Mendia. Mendiko lasterketak. Oihana Kortazar. Mendiko lasterkaria

«Lasterketak irabazteak ez dit motibazioa galarazten»

Iazko bideari eusten dio, garaipen uzta handia bilduta. Bost lasterketa jokatu, eta guztiak irabazi ditu Oihana Kortazarrek. Azkena, Arratzu-Urdaibai, larunbatean.

2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Nekez hobetu daiteke 2011. urtean Oihana Kortazarrek lortutakoa. Zegama-Aizkorri mendi maratoia, Munduko Kopa, Europako Txapelketa, Espainiako Kopa eta Txapelketa... luze joko luke garaipen uzta osorik biltzeak. Salomon Santiveri taldeko arduradunen deia jaso, eta haien elastikoa soinean ari da aurten Kortazar (Elgeta, 1984). Iazkoaren bidetik hasi du denboraldia. Bost lasterketatan parte hartu, eta guztiak irabazi ditu: Izarraizko bertikala, Leongo Alto Sil, Mont Ventouxkoa, Cuencako proba eta Arratzu-Urdaibai. Zegama-Aizkorriren atarian, Espainiako Kopakoa du hurrengoa, Ourensen (Galizia).

Bost lasterketa eta beste hainbeste garaipen. Motibazioa galtzeko arriskurik ez al dakar horrek?

Lasterketak irabazteak ez dit motibazioa eta ilusioa galarazten. Egunerokoan gauza guztietara ezin iristeagatik galduko nuke lehenago. Gertatu izan zait, lanetik berandu atera naizelako edo umearekin denbora gehiago egon nahi dudalako, entrenatzeko gogorik ez izatea, baina ez lasterketak irabazteagatik.

Azkena Arratzu-Urdaibai izan duzu. Nolako lasterketa izan zen?

Gelditu gabe egin zuen euria, eta hain zegoen lokaztuta ibilbidea, zenbaitetan goranzko urratsak egitea ia ezinezkoa egin zitzaigun. Hasieratik jarri nintzen aurrean, eta nahiko eroso irabazi nuen. Gustukoa dut Arratzu-Urdaibai lasterketa, eta Salomonekoek beste proba batera joateko proposamena egin zidaten arren, hara joatea hobetsi nuen.

Eusko Jaurlaritzako dopinaren aurkako departamentuko bi kide joan ziren Arratzura. Ohikoak al dira kontrolak mendi lasterketetan?

Txapelketetan ohikoak dira, Espainiakoan edo Europakoan adibidez. Arratzun Bizkaiko txapelketa jokatu zen, baina arraroa egin zitzaidan, eta ezustean hartu ninduen; orain artean Euskal Herrian ez nuen kontrolik pasa. Dena dela, ez ninduen kezkatu.

Dopinik ba al dago lasterketetan?

Nik ez dut kasurik ezagutu. Kirol nahiko gaztea da mendi lasterketa, eta nik neuk ez daramat urte asko parte hartzen, baina ez dut kasu bakar bat ere ezagutu.

Zeintzuk dituzu 2012ko erronkak?

Zegama-Aizkorri eta ekainean eta uztailean egingo diren Sky Gamesak ditut begiz joak. Munduko Kopako proba izateaz gain, etxeko lasterketa da Zegama; gustukoa dut, eta iaztik oso oroitzapen onak ditut. Sky Gamesak lau urtean behin jokatzen dira, Olinpiar Jokoen urtean, eta, urtero ez direnez, aurtengoa baliatu nahi dut. Nork daki lau urte barru zertan naizen.

Horietako bat, Zegama-Aizkorri, ate-joka dator. Nola zaude hara begira?

Fisikoki iaz hobeto nengoen garaiotarako. Denboraldi-aurrea aldrebesa izan dut, eta, lesio txiki batzuk tarteko, ez naiz nahi adina entrenatu. Neure buruarekin ez daukat iaz nuen konfiantza, eta jendeari lasterketak eroso irabazi ditudala iruditu arren, nire sentsazioak ez dira hain onak izan. Cuencan, adibidez, nahiko ahul sentitu nintzen. Bi aste falta dira Zegamarako, eta denboraldi erdira ere ez gara iritsi; hobetzeko moduan banagoela uste dut.

Gehienez 42 kilometroko lasterketetan parte hartu ohi duzu. Trail luzeak probatzeko asmorik bai?

Aurten, 46 kilometrokoa egin dut luzeena, Mont Ventouxkoa. Oraingoz ez dut jauzia egiteko asmorik. Proposatuko balidate ere ez nuke egingo 60, 80 edo 100 kilometrokorik. Beste entrenamendu bat eskatzen dute; ez dira bateragarriak 30 eta 100 kilometroko lasterketak. Bata edo bestea aukeratu behar dela uste dut, eta, gaztetan txispa gehiago dugunez, nahiago dut 28 urterekin txispa hori lasterketa ertainetan baliatzea. Ez ditut etorkizunean trailak baztertzen, baina burua oso garrantzitsua da horietan, eta, ongi moldatuz gero, ni neroni harrituko nintzateke aurrena.

Salomon Santiveri taldean zaude. Zer aldaketa ekarri dizkizu?

Alde onak eta txarrak. Talderik onena dela suposatzen da, talde profesional bati gehien gerturatzen zaiona. Gauzak asko errazten dituzte, eta soldatarik ordaintzen ez duten arren, irabazten dugun lasterketa bakoitzeko sari bat ematen digute. Hedabideetan gure ibilia ezagutarazteko aukera dugu, eta materiala ematen digute... Baina bada faltan sumatzen dudan kontu bat: euskal selekzioan ezagutu nuen talde giroa. Beharrezko guztiaz arduratzen dira Salomonekoak, baina bidaiak bakarrik egiten ditut, familiarekin.

Egutegia edo prestaketa baldintzatu al dizkizute?

Ez didate baldintzarik jarri. Ni arduratzen naiz prestaketaz eta prestatzailea aukeratzeaz. Nazioarteko lasterketen egutegi bat bidali ziguten, eta haietako zazpi aukeratu nituen nik, egunerokoarekin moldagarri nituenak. Hitzaldi bat emateko edo haiek antolatutako lasterketetan parte hartzeko eskatzen digute, baina badugu erabakitzeko aukera.

Kilian Jornet, Iker Karrera, Miguel Heras, Mireia Miro... Taldekide hitzak zer esanahi du Salomonen?

Taldea da, baina hainbeste lasterkari gara eta hainbeste jatorritakoak, non zaila den talde giroa sortzea. Grezian egin genuen egonaldian lasterkari batzuk ezagutu nituen, baina ez ditut urte osoan ikusiko. Herasekin eta Karrerarekin konektatzea erraza zait. Talde bat osatzen dugu, baina zaila da kohesionatutako talde bat izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.