Summits of my life izeneko proiektuari beste lorpen bat gehitu dio Kilian Jornetek, Courmayeur (Italia)-Chamonix (Frantzia) zeharkaldia zortzi ordu eta berrogeita hiru minutuan eginda. Tartean, Mont Blanc mendiko gailurrera igo da, bakarrik eta inolako laguntzarik gabe, Innominata bidetik.
Korrikalari kataluniarrak 03:53an ekin zion lasterketari, Cormayeurko elizako plazatik, kopetako argitxoaz lagundurik. Azkar batean iritsi zen Vall Veny haranera, 1.500 metroko garaierara, eta handik, Monzino aterpetxera joateko, ibilbide tekniko bati ekin zion.
Leku horretan hasten da zatirik gogorrena —Jornet gehien arduratzen zuena—, Eccles-era iristeko glaziarra igaro behar baitzuen. Hala ere, zalantzak azkar uxatu zituen, glaziarreko izotzaren egoera bikaina zela jabetu zenean. Gaueko hotzari esker, ondo izoztuta eta gogor zegoen glaziarra. Horrek asko erraztu zion bidea La Cerdanyko korrikalariari, kranpoiez baliatuta aparteko arazorik gabe igaro baitzuen. «Arduratuta nengoen, ez bainekien glaziarra eta hango pitzadurak nola egongo ziren; hala ere, behin egoera ezin hobea zela jabetu naizenean, asko lasaitu naiz», adierazi zuen Jornetek.
Glaziarra arazorik gabe igarotakoan, mendi lasterkaria Ecclesera iritsi zen, eta aldean zeraman hogei metroko sokaren laguntzaz rapel txiki bat egin zuen. Innominata bideari ekin zion orduan, eta bi ordu eta erdi igaro zirenerako Mont Blancen gailurrean zen Jornet.
Bost minutuko atsedena hartu zuen han, materiala jaso eta jaitsierarako prestatzeko. Ohiko bidetik jaitsi zen, Gouter aterpetxetik eta Les Houchesetik igarota, eta Chamonixeko elizako plazara iritsi zen. 8:42:57, horra hor Jorneten marka.
Zeharkaldiaren laburpenaren bideoa:
http://ttiki.com/42554
Mendia
Kilian Jornetek Courmayeur- Chamonix zeharkaldia egin du lasterka
Zeharkaldian Mont Blanc mendiaren gailurrera iritsi da, biderik zailenetik, Innominatatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu