Bihar jokatuko da euskal kopako azken mendi lasterketa, Zeanurin. Gorbeia Suzien taldeak eta Joko Alai kirol elkarteak antolatu dute lasterketa, Zeanuriko Udalaren laguntzaz. Gorbeian gora erabakiko da nortzuk izango diren kopako txapeldunak.
Izena emateko epea amaitu da, jada, eta gorenean dauden korrikalariek parte hartuko dute: esaterako, Oihana Kortazar, Raul Garcia, Agusti Roc, Ionut Zinca, Miguel Caballero eta David Lopez. Aitziber Ibarbia eta Hassan Ait Xauk euskal kopan duten lidergoa defendatu beharko dute azken lasterketan.
Ibilbideak 28 kilometroko luzera eta 1.750 metroko desnibel positiboa izango du. 21 urtetik gorako korrikalari guztiek parte hartu beharko dute ibilbide horretan. Zazpi anoa postu egongo dira ibilbideko hainbat tokitan banaturik, lasterkariak indarberritu daitezen. Gorbeiaren ikuspuntu desberdin bat emateko helburuarekin, antzinako bideak garbitu eta lehengoratu dituzte antolatzaileek. 30 herritar inguruk egin dute aurretik ibilbidea, eta oso pozik geratu dira egindako lanarekin.
Kadete eta juniorrentzako beste ibilbide laburrago bat antolatu dute. Ez da Gorbeiako gailurrera iristen, baina, ibilbide luzearekinelkartzen da hainbat lekutan. 16,8 kilometroko luzera izango du eta 455 metroko desnibel positiboa; horrela, Euskal Mendizale Federazioaren araudia betez.
Asteburu osorako programa
Gainera, lasterketan parte hartzera ausartzen ez direnek ere izango dute jardunaldiaz nola gozatu. Lasterketako ibilbidetik pasatzen den martxa bat antolatu dute; horrela, ospe handiko lasterkariak albotik korrika pasatzen ikusteko aukera egongo da. Martxan parte hartzeko bihar bertan eman daiteke izena, eta kamiseta eta bazkaria izango dute.
Lasterketaz gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte astebururako gaurtik hasita. 20:00etan, antolatzaileek ibilbidearen inguruko azalpenak emango dituzte; ondoren, Alex Txikonek bere espedizio baten inguruko dokumentala aurkeztuko du: Next Time Inshallah.
Bihar, lasterketan edo martxan parte hartzen ez dutenek rokodromoan ibili eta slackline egiteko aukera izango dute. Slackline txiki batez gain, erreka zeharkatzen duen luzeago bat ere izango da trebeenentzat. Umeentzako puzgarriak ere izango dira. Arratsaldean, sari banaketa egin ostean, Bizkaiko Trontza Txapelketaren finala jokatuko da frontoian. Gauean, kontzertu eta erromeria ere izango dira.
Igandean, berriz, Emakumea eta Kirola gaia jorratuko duen mahai ingurua egingo da. Maider Unda borrokalaria, Oihana Kortazar mendi lasterkaria, Irati Anda eskalatzailea eta Naia Alzola triatleta izango dira gonbidatu nagusiak.
Mendia
Euskal Kopako azken proba
Mendiko lasterketen kopako azkena jokatuko da bihar, Zeanurin. Eliteko korrikalariek hartuko dute parte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu