Mendia

Errotarik errota, ibilian

Maiatzeko lehenengo igandearekin batera egiten dute Zeanuriko Erroten Ibilaldia, Ipizki eta Joko Alai elkarteek antolatuta. Bizkaiko herriaren bilakaera ezagutzeko modua da igandeko txangoa.

2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Sei burdinola eta hemezortzi errota zeuden Zeanurin (Bizkaia), XVIII. mendearen bukaeran. Beste garai bat zen. XIX. mendearen bigarren zatian, burdinolen beherakadak nekazaritzara bultzatu zituen herritarrak, eta horrek nekazaritzako uzta oparoak ekarri zituen. Laboreak ehotzeko erroten premia eragin zuen laborantzaren pizkundeak, eta burdinola izandakoak errota bilakatu ziren. XX. mendeko garapen teknologikoak pixkanaka ekarri zuen errota horien gainbehera, eta egun ez dago ogibidez errotaria den inor Zeanurin.

Ander Manterolak xehetasunez bildu du errotek eta burdinolek Zeanuriren bilakaeran izan zuten garrantzia, Industrias tradicionales en Zeanuri (Bizkaia). I. Molinos harineros ikerketa lanean. Paperean bildua du Manterolak behinola garrantzia izan zuten eraikinen historia. Iragan hurbila gaurkotzeko eta ezagutarazteko beste bide batzuk ere jarri zituzten Zeanurin, eta Erroten Ibilbidea prestatu zuten herrian. Azken urteetan, ibilbide hori baliatzen dute Ipizki eta Joko Alai elkarteek, maiatzeko lehenengo igandearekin batera, Zeanuriko Erroten Ibilaldia antolatzeko. Hemezortzi errota izandakoetatik gehienak bertan behera utzita daude, baina haietako batzuk berritu egin dituzte azken urteetan. Igandean haietako bi barrutik ezagutzeko modua izango dute ibiltariek: Ibargutxi eta Olabarri. Errotarik errota eta ibilian Zeanuriko iragan hurbilaren berri izateko aukera da.

Bi ibilbide aukeran

Ibilaldian parte hartu nahi dutenek igandean bertan eman dezakete izena, herriko plazan. Ibiltariak 09:00etan abiatuko dira, eta ordu erdi lehenago irekiko dute izena emateko mahaia. Bi ibilbide izango dituzten aukeran: 18 kilometroko luzea, eta haurrentzat egokitu duten 12 kilometroko laburragoa. Ibilbidearen erdialdean jana eta edana banatuko ditu Gastronomia Cantabrica etxeak.

Ibilaldiaren hasieran Ibargutxiko errotan sartzeko aukera izango dute ibiltariek, eta txangoaren azken zatian Olabarrikoan egingo dute sartu-irtena. Azken horretan bakarrik egiten dute lan gaur egun, eta ez modu iraunkorrean. Ibargutxiko errota, berriz, noizean behin jartzen dute martxan. Igandekoa izango da halakorik egiten duten egun gutxi horietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.