Neguan igo gabe jarraituko du Nanga Parbat mendiak (8.125). Simone Morok eta Denis Urubkok bukatutzat eman dute espedizioa, egun batzuk lehenago Tomasz Mackiewicz, Marek Klonowski eta Lukasz Biernacki poloniarrek egin bezala. Mendiaren baldintzak arriskutsuak direlako erabaki dute etxera itzultzea. Zentzuz jokatu dute. «Dagoen horretan ezinezkoa da mendia igotzea, eta iragarri dituzten elurteekin are eta arriskutsuagoa egongo da datozen egunetan. Errusiar erruleta da Nanga Parbat, eta Denis eta biok ez gara hiltzera etorri. Hori ez da alpinismoa. Talde indartsua osatzen dugu, baina gizakiak gara, ez Lurretik kanpokoak», azaldu du Simone Morok erabakiaren zergatia.
Altuerara Nanga Parbaten bertan egokitu ondoren, eguraldi oneko tarte bat iritsi zain ziren bi mendizaleak, tontorrera igotzeko saio bat egiteko. Halakorik ez da iritsi, eta hurrengo bi asteetarako eguraldi iragarpenak are eta okerragoak dira Nanga Parbaten: elurte handiak, elur-jausi arriskua eta haize indartsuak. «Karl Gable eguraldi gizonak ez du hutsik egiten [iragarpena bidaltzen die Innsbrucketik, egunero]. Aurrez bizitza salbatu digute haren iragarpenek, eta orain ere jaramon egin diogu». Beheko kanpalekuan metrotik gorako elur geruza pilatu da azken egunetan, eta lanak izan dituzte handik irteteko. Pakistango hiriburu Islamabadera bidean ziren atzo.
Abenduaren 26an abiatu ziren Karakorumera Moro eta Urubko, eta urtarrilaren 3an iritsi ziren mendiaren beheko kanpalekura, 4.200 metrora. Beheko kanpalekutik tontorrera dagoen desnibel handia da, hain zuzen, Nanga Parbaten bereizgarrietako bat —beheko kanpaleku gehienak bost mila metrora jartzen dira—. Ia bi hilabetean 2.400 metro jan dizkiote mendiari, eta 6.600 metrora hirugarren kanpalekua jartzera iritsi ziren, urtarrilaren 27an. Ordutik beheko kanpalekuetako dendetatik atera gabe egon dira, elurra etenik gabe egin baitu. «Ezin dugu porrot gisan ulertu; esperientzia eta bizipen indartsuak izan ditugulako. Negua zer den badakigu, eta gailurrera igo gabe itzultzeko aukerak handiak zirela bagenekien. Ez da kasualitatea oraindik neguan Nanga Parbat igo ez izana. Ez dakit hurrengo urtean edo bi urte barru izango den, baina Nanga Parbatera itzuliko gara», jakinarazi dute Morok eta Urubkok.
G-I aukera bakarra
Nanga Parbat eta K2 mendiek neguan igotzeke jarraituko dute, beraz —Gasherbrum I eta Broad Peak ere falta dira—. K2ra joandako Errusiako espedizioa iraganastean jarri zen etxerako bidean, Vitaly Gorelik taldekidearen heriotzak kolpatuta. Gertaera latz horrek ere arrastoa utzi die Morori eta Urubkori; azken horren adiskidea baitzen Gorelik.
Karakorumeko neguan G-I mendira joandako bi espedizioak geratzen dira. Alex Txikonek eta haren taldekideek dituzten tontorreko aukerekin baikorra da Moro: «Hilabete pasatxo falta da negua bukatzeko. Denbora dute, eta denbora nahikoa edukitzea da neguko giltza nagusia. Igo daitezkeela uste dut». Iazko neguan igo zuten, hain zuzen, Morok, Urubkok eta Cory Richardsek Karakorumen neguan igotako zortzimilako bakarra: G-II (8.035).
Mendia
«Ez gara hiltzera etorri»
Morok eta Urubkok bukatutzat eman dute Nanga Parbateko espedizioa, baldintza arriskutsuak tarteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu