Euskal Herriko mendi enblematikoenetako hiru lotzen ditu Gasteizko Manuel Iradier elkarteak bi urtero antolatzen duen zeharkaldiak: Gorbeia, Anboto eta Aizkorri. Hiru Handiak iraupen luzeko ibilaldian bat egiten dute izenak eta izanak. Erronka handia da proba, erronka gogor bezain erakargarria. Hemezortzigarren aldiz antolatu dute aurten, eta ibiltariak gauerdian abiatuko dira Ondategitik (Araba) Araiara iristeko helburuarekin. Probaren zenbaki dantzak inor gutxi utziko du hotz: zeharkaldiak, 100 kilometro luze, eta 10.000 metroko desnibela du, eta 24 orduko epea dute ibiltariek bukatzeko.
Iazko ibilbideari eutsi diote antolatzaileek, eta hiru mendiak mendebaldetik ekialderako noranzkoan lotuko dituzte: Gorbeia aurrena, Anboto ondoren, Aizkorri azkena. Gauerdian Ondategitik Gorbeiara bidean jarriko dira mendizaleak, eta tontorretik ilunpean pasatuko dira. Kopetako argia lagun jaitsiko dira Otxandiora. Han izango dute lehenengo anoa gunea.
Indarrak berritzea komeni, Anbotorako bideari ekiteko. Urkiolako santutegitik pasata igoko dira Anbotora, eta handik Orixol zeharkatu eta jaitsiko dira Landara. Bigarren anoa gunea izango dute Landan. Aumategitik Urbiarako bidea hartu eta Aizkorrira igoko dira. Araiara iristen direnek ez dute meritu makala. Ibilbidean bi anoa gune nagusietan jarriko dute jatekoa: Otxandion eta Landan. Edariak banatzeko guneak gehiago izango dira, baina antolatzaileek edatekoa gainean eramateko aholkua helarazi diete mendizaleei.
Kantitatea eta kalitatea
Aurtengo ekitaldirako goia jo du parte hartzaile kopuruak: 1.560 mendizalek dute dortsala. Kantitatean ez ezik, kalitatean ere urrats handia egin dutela diote antolatzaileek. Hiru Handiak zeharkaldian mugarriak jarri dituen Jose Luis Albizuri azkoitiarraz gain, duela bi urte azkarrenak izan ziren Pedro Etxeberriak eta Oier Ibarbiak parte hartuko dute. Haiekin batera, baita iraupen luzeko trailetan izen eta sona handia duten Iker Karrerak eta Zigor Iturrietak ere. Hainbeste oilar tartean egonda, aurrenekoa 11 ordutik jaits daitekeela uste dute antolatzaileek.
Zenbaki dantzak utzi du beste datu interesgarririk: emakume kopuruaren gorakada. Ehundik gora abiatuko dira gauerdian Ondategitik, 2010eko ekitaldiaren bikoitza. Tartean dira Nerea Amilibia etaOihana Azkorbebeitia. Azken hori izan zen azkarrena duela bi urteko proban.
Ezinezkoaren mugan
Hiru Handien eguna biharkoa bada ere, prestaketa aspaldian hasia dute mendizaleek. Izena ematea izaten da egin beharreko lehenengo urratsa. Urtarrilaren 1ean zabaldu zuten epea, eta ordu gutxiren buruan bete zen mila eta bostehuneko zerrenda. «Jende asko geratu da kanpoan, baina muga batzuk jartzea ezinbestekoa da», diote antolatzaileek.
Hiru Handien jatorria bilatzeko, 1940ko urteetara jo behar da. Gasteizko Alaves Elkarteko Arturo Etxabe, Felipe Pascual, Jose Maria Collel, Manu Yanke eta Manu Hernandez ibiltariak 1948ko martxoaren 25eko gauerdian abiatu ziren Zaratetik. Gorbeia, Anboto eta Aizkorri 24 orduan igotzea posible zela frogatu nahi zuten. Ezinezkoa zela eta egingarria zela ziotenen arteko eztabaidarekin bukatu nahi zuten.
Gorbeia urratsez urrats ezagutzen zuten, eta duda-mudarik gabe iritsi ziren gurutze handira, 02:15ean. Barazarrera jaitsi eta handik Urkiolara, Anbotoko igoerari ekiteko. Mari Damaren gotorlekua 09:30ean gainditu zuten. Urbiara bitarteko zeharkaldia kosta egin zitzaien: arratsaldeko zortziak jota heldu ziren Arantzazura. Aizkorriko igoera zuten aurretik. Metroz metro, urratsez urrats heldu ziren bost lagunak puntara, eta 23:15ean Arantzazura. 24 orduz jarraian ibil zitekeela frogatu zuten. Bihar horixe izango dute askok erronka.
Mendia. Hiru Handiak zeharkaldia
Hiru Handien erronka handia
Aizkorri, Anboto eta Gorbeia lotzen dituen ibilaldia gauerdian abiatuko da, Ondategitik. 1.500 mendizalek parte hartuko dute100 kilometro egiteko eta 10.000 metroko desnibela gainditzeko, 24 orduko epea dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu