Itoitz Armendariz. Lera gidaria

«Jende askok esaten dit erotuta nagoela, baina zaletasun bat da niretzat»

Ez da erraza Euskal Herrian lera gidaria izatea. Bertan elur gutxi, eta ordu asko errepidean, elur bila. Horrez gain, irabazirik ez, eta gastua besterik ez. Hala ere, Munduko Txapelketa lortu du Armendarizek.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Arrasate
2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Itoitz Armendarizek (Eskoriatza, 1979) Munduko Txapelketa irabazi zuen otsailaren 22an, MD-6 mailan (distantzia ertaina eta sei txakurreko lera), Bernaun (Alemania). Rudolf Chlad txekiarra izan zen bigarren, eta Karl Habermann alemaniarra hirugarren. Irati, Ipar, Oker, Frida, Reggae, Sami, Elsa eta Sorgin izan ziren Armendarizen bidelagun hiru egunetan.

Munduko Txapelketa irabazi arren, asteburu honetan ezin izan du garaipena lortu Euskal Herrikoan. Tirabira bat izan zuen epaileekin, eta kanporatu egin zuten azkenean.

Zer dira lera lasterketak?

Gaur egun onartuta dagoen kirol bat da. XX. mendean hasi zen,1920an, Alaskan. Herri bat bakartuta geratu zen elurte batengatik, eta difteria sortu zen han. Herrietara ezin izaten zuten autoan edo hegazkinean iritsi. Gaixotasuna sendatzeko tratamendua txakur lerekin garraiatzen hasi ziren. Hortik aurrera abiatu zituzten lehiaketak edo distantzia luzeak denbora mugatu batean egiteko ahaleginak. Apustuak-eta egiten hasi ziren, ea nork zuen txakurrik azkarrena, nork egiten zuen denborarik onena… Lera lasterketak Alaskan eta Siberian hasi ziren. Euskal Herrian, 1990eko hamarkadan.

Nola hasi zinen honetan? Nondik datorkizu zaletasuna?

15-16 urteko edozein gaztetxok bezala, etxean kalaka eman, eta gero txakur bat ekarri zidaten.Lehen txakurra husky siberiar bat izan zen, eta gero beste bat… Geroago egin nuen lehen lasterketa lur gainean, bikejoring modalitatean —bizikletan, bi txakurrek tirata—. Zaletasuna, berriz, lehen txakurra saldu zidanak sartu zidan. Hura lehiatzen zen ordurako, eta lasterketa batera joatera gonbidatu ninduen. Gurasoek zera pentsatu zuten: «Baina nora hoa?». Handik aurrera, gurasoekin joaten hasi nintzen.

Nola eta non erosi zenituen zure lehen txakurrak?

Lukura [Araba] bizitzera joan nintzenean, lasterketetan serio lehiatzea erabaki nuen. Horretarako, arreta jartzen hasi nintzen genetika ona zuten txakurretan: Pirena irabazitakoak, lasterketa garrantzitsuak irabazten zituzten txakurrak…

Duela bederatzi urte, munduko txapelketa irabazi zuen alemaniar baten etxera joan nintzen, bi txakurkume erostera. Hilabete eta erdiko bi txakur erosi nizkion, eta, handik aurrera, nire taldea osatu nuen. Ondoren, Norvegian beste txakur bat erosi nuen, eta berriro Alemaniara joan nintzen txakur ar batekin uztartzera. Bi horiek kenduta, gainerako guztiak etxean jaiotakoak dira. Guztira, hamar urteko lana izan da.

Gure txakurren pedigria lasterketen emaitzak ematen dute. Munduko lau txapelketa irabazitako txakurrengana jende asko joango da, eta jabeak saltzeko aukera izango du.

Zenbat balio du lehiaketako txakur on batek?

Txakurkumeek, 800 euro inguru, eta jada lehiatzen ari direnek, 15.000 euro arte. Nik sekula ez dut hainbeste diru ordaindu. Mila euro ordaindu dut gehienez. Hala ere, mila euro ordaindu dut txakurrak uztartzeagatik.

Nola uztartzen dituzue?

Pirenan, alemaniar batekin harremanetan jarri nintzen, baina bere txakurra ez zegoen araldian. Orduan, nire txakurra bere etxera eraman zuen, eta berea araldian jarri zenean uztartu zituen. Konfiaantza handia behar izaten da lera gidarien artean. Lehenengo saioan ez zen ernari gelditu, eta sei hilabetera berriro joan behar izan nuen.

Zenbat kilo janari jaten dute zure hamaika txakurrek?

Egunean 8-9 kilo okel eta kilo pare bat pentsu. Ni ez naiz pentsuzalea. Pentsua bakarrik jango balute, 500 gramo eguneko bakoitzak. Horiez gain, bitaminak eta osagarriak ere ematen dizkiet.

Zein dira txakur batentzat lehiatzeko urterik onenak?

Hiru eta zortzi urte artekoak. Zortzi urtetik aurrera, eskarmentua eduki arren, abiadura galtzen dute eta arazoak izaten dituzte gainerakoen erritmoari jarraitzeko.

Nola aukeratzen dituzu lasterketetako txakurrak? Beti berdinak al dira?

Aurten izan da lehen aldia sei txakurrekin nabilena. Orain arte, beti zortzi edo hamar txakurrekin aritu naiz. Aurten, urte arraroa tokatzen ari zait: txakur batek bederatzi urte ditu, eta lehiaketarako geldoa dago jada; bi txakurkumek hamar hilabete dituzte, eta, legez, urte eta erdi izan arte ezin dira lehiatu. Beraz, zortzi txakurrekin ari naiz lehiatzen. Lasterketarako seiak lehiaketa baino hilabete lehenagoko entrenamenduaren arabera aukeratzen ditut.

Nolakoa da Itoitz Armendarizen eta txakurren arteko erlazioa?

Perfektua izatea gustatuko litzaidake, nahiz eta askotan ez dudan lortzen. Nik pentsakera bat daukat: zuk urte osoan ematen badiezu, haiek berea emango dute lasterketan. Harremanak oso estua behar du, ia perfektua. Nik beti eramaten ditut txakur guztiak lasterketetetara, denak denekin ibiltzen direlako ondoen. Familia bat gara, eta ezin daiteke inondik inora apurtu.

Kontatu nolakoa den zure asteroko egun arrunt bat.

Laneko erreleboaren arabera antolatzen naiz. Gaur, ostirala, esaterako, 07:30ean esnatu, sua piztu eta txakurrengana joan naiz. Kakak jaso, kaioletatik atera, eta etxe aurrean jolasten utzi ditut. Gosaldu eta ordenagailuan ibili ondoren, ogitartekoa prestatu dut. Ondoren, txakurrei jana eman, eta furgoneta prestatu dut, gauean Linzara joateko [Aragoi, Espainia], Euskal Herriko Txapelketara. Arratsaldean, lan egingo dut. Lanetik 22:00etan atera, txakurrak atoian sartu, eta Linzara. Iritsitakoan, txakurrak askatu behar dira berriro.

Espero zenuen Munduko Txapelketa irabaztea?

Lasterketetan beti ateratzen gara irabaztera. Hala ere, beti begiratzen dut zein aurkari izango ditudan. Oraingoan, esaterako, zerrenda ikusita, banekien bost lehenengoen artean izango nintzela. Ez gara parte hartzaile asko, baina kontuan hartu behar da herrialde bakoitzeko onenak izaten direla bertan. Irabazteko itxaropena baneukan, baina aurkariak oso gogorrak ziren, eta kostatako garaipena izan zen.

Zein izan da Munduko Txapelketa irabaztearen saria?

Domina txiki bat, benetan txikia, botila bat ardo, diploma bat, txakurrentzako janaria eta lasterketako dortsala. Egia esan, dortsalak egin zidan ilusio handiena. Paretan hura ikusi eta txapeldun izan zarela pentsatzeak ez du preziorik.

Eta ez al zizuten eman dirurik?

Zentimorik ez. Munduko Txapelketako entrenamenduak eta parte hartzea 1.600 euro kostatu zaizkit, gutxi gorabehera. Hori eguneroko janari gastuak aintzat hartu gabe. Diruarengatik balitz, aspaldi utzia nuen.

Espainiako Federazioak eman al dizu laguntzarik?

Dirutan, ezer ez. Izen ematea ere (135 euro) nire poltsikotik ordaindu dut. Haiek motxila bat eta beroki bat besterik ez didate eman. Aurreko astean mezu bat jaso nuen esanez agian beraiek ordainduko zidatela izena emateko dirua.

Zenbateko aurrekontua duzu?

Inoiz ez dut kalkulatu. Dakidan gauza bakarra da txakurrek hilero zenbateko kostua duten: 250-300 euro, albaitariak barne. Egia esan, ez dut kalkulatu nahi; bestela, damutu egin naiteke egunen batean. Azkenean, dena gastua da: Alemaniara bidaia bat, Baqueirara entrenatzera, Linzara lehiaketara… Horri guztiari lera eta atoia gehitu behar zaizkio.

Ba al daukazu babeslerik?

Aurten, Lukoko Udalak, Euskal Herriko Federazioak eta Bizkaiko Federazioak zerbait lagundu didate, eta, urte osoan, Acana pentsu markaren laguntza izaten dut. Hala ere, datorren urtean Eskandinaviara joan nahiko nuke Europako Txapelketara, eta diru laguntza handiagoa beharko dut horretarako. Jakina, gurasoen laguntzarik gabe ezingo nuke aurrera segitu. Hurrengo urterako, BAT Basque Teamen beka bat eskatu dut; ea zorterik dudan.

Eta neke eta gastu horrek guztiak merezi al du?

Bai. Jende askok esaten dit erotuta nagoela, baina kirol bat da niretzat, zaletasun bat. Badakit sekula ez naizela lerak gidatzetik biziko. Gehiago esango dut: Europa guztian, ez dago lera gidari profesionalik. Alaskakoa beste kontu bat da, hemengo pilotaren parekoa. Aste bukaera bakoitzean bost edo sei lasterketa izaten dira. Aurkariek lasterketa ezberdinetan parte hartzen dute, nahita, zenbait garaipen ziurtatzeko. Horrela, urtean lau edo bost lasterketa irabazita, txakurren gastuak osatzen dituzte. Hemen, ordea, Euskal Herriko, Espainiako eta Munduko Txapelketan ez dago batere dirurik. Garai batean, Pirena genuenean, irabazleak 10.000 euro irabazten zituen, eta bigarrenak, 6.000.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.