Ez da zerrenda osatu duen aurreneko mendizalea, eta ez da azkena izango. Baina Imanol Galarragak (Errenteria, 1951) bukatu berri duen erronka bada mendia ulertzeko eta bizitzeko modu eta garai baten lekuko. Hasi eta berehala Pirinioetara eta Alpeetara jauzi egiteko joera dagoen garaiotan, gertuko mendiei begiratu eta haiek igota herri bat ezagutzeko asmoan osatu baitu bidea Galarragak azken 16 urteetan. Etxetik gertu Aiako Harrian hasitako ibilbidea Zuberoako Beguz eta Argibel mendiak igota bukatu du, hilaren15ean.
Euskal Mendizale Federazioak 1999an prestatutako Euskal Herriko mendien katalogoa hartu du erreferente. «598 gailur direla uste dut, tontor nagusitzat hartzen direnak, behintzat; baina borobiltzeko seiehun direla esaten dut». Gailur kopuruak bainoago, horiek guztiak igotzera eraman duen bideak gogobete du: «Euskal Herria ezagutzeko modua izan dut nik. Ez baita mendi bat igotzea soilik; mapak arakatu, autoa hartu eta abiapuntuetara joan, herriak eta jendeak ezagutu, istorioak bildu, idatzi, gorde...».
Argibel mendira koinatarekin eta haren anaiarekin igo zen. Poza eta oroitzapenak nahasian, eta, xanpain botila eskuan, ospakizuna ere bai. «Jende asko ez da gailurrera igotzen, eskalatzaile ez garenontzat zail xamarra delako Argibel. Guk pasarte errazenetik igo genuen, eta metroz metro igo ginen tontorrera. Argibel zergatik utzi nuen bukaerarako galdetzen zidaten», oroitu du Galarragak. Horixe zuen katalogoko azkena, duela 16 urte abiatu zuen ibilbidearen azken urratsa: «Neure buruari jarritako erronka edo muga bat gainditu izana sentitu nuen. Jarraituko dut orain ere mendira joaten, baina ibilbide baten bukaera izan zen».
Modu asko baitago lurralde bat ezagutzeko, herri bati begiratzeko, eta Euskal Herria tontorrik tontor ezagutzea aukeratu du Galarragak. Iparraldetik hegoaldera, mendebaldetik ekialdera... gailurretatik begiratu dio Euskal Herriari. Eta txundituta utzi du hain lurralde txikiak biltzen duen aniztasunak. «Aralar eta Aizkorri ezagutzen nituen, eta gainerako mendiak antzekoak izango zirela pentsatzen nuen. Baina Valderejok, Toloño mendilerroak edo Pirinioek zerikusi gutxi dute haien artean», nabarmendu du Galarragak.
Arabarekin txundituta
Zazpigarren alaba kantatzen zion Gorka Knörrek Arabari, eta harexek harritu du, batez ere. «Sekulako aniztasuna dauka. Nafarroa aipatzen dugu askotan, iparraldearen eta hegoaldearen artean dagoen desberdintasuna, baina Araban ere, herrialde txikiagoa izan arren, aldaketa hori agerikoa da. Herrialde askotarikoa eta aberatsa dela ikusi dut».
Halako erronka baten abiapuntua jartzea ez da erraza. Galarragak mendi asko zituen igoak, «baina ia beti berdinetara joaten nintzen: Adarra, Aiako Harria, Jaizkibel… Azkenerako aspertu egin nintzen, ehun mendien zerrenda bat bazela jakin nuen arte». Zerrenda hura eskuratu eta bertan agertzen ziren tontorretara igo arteko bakerik ez zuen hartu. Behin hori osatuta, «zergatik ez beste ehun mendi nik neronek aukeratu eta igo?». Halaxe joan zen liburuetatik aukeraketa egin eta mendiak igotzen, harik eta Euskal Mendizale Federazioak osatutako katalogoarekin topo egin zuen arte.
Ehun mendien araudiak urtean zerrendako hogei mendi igotzea ahalbidetzen du eta bost urtean osatu zuen Galarragak ehuneko zerrenda. Beste ehun mendi igotzeko beste bost urte baliatu zituen, baina irizpideak aldatzea erabaki zuen ondoren. «Zailtasunaren eta kokapenaren arabera, irteera bakoitzean bi mendi edo gehiago igotzen hasi nintzen, Ordunten bost esaterako». Eta gehienetan bakarrik joanda, hamar irteeratatik zortzitan bai behintzat: «Arriskutsuak izan zitezkeenetara joan naiz konpainian, eskalada pauso bat dutenetara, adibidez».
Etxean mapak eta liburuak arakatu, ibilbideak prestatu, inguruko herrietan zer ezagut zezakeen ikusi. Gozatu egin du, nola mendian hala irteerak prestatzen. «Euskal Herria ezagutzeko tresna izan dut erronka. Hasieran liburu eta plano zaharrak baliatzen nituen; azkenerako, aldiz, Internet izan dut iturri nagusia, blogetan, Google Earth eta halako atariak gainbegiratuz», dio mendizaleak.
Hamasei urteko ibilbideak zer eman dion galdeginda, zalantzarik gabe erantzun du. «Euskal Herria ezagutu nahian hasi nintzen. Gipuzkoarra naiz, Errenterian jaio eta Hondarribian bizi naiz, eta inguruko herri eta parajeak ezagutzen nituen, baina Zuberoaz edo Arabaz hitz egin eta arrotzak zitzaizkidan bazter asko. Mendiak igotzea aitzakia izan dut inguruko herrietako ohitura, festa eta pasadizoak ezagutzeko. Batzuetan pena sentitu dut, bertako herritarrekin nahi baino denbora gutxiago pasatu dudalako».
Bizipen, istorio eta irteera bakoitzeko datu eta argibideak bilduak ditu ordenagailuan. Eta urteen joan-etorrian bitxikeria asko gertatu zaizkio. Badu bat bereziki gogoan. «Azpeiti aldera joan nintzen, Txarabeltz mendira. Zerrendako mendia da, garaiera aldetik xumea, eta arratsalde batean lanetik irten ondoren igoko nuela erabaki nuen. Oinez hasi eta ordu batean tontorrean nintzen, baina jaitsieran bidea ez nuen behar bezala hartu eta sasi artean zulo batean bukatu nuen. Saiatu nintzen atzera egiten, baina ez nuen asmatzen. Oihuka hasi nintzen eta baserritar batek entzun eta esan zidan gora igotzeko ostera; saiatzen nintzen, baina berriro itzultzen nintzen zulogune hartara». Azkenerako gaua iritsita atera zen nola edo ahala zulotik. Handik bi astera itzuli zen baserritarrari eskerrak eman eta ardo botila batzuk oparitzera. «Mendiak bereganatu egin nahi ninduela sentitu nuen, eta mendiarekiko errespetu falta erakutsi nuela ulertu nuen. Gehiegi prestatu gabe ziztu batean igoko nuela pentsatu nuen eta gertaera hartatik atera nuen ikasgairik: mendi irteera guztiak behar bezala prestatu eta aurreikusi behar dira», oroitu du gertaera Galarragak.
Belaunaldi gazteak ez ditu halako mendietan ikusi, eta mendira joateko modua asko aldatu dela uste du. Galarragak amua jarri nahi die mendizaleei: «Norberaren intentzioaren araberakoa da. Mendia kirol jardueratzat hartzen duenarentzat mendi zailenak eta altuenak izango dira erakargarri. Baina mendia beste patxada batekin hartu nahi duenarentzat edo herrialde bat ezagutzeko tresnatzat duenarentzat erronka oso erakargarria dela iruditzen zait».
Mendia. Euskal Herriko mendiak
Euskal Herriari begiratua, tontorretatik
Euskal Herriko mendien katalogoa ia seiehun mendik osatzen dute. Imanol Galarragak Argibel mendian bukatu du duela hamasei urte Aiako Harrian abiatutako ibilbidea. «Euskal Herria ezagutzeko bidea izan dut», egin du gogoeta mendizaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu