Mendia. Zeharkaldia Antartikan

Kontinente izoztura bidean

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza gaur abiatuko dira Antartikara. Hego polora iritsi, eta Maud Erreginaren Lurraldeko orratzetan eskalatzeko asmoa dute, ibilbidea autonomia osoan eginda.

Maud Erreginaren Lurraldean zutitzen dira Antartikako orratz dotoreenak. Haietan eskalatzeko asmoa dute Vallejok, Zabalzak eta Iñurrategik. ALEX HUBER.
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Mendian egin dute bidea Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak, baina beste ildo batzuk jorratzen ari dira 2011. urtean. Eskiak jantzi, eta Groenlandia hegotik iparrera zeharkatu zuten udaberrian, lerei tiraka eta kometen laguntzarekin. Gaur abiatuko dira Antartikara, Groenlandian hasitako urratsari jarraipena ematera. Asmo potoloarekin abiatuko dira: hiru hilabeteko epean, Antartika zeharkatu nahi dute, hego polora iritsi, eta Maud Erreginaren Lurraldean eskalatu. 3.700 kilometroko zeharkaldia osatu asmo dute, eta horretarako, 70-80 egun beharko dituztela aurreikusi dute.

Handia da Antartika. Azalerari erreparatuz gero, kontinente handienen artean laugarrena, Asia, Amerika eta Afrikaren atzetik. Han biltzen da Lurreko izotzaren %90, ur geza erreserbarik handiena. Iñurrategi, Zabalza eta Vallejo Antartikako Novolazarevskaia base errusiarretik barneratuko dira lurralde izoztuan. Lurmutur Hiritik (Hegoafrika) hartutako hegaldian iritsiko dira, eta hura izango dute zeharkaldiaren abiapuntua.

Lehenengo zatian Maud Erreginaren Lurraldea zeharkatuko dute. Bertan daude Antartikako basamortu izoztuan zutitzen diren harkaitzezko orratz dotoreenak, eta haietakoren bat eskalatzeko asmoa dute: Holtanna. «Alpinistak gara, eta ezin genion halako leku batean eskalatzeari muzin egin», onartu du abiatu aurretik Juan Vallejok.

Hamar bat egun izango dituzte eskalatzeko, gehienez. Hego poloranzko bideari berrekingo diote ondoren, eta hara iritsitakoan leudeke bide erdian. Zeharkaldia Herkules badian amaitu asmo dute, eta Txileko Punta Arenaserako hegazkina hartuko dute inguru hartan. Egitasmoa biribiltzeko 70 edo 80 egun aurreikusi dituzte, baina haizearen arabera, kometak erabiltzeko aukerak edo lerak arrastaka eraman beharrak baldintzatuko die erabiliko duten norabidea eta egun kopurua.

Hego poloraino iristea «ez da jada ikaratzeko moduko abentura». Espedizio batzuk iritsi dira hara. Kanpoko laguntzarik gabe eta autonomia osoan egiteak bihurtzen du zeharkaldia abentura. Derrigorrezkoa da aldez aurretik gauza guztiak ondo prestatzea. Joan-etorriak, ahal den neurrian, haizearen indarraz baliatuta egingo dituzte, eta horretarako, hiru kometa daramatza bakoitzak, 12, 6,8 eta 6 metrokoak. Laguntza oro eskertuko dute 180 kiloko lerari tiratzeko.

Eguneroko menua prest

Gutxitan agintzen dute medikuek gizentzeko, koipe gehiago jateko. Xabier Leibar medikuaren gomendio hori jasota aritu dira azken aldian Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza. Gizentzea komeni. Kaloria kontsumo handia izango dute Antartikan, zeropetik 40 graduan, izotz gainean eskiekin eta 180 kiloko lerari tiraka ibiliko direlako. «Dieta Leibarrek diseinatu digu, kaloria askoko dieta», azaldu du Vallejok. Horratx eguneroko menua: gosaltzeko, kafea azukrearekin, gailetak gurin eta irasagarrarekin, eta muesliarekin nahastutako ahia; bazkaria ibili ahala egingo dutenez, bat-bateko energia emango dien karbohidrato, fruta, txokolate, gozoki eta te azukreduna; eta afarian, indarrak berritzeko, oliba olioa eta gatza erabiliko dituzte arroza, arrautza-pasta eta haragiak prestatzeko. Txokolatea eta turroia janda oheratuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.