Gasteizko Mendi zinemaldiaren arduradunek aretoetatik hiri osora eraman dute jaialdia urteen joan-etorriarekin. Euskal Herri osora zabaldu nahi dute orain, eta iaz hasitako Mendi Tour egitasmoa prestatu dute horretarako. Tourrak Tolosan egingo du geldialdia, asteartean eta asteazkenean. 2011ko zinemaldiko film onenak emango dituzte Leidor aretoan, baita ikus-entzunezko bat estreinatuko ere: Transantartika 2011. Alberto Iñurrategik, Mikel Zabalzak eta Juan Vallejok Antartikara egindako espedizioan bizitakoak bildu dituzte, 60 minutuan. Juan Vallejo izango da Leidorren lana aurkezten, asteartean.
Transantartika 2011 proiektatu aurretik, beste hiru film eskainiko dituzte: Mendiren Kultura Saria irabazi zuen Egoi Markaidaren Arditan; mendiko kirolen film onenaren saria jasotako Peter Mortimer eta Nick Rosen zuzendarien Fly or die; eta Simone Morok, Denis Urubkok eta Cory Richardsek iazko neguan G-II igotzen bizitakoen berri dakarren film laburra: Cold.
Asteazkenerako bost film iragarri dituzte. Wildwater lanak irekiko du sorta, ur bizietako jaitsierak ardatz dituen proiekzioa. Iker eta Eneko Pou anaien eskaladak jorratzen ditu The hardest of the Alps filmak, eta Ueli Steck alpinistarenak The Swiss machine-k. Alex Txikonen bizipenekin bukatuko da asteazkeneko ekitaldia, Next time inshallah lanarekin.
Filmak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, euskaraz azpidatzita. Emanaldiak 19:30ean dira, eta sarrerak 5 euroan jarriko dituzte salgai. Leidor baino agertoki egokiagorik nekez topatuko du mendizaleak zinemaz gozatzeko.
Mendia
Mendi zinemaldiaren Tourrak Tolosan egingo du geldialdia
Zinemaldiko film sarituetako batzuk ez ezik, 'Transantartika 2011' lanaren estreinaldia ere izango da Leidorren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu