Distantzia luzeak gustuko dituztenek bete-beteko urtea dute 2012a. Gasteizko Manuel Iradier elkarteak bi urtean behin antolatzen duen Hiru Handiak zeharkaldia ekainaren 2an jokatuko da —Gorbeia, Anboto eta Aizkorri zeharkatzen ditu ibilbideak— eta, olinpiar urtea izanik, Tolosako 14 Orduak zeharkaldia maiatzaren 27an. Tradizio luzea duten bi zeharkaldi horiei azken bi urteetan indar hartu duen Ehun Miliak ultra traila gehitu behar zaie; uztailaren 13,14 eta 15erako antolatu dituzte Ehun Miliaketa Goierriko 2 Handiak. Izaera eta ezaugarri desberdinetako erronkak aukeran dituzte ibiltariek.
Urtarrilaren 1arekin batera ireki zuten Hiru Handiak zeharkaldian izena emateko epea, eta 10 orduren buruan itxi behar izan zuten. Beste behin ere, harrigarria. Ireki eta ziztu batean agortu ziren Manuel Iradier elkarteak jarritako 1.300 zenbakiak. Gehienez 1.500 ibiltarik parte har dezakete, eta falta diren 200 zenbakiak itxaron zerrendan izena eman dutenen artean eta iraupen luzeko probetan eskarmentua dutenen artean banatuko dituzte —asteartetik aurrera irekiko dieteazken horiei izena emateko aukera, www.herrikrossa.com atarian—.
Aurten ere mendebaldetik ekialderako norantzan antolatu dute zeharkaldia. Zigoitiko Ondategi auzotik (Araba) irtengo dira ibiltariak, eta Araian bukatuko dute (Araba). Ibilbidean Gorbeia, Anboto eta Aizkorri igoko dituzte. Zenbaki dantzak zalantzarako tarterik ez du uzten: 100 kilometro eta ia 10.000 metroko desnibel metatua.
14 Orduak, Ehun Miliak...
Urte olinpiarra izaki, Tolosako Aralarko Adiskideak elkartea hasi da 14 Orduak zeharkaldi ezagun eta jendetsua antolatzen. Data jarri dute: maiatzaren 27a. Ibilbidean aldaketarik ez dela izango ere aurreratu dute antolatzaileek, eta berrikuntza izena emateko moduan izango da; Internet bidez emateko aukera jarriko dute. Duela lau urte hirumila ibiltari pasak parte hartu zuten ibilaldian, eta aurten ere antzeko kopurua aurreikusi dute antolatzaileek.
Beasaingo Arrastaka elkarteak ere aurreratu du hirugarren urtez Ehun Miliak eta Bi Handiak iraupen luzeko trailak antolatzeko asmoa. Uztailaren 13, 14 eta 15eko asteburuan jokatuko dira, eta dagoeneko ireki dute izena emateko epea. Argibideak nahi dituztenek www.ehunmilak.com atarian dituzte xehetasunak.
Mendia
Hiru Handiak, ibiltariz gainezka
Izen ematea ireki eta hamar orduan amaitu dira Manuel Iradier elkarteak jarritako 1.300 zenbakiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu