Mendia. Alpeak

Lafailleren urratsetatik

Jean Christophe Lafaillek Petit Dru orratzean irekitako bidea eskalatu dute Unai Castresanak eta Alvaro Novellonek; tontorrera igotzea falta izan dute borobiltzeko.

Pitzadura eta arrakala dotore eta agerikoetatik doa bidea. UNAI CASTRESANA.
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Jean Christophe Lafaille eta Dru orratzak alpinismoari ezinbestean lotutako izenak dira. Dru orratzetako hormatan idatzi dira alpinismoaren pasarte esanguratsuenetako batzuk. Walter Bonattik, esaterako, 1955ean idatzi zuen berea, mendiaren hego-mendebaldeko pilarea eskalatuta. Bonatti izena hartu zuen gerora pilareak —harri-jausiak tarteko, bidea desagertu egin da—. Jean Christophe Lafaille gizon txikia zen, baina alpinista handia, osoa. Petit Dru orratzean (3.773) ere utzi zuen arrastoa: 2001eko otsailean mila metro pasatxoko bidea ireki zuen. Yosemiteko eskalada moldea Alpeetara eraman zuela zioen Lafaillek, bideari erreferentzia egiterakoan. Unai Castresana bizkaitarrak eta Alvaro Novellon espainiarrak eskalatu dute berriki Lafailleren bidea, artifizialean. Hamar eguneko jarduera izan dute, eta tontorrera iristea falta izan zaie eskalada borobiltzeko.

Horma handien eta eskalada artifizialaren zale dira Castresana eta Novellon, eta neguaren bakardadeak eta gogortasunak erakartzen ditu. «Duela 50 urteko aitzindariek sentitzen zutena bizitzea da, neurri batean», arrazoitu du Castresanak. Urriellu mendian Pilar del Cantábrico eta Tramuntana eskalatu zituztenean arimarik ez zuten ikusi; Alpeetan zailagoa da halakorik. «Helikopteroak egunero ikusi eta entzun ditugu. Ez zaigu atsegina egin». Baina aurtengo negurako Alpeak zituzten begiz joak: «Hasieran, Divine providence eskalatu, eta Mont Blanc tontorrean bukatzea aztertu genuen. Baina ausartegia iruditu zitzaigun, eta Lafailleren bideari erreparatu genion: interesgarria iruditu zitzaigun, eta Petit Dru orratz ikusgarria da, estetikoki orratz perfektua».

Espedizioak bi saio

Gabonen atarian joan ziren Chamonixera, 2012ari ongietorria horman zintzilik egiteko asmoz. Materiala hormaren beheko aldera eramatea izan zuten lehen egitekoa, baina eguraldiak saiatzeko aukerarik txikiena ere ez zien eman. «Lotarako hamakaren euskarri bat hautsi zuen elurrak. Eguraldi iragarpenak baikorregiak ez zirenez, etxera itzultzea erabaki genuen». Urtarrila gorputza etxean eta burua Alpeetan zutela egin zuten, harik eta eguraldi oneko tarte bat bazetorrela jakin zuten arte. Furgoneta hartu eta Chamonixera bueltan.

Otsailaren 5an abiatu ziren Lafaillek 2001ean irekitako bidean gora. Hamar egun egin zituzten horman, bideari mugimenduz mugimenduz, heldulekuz heldulekuz, metroak bata bestearen atzetik janez. Astiro. Artifizialean eskalatzeak dituen gorabeherekin. « Behetik ikusita, bide bertikala dela dirudi, baina gerora jabetu ginen horma handietako eskalada bat osatzeko ez dela aproposa. Librean eskalatzen saiatzeko egokia dirudi, baina gu joan garen bezala... deserosoa da». Horma handietan eskalatzeak azpiegitura eskatzen du; igo beharreko zama handia da, eta, hartatik, tira egitea nekagarria zaie eskalatzaileei, hormak bertikaltasun nahikorik ez duenean.

Lafaillek 2001eko neguan ireki zuen bidea, eta Lafailleren atzetik beste bi taldek eskalatu zuten: Ian Parnell eta Andy Kirkpatrick britainiarrek, 2002ko otsailean, eta Christoph Dumarest, Guillaume Avrisani eta Philippe Batoux frantziarrek, 2004ko otsailean. Azken horiek Lafaillek bideari iradoki zion zailtasun maila jaitsi egin zuten. «Gu ez gara nor haren hitza zalantzan jartzeko, baina guri ere zailtasun handiegia proposatu zuela iruditu zaigu. Luzerik zailenari A5 zailtasuna eman zion, eta ez dugu uste A3tik gorakoa denik». Guztira, 21 luzetan banatzen da kilometro pasatxoko bidea eta bukaeran Amerikarren bide zuzenarekin bat egiten du.

Arrakalak eta pitzadurak ditu ezaugarri. «Plaka lauak ere badira, eta horietatik zailena artifizialean gainditu genuen, aukera gutxi izan dugulako librean eskalatzeko. Zeropetik 20 graduko tenperatura izan dugu, batez beste, eta ezinezkoa izan zaigu katu oinak janztea». Hotzaren ondorioz, oinetako behatzetan izozte txikiak izan ditu Castresanak.

Lehenengo hiru luzeak sokarekin finkatu zituzten aurreneko egunean. Hotza izan zuten bidelagun: 17 gradu zeropetik. Pitzadurak eta arrakalak izotz eta elur gogorrez estalita, eta kosta egin zitzaien gora egitea. «Lehenengo luzea 5+ mailakoa da, eta pioletak erabilita eta artifizialeko teknikekin uztartuta gainditu genuen. Lan nekeza izan zen, arrakalak garbitzeko denbora behar genuelako». Lehenengo kanpalekua 200 metroko altueran jarri zuten, erlaitz baten gainean. Hiru gau egin zituzten bertan.

Handik gora bertikaldu egiten da horma. Pitzaduretan elur gutxiago zegoen, eta eskalada azkarrago egin ahal izan zuten. Luzeak banan-banan eskalatu eta sokaz finkatzen joan ahala, kanpalekua gorago eraman zuten eskalatzaileek. Zama guztia igotzen egun bat behar izaten dute. Amerikarren bide zuzenarekin bat egiten du Lafaillerenak zenbaitetan: «5+ gainditzen ez duten luzeak dira, eta librean eskalatu genuen zatirik handiena, baina betiere mendiko botekin».

Bidearen azken zatiari ekin aurreko bloke handira iritsi ziren. Kanpalekua jartzeko leku aproposa da, haizetik nahiz gerta litezkeen harri eta elur jausietatik babesteko modua egiten baitu. «Ordurako gaindituak genituen bidearen luzerik zailenak, eta pozik geunden, aurreikusi baino errazagoa egin zitzaigulako eskalada». Bloke handitik luze bakarra falta zitzaien Lafailleren bidea bukatzeko: «Luzerik politena iruditu zaigu. Pitzadura ederretik doa uneoro, eta 60 metroko luzera du. Gaua gainean genuela bukatu genuen luzea». Eta azken luzearekin batera, Lafailleren bidea ere bai. Otsailaren 15a zen, asteazkena.

Lafailleren bidea eskalatu zuten, baina tontorrerako saioa egitea zuten hurrengo asmoa. Ezinezkoa izan zitzaien. Elurra egin zuen ostegunean, haizea ere bai. Jumarrekin Lafailleren azken luzea igo eta tontorrerako zer aukera zituzten aztertzeari ekin zioten. Frantziarrek 2004an irekitako aldaera baztertu egin zuten, plaka izoztuta zegoelako. Amerikarren bide zuzena zen bestea; arriskutsua iruditu zitzaien. «Elur asko zegoen eta garbitzen denbora asko beharko genukeen». Egoera aztertu eta eguraldiak okerrera egingo zuela jakinda, beheranzko bidea hartzea erabaki zuten. «Eskerrak. Behean geundela ikusi genuen, Amerikarren nahiz frantziarren bideetako zati batzuk iazko iraileko jausiekin hautsi zirela. Alferrik saiatuko ginen». Petit Druko tontorrera iritsi ezinda, baina Lafailleren bidea eskalatuta itzuli dira. Bada zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.