Hilda aurkitu dituzte asteartean Pirinioetan galdutako bi mendizaleak

Aumañendi inguruan topatu dituzte bilaketa taldeek; helikopteroz atera behar izan dituzte gorpuak

ainara arratibel gascon
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Hilda aurkitu zituzten atzo eguerdian Pirinioetan asteartetik galduta zeuden bi mendizale bizkaitarrak. Auñamendi (Biarno, Frantzia)inguruan aurkitu zituzten gorpuak. Hasiera batean amilduta hil zirela zabaldu bazen ere, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, bikoteak ez zuen istripu arrastorik.

Jon Alvarezek 40 urte zituen, eta Naiara Larrinagak, 37. Opor egun batzuk igarotzen ari ziren Pirinioetan. Asteartean Auñamendira igotzeko asmoz irten ziren ostatu hartu zuten nekazaritza etxetik. Asteartean ekaitza eta behe lainoa izan ziren egun osoan inguru hartan, eta eguraldi txarrak harrapatuko zituela ohartarazi dute hainbatek. Asteazkenean, itzultzen ez zirela ikusita, ostatuko jabeak senideekin jarri ziren harremanetan, eta haiek SOS Nafarroari deitu zioten.

Guardia Zibilak eta Jendarmeriak berehala hasi zituzten bilaketa lanak. Herenegun, bikotearen autoa aurkitu zuten Ernazeko muineko aparkalekuan. Han utzi ohi dute autoa Auñamendi igotzera doazen mendizaleek.

Hortik aurrera ezin izan zuten bilaketa lanekin jarraitu, behe lainoaren ondorioz. Dena den, erreskate taldeko hainbat kidek gau osoa eman zuten inguruan,badaezpada.

Eguraldiak hobera egin zuenez, atzo goizean lau helikopterok —bi Nafarroako Gobernuarenak eta Jendarmeniaren eta Guardia Zibilaren bana— inguruan miatu ahal izan zuten. Izabako nahiz Nabaskozeko suhiltzaileek, foruzainek eta Gurutze Gorriko nahiz DYAko boluntarioek ere hartu zuten parte mendizaleen bilaketan.

Banderak, masta erdian

Eguerdian jendarmeen hegazkinak bi gorpu ikuskatu zituen Auñamendi inguruan. Hara joan, eta bi mendizaleak hilda zeudela baieztatu ahal izan zuten. Hasiera batean amilduta hil zirela pentsatu zuten erreskate taldekoek, baina ikusi zuten ez zutela horren arrastorik. Bi helikopteroren laguntzaz atera behar zituzten gorpuak, eta Nafarroako Medikuntza Institutura eraman zituzten autopsia egin ahal izateko.

Portugaletekoa zen bikotea, eta hango udalak masta erdian jarri ditu asteburu osoan udaletxeko banderak. Mikel Torres alkateak elkartasuna azaldu die hildakoen senideei. «Oso gertaera triste eta lazgarria da jazotakoa, eta hildakoen senide nahiz lagunei babes osoa azaldu nahi diegu une gogor hauetan. Behar dutenerako prest egongo da udala».

Aste honetan bertan beste mendizale bat zendu da Holtzarten (Zuberoa), pasabidean erorikoa izan eta gero. Asteartean izan zen ezbeharra. Gorpua oso leku zailean zegoen, eta helikoptero baten laguntza behar izan zuten ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.