Mendia

Ligak baditu txapeldunak

Beñat Amestoik, Iñigo Usategik, Laida Tejerok, Zuriñe Arruek eta Javier Gonzalezek irabazi dute 2012ko Boulder Liga

Eskalatzaile bat, Hegoalde kiroldegiko rokodromoan jokatutako laugarren eta azken proban. EMF.
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Hamargarren aldia izan du aurten Euskal Mendizale Federazioaren Boulder Ligak. Lau jardunaldik osatu dute egutegia, eta parte hartu duen eskalatzaile kopuruarekin gustura geratu dira antolatzaileak. Txapelketek kirolari askoren artean duten irudi lehiakorra alboratzea eta herri izaerako liga bultzatzea lortu dute, eta horretan lagungarria izan dute eskalatzaileak mailaz maila banatu izana. Ligako lau jardunaldiak Araban jokatu dira, eta azkena, larunbatean, Gasteizko Hegoalde kiroldegian. Txapeldunak nor izango ziren han erabaki zen.

Gazteen artean Gontzal Agirre zen liga irabazteko hautagai nagusia. Larunbat goizeko sailkapen proban, ordea, huts egin zuen bigarren blokean, eta ez zen finalerako sailkatu. Agirreren hutsa baliatu zuen Beñat Amestoik ligako txapela janzteko. Hegoalden bigarren sailkatu zen Amestoi, Julen Berruecoren atzetik, baina nahikoa izan zuen hori liga irabazteko. Emakumeen artean bi eskalatzailek banatu dute txapela: Nahia Garcia de Eulatek eta Marta Camara.

Lehia estuak

Herri izaerako eskalatzaileentzat prestatutako liga Iñigo Usategik eta Laida Tejerok irabazi dute. Emakumeetan lehia estua izan zuten Tejerok eta Leire Tapiak. Hegoalde kiroldegiko probaren atarian bost puntuko aldea zegoen bien artean; larunbatean aldea handitu egin zuen Tejerok. Tapia sailkatu da ligan bigarren, eta podiuma Maitane Ariznabarretak osatu du.

Gizonetan, Josu Artetxe izan zen onena Hegoaldeko blokeetan, eta ligako hirugarren postua berresteko balio izan zion horrek. Liga Iñigo Usategik irabazi du, azken jardunaldian laugarren bukatu bazuen ere. Azken jardunaldian eta sailkapen orokorrean bigarren egin du Iban Mendigurenek.

Eliteko eskalatzaileen artean, azkenik, Zuriñe Arrueren nagusitasuna nabarmendu behar da. Lau probak irabazi ditu donostiarrak, eta, ondorioz, liga. Irene Alvarezek eta Goiane Saez de Olazagoitiak osatu dute podiuma.

Gizonen artean, berriz, Hegoalden berdindu egin zuten Javier Gonzalezek eta Eneko Infantek. Lau jardunaldietan bildutako puntuak aintzat hartuta, Gonzalezek irabazi du Liga, eta hirugarren sailkatu da Infante. Gasteizko bi eskalatzaileen artean, Jon Arrietak lortu du bigarren postua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.