naiz; baina uste dut lasterka egingo ez banu ere elikadura zainduko nukeela. Hala ere, ez dut oso muturreko jarrera bat. Lagunekin garagardo batzuk edan eta pintxo batzuk jan behar direnean, jaten ditut.
Nola moldatzen zara lana eta entrenamenduak uztartzeko?
Ondo moldatzen naiz. Korrikalariok dugun gauza on bat da egunean ordubete edo ordu eta erdi lasterka eginda nahiko dugula. Ez da txirrindularitzan bezala, saio bakoitzeko hiru edo lau ordu behar dituztela. Telebista ikusi beharrean, lasterka egiten dut; edonork egin dezakeen gauza da.
Zer esango zenieke praktikatzen duzun kirola ulertzen ez duten horiei guztiei?
Azken batean, zaletasun bat da, eta obsesionatzen ez zaren bitartean, ez dago arazorik. Bakoitzak bere gustuko gauzak egiten ditu: ni lasterka egitera joaten naiz mendira; beste asko, berriz, perretxiko bila joaten dira. Gauza bera da.
Mendia. Javier Dominguez. Mendiko lasterkaria
«Ehun Miliak lasterketa berezia da niretzat; asko gozatu nuen»
Kirolak CM Gasteiz taldeko mendi lasterkaria da Javier Dominguez Ledo gasteiztarra. Urte borobila darama: Ehun Miliak lasterketa irabazi zuen, eta UTMBn eta Cavalls del Venten oso emaitza onak lortu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu