Mendia

Helburua, gertuago

Onik iritsi da Juanito Oiarzabal Manasluko beheko kanpalekura, jaitsieran gorriak pasatu dituen arren

Juanito Oiarzabal, mendian gora. BERRIA.
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Asteazkenean Manaslu mendia (8.156) igo eta atzo jaitsi ziren beheko kanpalekura Juanito Oiarzabal, Silvio Mondinelli eta mendian gora abiatu ziren beste espedizioetako mendizaleak. Onik iritsi ziren guztiak, nahiz eta jaitsieran Oiarzabalek arazoak izan zituen. Azken urteetan ohikoak izaten ari dira Oiarzabalen estualdiak, eta tontorretik bigarren kanpalekurako tartean gorriak pasatu zituen mendizaleak. Arnasa hartzeko zailtasunekin, eskuineko begian ikusmena galduta eta gidari batek lagunduta iritsi zen 7.400 metrora jarria zuten dendara. Oxigenoa baliatu eta jarraitu ahal izan zuen beherako bidea, gaua 6.700 metrora jarria zuten dendan pasatzeko. Atzo goizean osatu zuten beheko kanpalekura bitarteko zatia.

Manaslurekin hamalau zortzimilakoak bigarren aldiz igotzeko helburua gertuago du orain gasteiztarrak. 26 aldiz zapaldu du zortzimila metrotik gorako mendi bat Oiarzabalek, baina lau falta zaizkio hamalauak berriro igo eta hogeita zortziko zerrenda osatzeko: Dhaulagiri (8.172), Nanga Parbat (8.127), Broad Peak (8.047) eta Shisha Pangma (8.023). Oraindik ez du jakinarazi nora joango den hurrena, baina lau mendi horiek igo arteko bakerik ez du hartuko. Kalitatea eta kantitatea ez dira gauza bera, baina azken aldagai hori aintzat hartuta, beste inork baino zortzimilako gehiago igo ditu Oiarzabalek.

Astebururako Gasteizen

Mendizaleak berak onartu zuen atzo adinean gora egin ahala gehiago kostatzen ari zaiola mendiak igotzea. «Lehenengo zortzimilakoa igo nuenean bezainbesteko poza hartu dut. Onartzen dut geroz eta gehiago kostatzen zaidala mendiak igotzea, baina neurri berean satisfazioa ere handiagoa izaten dut». Manasluko tontorra Antxon Arza adiskideari eta haren senideei eskaini zien Oiarzabalek, bizikleta istripuan hildako Adi semea gogoan.

Ongi bidean, beheko kanpalekua gaur utziko du mendizaleak, eta astebururako edo hurrengo astearen hasierarako Gasteizen izatea espero du. Atseden tarte bat hartu eta hurrengo espedizioa prestatzeari ekingo dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.