Hitz-jario biziari eusten dio Gorka Karapetok (Azpeitia, 1981). Sasoiari ere bai. Egurra! esapidea darabil eskaladarako erreferente, eta bide horretan ari da. Begi puntuan 9a mailakoa eskalatu du berriki, Etxaurin. Ibilian zailtasun horretako hirugarren bidea du. Aurrez Sistematik ihes eskalatu zuen, Aizpunen, 2008ko urrian, eta Esclatamasters hurrena, Perlesen (Herrialde Katalanak), iazko urtarrilean. Haitzetan dantzan jarraitzen du Karapetok, eta izen hori bera jarri dio blogari ere. Azken dantza izan du Begi puntuan.
Katalunian urte batez bizi ondoren, Azpeitira itzuli zara. Egokitu al zara?
Badira hilabete batzuk herrira itzuli nintzela, eta behar bezala egokituta nago. Komertzial lana eta eskalada uztartzen ari naiz, eta, eskaladari dagokionez, egurra ematen saiatzen naiz; batzuetan gehiago eta bestetan gutxiago, baina eskalatzeari utzi gabe betiere. Beti ezin da goi mailan egon, eta gorputzari egin behar zaio kasu. Gorputzak esaten dio norberari noiz dagoen sasoian eta erronka gogorretarako prest eta noiz ez dagoen halakoetarako.
Sasoian zaudela erakutsi duzu Etxaurin Begi puntuan bidea kateatuta. Zer garrantzi du orain 9a mailako bide bat eskalatzeak?
Nik neuk proposatutako helburu bat lortzeari ematen diot garrantzia. Eskaladan eta bizitzan garrantzitsua da nork bere helburuak jarri eta horiek lortzen saiatzea, ekitea eta bidea egitea. Nire buruari proposatutako helburu bat lortu dut, eta hori da garrantzitsuena. Oraindik ere eskaladarekin gozatzen dudala eta goi mailan nabilela ikusteko modua ere izan dut.
Aspaldian al zenuen Begi puntuan miran?
Jakin banekien bidea hor zegoela eta egunen batean probatuko nuela. Lehenengo aldiz 2010eko neguan probatu nuen, Gabonetako oporraldian Kataluniatik etxera etorri nintzenean. Kateatzeko modua ikusi nuen, baina Kataluniara itzuli eta hantxe geratu zen aukera. Iazko udan itzuli nintzen Azpeitira, baina ez zen unea. Aurtengo neguan, eguraldia hoztu zuenean erabaki nuen berriro probatzea, eta apirilaren 11n kateatu nuen.
Ahalegin asko egin al dituzu?
Zenbat izan diren ez dut zenbatu, baina hiru garai desberdinetan ekin diot eskalatzeari eta iraunkortasunik ez dut izan. Iraunkortasun batekin ez eskalatzeak amore ez ematera behartu nau, eta nahikoa dedikazio eskatu dit.
Uda eta negua aipatu dituzu. Begi puntuan eskalatu ahal izateko, zeintzuk dira baldintza egokienak?
Helduleku txikiko bidea da, eta garrantzitsuena hezetasunik gabeko egunetan saiatzea da. Mugimendu batek eman dit buruhausterik handiena, eta urrats hori nola gainditu izan dut lanik zailena. Gainerakoan nahikoa ongi moldatu naiz bidera, baina helduleku hura txikia zen, eta hezetasunak baldintzatu egiten zidan gainditzea, irrist egiten zidatelako eskuek. Eguraldi freskoa eta hotza beroa baino aproposagoak dira; baina, batez ere, hezetasunik eza. Tenperaturak jaitsi egin zirela baliatuta joan nintzen, Aste Santua pasatuta, eta egun fresko batean eskalatu nuen.
Ekaitz Maiz da bidearen sortzailea, eta Patxi Usobiagak, Iker Pouk, Iban Larrionek eta Maizek berak eskalatu duteaurretik. Bosgarrena izan zara zu. Zer du erakargarritik?
Probatzen duen eskalatzaile orok esaten du Begi puntuan kalitatezko bidea dela. Mugimendu naturalak ditu eta hormako eskalada da; alde horretatik, ez du inolako misteriorik. Bete-beteko bidea da, ezaugarri anitzekoa; indarra behar da, horman ongi kokatzen eta mugitzen jakin, hankak egoki erabiltzen... eskalatu egin behar da. Muturreko bideen artean klasiko bihur daiteke. Euskal Herriko bost eskalatzailek kateatu dugu, eta zailtasun horretan errepikapen gehien duen bidea da.
Maizek irekitako beste 9a bat ere eskalatu zenuen: Sistematik ihes, Aizpunen. Zer dute Maizen bideek?
Gustuko bideak ditut Ekaitzenak, eta, lagunak garenez, bideei buruzko informazioa trukatzeko modua izaten dugu. Ekaitzek lan bikaina egiten du bideak ekipatzen, eta hainbeste ekipatu eta prestatu ditu, zailtasuneko bideetako asko ere hark irekitakoak dira.
Sistematik ihes, Esclatamasters eta Begi puntuan. 9a mailako trilogia osatu duzu. Zer dute bereizgarri hiru eskaladek?
Bide desberdinak dira. Sistematik ihes-ek eta Begi puntuan-ek ez dute zerikusirik beren artean.Sistematik ihes sabai bat da, oso mugimendu fisikoak ditu eta gorputza eta besoak dira eskaladaren oinarria; hankak dantzan izaten dira, neurri batean. Begi puntuan, berriz, eskalada teknikoagoa da, helduleku txikiak dituena. Esclatamasters bi horien uztarketa izan daiteke: desplomatua da zati batean eta bertikala bestean; bi eskalada estilo horietako ezaugarriak ditu.
Eskalatzaile osoa zarela adierazten du horrek.
Eskaladatik horrek motibatzen nau: eremu desberdinetan eta estilo guztietan eskalatzeak. Hiru bideak bizitzako une banatan eskalatu ditut, eta haietako bakoitzak eman dizkit bizipen bereziak. Akaso Begi puntuan dut orain buruan, azkena izan delako eta beste bi bideetan izan nuen iraunkortasuna ez edukitzeak ahalegin berezi bat eskatu didalako.
Aurrera begira zer daukazu begiz jota?
Helburuak baditut. Baltzolan ari nintzen eskalatzen Etxaurira joan aurretik. Bide zailak kateatzen jarraitzea eta eskaladaz gozatzea da nire asmoa; azken hori lortzen badut, emaitzak iritsiko dira. Akaso, Il Domani izango da hurrengoa [Baltzolan dago, eta 9a zailtasuna du].
Harkaitzean etenik gabe ari zara. Txapelketak baztertuta al dauzkazu?
Ez dakit etorkizunean zer egingo dudan. Boulder irekiren batera edo eskalada probaren batera gonbidatzen banaute, akaso aurkeztuko naiz. Dudan gogoaren arabera jokatuko dut, gogoz kontra aritzea ez delako pertsonarentzat onuragarria. Aterik ez diot itxiko txapelketari, baina garbi dut Euskal Herrikoan ez dudala gehiago parte hartuko; bost aldiz irabazi dut, eta nire bidea egin dudala sentitzen dut. Belaunaldi gazteek lekukoa hartu behar dute.
Mendia. Gorka Karapeto. Eskalatzailea
«Helburu bat jarri eta betetzea garrantzitsua da, bizitzan nahiz eskaladan»
'Begi puntuan' bidea aspaldi jarri zuen miran, eta berriki kateatu du. Etxaurikoa 9a mailako hirugarren bidea du Gorka Karapetok, eta ageriko utzi du sasoiari eta motibazioari eusten diela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu