Uda eta negu, udaberri nahiz udazken. Mendiak bizi du Kilian Jornet (Lles de Cerdanya, Herrialde Katalanak, 1988), bizi hitzaren adierarik zabalenean. Mendian jaio zen, eta mendian bizi da, mendirako eta menditik. Apirileko azken egunetan bukatu du mendi eskiko denboraldia, Alpeetako Glaziarretako Patruila irabazita. Eskiak kendu eta Transvulcanian jantzi ditu estreinakoz korrika egiteko zapatilak, Palman. Hirugarren bukatu zuen 83 kilometroko lasterketa, baina helmugatik erietxera eraman zuten, bero kolpeak jota. Errekuperatu dela dio, eta igandean Zegaman duen onena ematera irtengo dela. Lau aldiz irabazi du Zegama-Aizkorri, baina kostako zaio igandean bosgarrenez irabaztea.
Zer moduzkoa izan da denboraldi zuria?
Lasterketei erreparatuz gero, iazkoarekin batera, nire urterik erregularrena izan da: Munduko Kopa irabazi dut, eta Grande Course eta Pelvouxen jokatutako Europako Txapelketa ere bai. Lehiaketatik kanpo asko gozatu dut: Alpeetan elur asko egin du neguan, eta zeharkaldi eta ibilbide klasiko asko ezagutu ditut.
Glaziarretako Patruila irabazita bukatu duzu. Lasterketa berezia da.
Bi urtero jokatzen da, eta suitzarrentzat Olinpiar Jokoen parekoa da. Goizeko hiruretan abiatu ginen, 6.000 eskiatzaile guztira, hiru eskiatzaileko patruiletan. Ilunpetan egiten da lehenengo zatia, eta glaziarrak sokarekin lotuta zeharkatzen ditugu. Irabaztea gozamen gehigarria izan da, eta taldea Willian eta Matheo lagunekin osatu dut gainera.
Pierra Menta eta Mezzalama irabazi zenituen, eta Glaziarretako Patruilarekin Alpeetako lasterketa ezagunenen trilogia lortu duzu. Zer garrantzi du lorpen horrek?
Amets bat egia bihurtu dut. Oso lasterketa zailak dira hirurak; sasoian iritsi behar da, talde on batekin, zehaztasunez prestatu behar dira, eta materialarekin arazorik ezin da eduki. Aldagai asko sartzen dira jokoan, eta horiek guztiek egiten dituzte berezi.
Aurrez beste hiru eskiatzailek lortu dute halakorik: Stephane Brosse, Patrick Blanc eta Florent Troillet.
Ohore handia da talde horretan sartzea, eta etorkizunean eskiatzaile gehiagok lortzea nahi nuke, William eta Manfred adiskideek esaterako. Stephane Brosse idoloa dut; mendiko eskiatzailerik onena da, eta jaitsieretan seguruena. Harro nago haren laguna izateaz eta harekin entrenatzeko aukera edukitzeaz. Patrick Blanc bi urtez izan zen eskiatzailerik indartsuena, eta oso pertsona atsegina da traturako. Lastima haren ibiliak izan zuen bilakaera [2008an positibo eman zuen dopinaren kontrako kontrol batean eta bi urteko zigorra jarri zioten]. Eta Troilleten inguruan zer esango dut! Pierra Mentan bitan lehiatu naiz harekin, eta ordu asko egin ditugu elkarrekin; lagun ona izateaz gain, korrikalari aparta da.
Eskiak kendu eta zapatilak jantzi ia aldi berean egiten duzu. Nola prestatzen zara aldaketarako?
Ez dira jarduera bateraezinak. Denboraldiaren banaketa erabatekoa egiten dut: azarotik apirilera eskiatu egiten dut bakarrik, egun bakar batean ere ez dut korrika egiten. Hartara, ez dut izaten gainkargarik giharretan eta artikulazioetan, eta udako denboraldia fresko hasten dut. Korrika hasten naizenean, lehenengo astean zangoak minberatzen zaizkit, baina bigarren edo hirugarren asterako asimilatzen noa...
Transvulcanian hasi zenuen trailen denboraldia, larunbatean.
Ez nekien zer maila emango nuen, lasterketen denboraldia hasi berria dudalako. Asteartean mendian eskiatzen ari nintzen, Aravis mendigunean, Frantziako Alpeetan. Zangoetan 60 kilometro korrika eginda nituela joan nintzen Transvulcaniara. Lasterketan ongi sentitu nintzen, baina azken zatian bero kolpea izan nuen eta jakina da nola bukatu nuen. Dena dela, gustura nago egindakoarekin eta lasterketa bukatzearekin, helmugarako 10 kilometro faltan ez nuelako garbi iritsiko ote nintzen. Bero handia egin zuen, eta berora egokitzea asko kostatzen zait. Halako lasterketei ekin aurretik, landu behar dudan alorra da hori.
21 urteko Dakota Jones gazteak irabazi zuen lasterketa. Belaunaldi gazteak indarrean zatozte.
Dakotak irabazi izana pozgarria da. Gaztea izanagatik, oso lasterkari trebea da, eta taldekide ona. Iaz elkarrekin entrenatzen ginen Chamonixen, eta etorkizunari begira konfiantza asko emango dio larunbateko garaipenak. Etorkizunean hizpiderako arrazoiak emango ditu Dakotak.
Igandean Zegama-Aizkorrin izango zara. Lau aldiz irabazi duzu —2007, 2008, 2010 eta 2011—. Lasterketa berezia dela esan izan duzu. Zer du berezitik?
Zegama Zegama da, lasterketa magikoa. Lasterkari askori entzuten diot esapide hori, eta arrazoirik ez dute falta. Zegama-Aizkorri giroak egiten du berezi. Korrikalariak pasioa arnasten du, jendearen animoekin ezinezkoa baita unerik gogorrenetan egonda ere amore ematea. Eskiak duela gutxi erantzi ditut eta kilometro gutxi egin ditut korrika, baina dudan guztia emango dut.
Nola zaude iganderako? Osatu al zara larunbateko lasterketatik?
Atseden hartu dut azken egunetan, eta errekuperatu naiz. Zegaman Palman baino hotz handiagoa egingo du, eta ongi etorriko zait hori. Zegama-Aizkorrin maila handia egongo da, urtero legez, eta irabazteko lehian 15 bat lasterkari egongo gara, gutxienez.
2012rako zein asmo dituzu?
Ekainean AEBetara joango naiz, Western States trailera. Uztailean itzuliko naiz AEBetara, eta lasterketaren batean parte hartu eta herrialdea ezagutzeko baliatuko dut, eta denboraldia Reunion uhartean bukatuko dut, Diagonal des Fous lasterketan.
Aurten Mont Blanceko Ultra Trailean parte hartzeari uko egin diozu. Zergatik?
UTMB lasterketa izugarria da, baina bost aldiz parte hartu dut. Eman diezadakeen guztia eman dit, eta esperientzia eta lasterketa berriak ezagutzeko gogoa daukat.
Iaz Cavalls de Vent lasterketan erretiratu egin zinen, zure ibilbidean lehenengoz. Lehiaketa ikusteko modua aldarazi al zizun gertaera hark?
Cavalls de Ventek denboraldi bukaerarekin egin zuen bat. Bidaia, lasterketa, hitzaldi eta ekitaldi asko izan nituen udan, eta horiek guztiak bateratzea gogorra egin zitzaidan. Buruak «aski da» agindu zidan. Cavalls de Vent etxeko lasterketa dut, haurra nintzela ibiltzen nintzen xenda eta bideak zeharkatzen ditu, eta gaizki sentitu nintzen erretiratuta. Baina jarraitzea kaltegarriagoa zatekeen niretzat. Erabaki zuzena hartu nuen, eta ordutik gauzak egiteko modua aldatu dut, mendian denbora gehiago pasa ahal izateko: entrenatzeko, lagunekin egunsenti bat ikusteko...
Lasterketak aipatu eta aipatu ari gara, mendizaletasuna hori baino askoz ere gehiago denean. Damutu al zara inoiz lasterketei lehentasuna emateagatik?
Lehiatzea gustatzen zait, baina ez naiz lehiaketara mugatzen. Nire helburua mendian egotea da, eta lasterketak eta kirola horretarako bidea ditut, eskia neguan eta korrika udan. Baina entrenamenduak eta mendira noan une bakoitza ahalik eta gehien gozatzen saiatzen naiz. Lasterketa batek, lagun batekin tontorretik egunsentia ikusteak, edo aterpe batean txokolate bero bat partekatzeak egiten naute zoriontsu. Mendiaren handitasuna da hori: bada beti zer aurkiturik.
Mendiko lasterketak. Kilian Jornet. Mendiko lasterkaria eta eskiatzailea
«Mendian beti dago zer aurkiturik»
Berriki kendu ditu eskiak, eta korrika egiteko zapatilak hartuta etorri da Euskal Herrira. Zegama-Aizkorri lau aldiz irabazi du Jornetek: «Lasterketa magikoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu