Erdibidean dira oraintxe bertan Nafarroan mendiko bidexkak. Trantsizio une batean. Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioak 2006an egin zion bidexkak zaharberritzeko eta behar bezala markatu ahal izateko plangintza bat sortzeko eskaria Nafarroako Gobernuari. Ondare hori ez galtzea zen helburua. Bost urteren ondoren, irailean onartu dute bidexken inguruko lege dekretua. Orain arte seinaleak jartzeko laguntzak baino ez zituen ematen gobernuak, baina orain «urrats bat gehiago» egin nahi izan du, eta hark hartuko du bide horien sorkuntza eta zaintza kudeatzeko ardura. Ez da oso urrats ziurra, ordea, oraingoz ez baitago argi Kirol Sailak egitasmoa aurrera eraman ahal izateko besteko dirurik jarriko duen.
Ostegunean egin zuen bilera Miguel Angel Pozueta Nafarroako Kirol Institutuko zuzendariak kirol federazioetako kideekin. Murrizketak izango direla azaldu zien. %5 eta %10 artean murriztuko die aurrekontua aurten, eta, beraz, litekeena da mendiko bideak markatzeko eta zaharberritzeko asmoak diru sailik gabe gelditzea. Oraingoz ez dago jakinarazpen ofizialik, eta litekeena da, azkenean, hitzarmen bat egin ahal izatea. Horri heltzen diote oraingoz federazioko kideek. Bideen egitasmoa bertan behera geldituko balitz dimisioa aurkeztuko duela esan zuen Txema Iriarte mendi kirolen federazioko presidenteak osteguneko bileran. Oraingoz, ordea, ikusteko dago zein izango den gobernuaren azken erabakia.
Oraingoa ez da federazioaren eta gobernuaren arteko lehen tentsio unea. Aurrez ere izan da ika-mikarik mendiko bideen inguruan. 2004an, mendi bideen katalogotik kanpo utzi zituen federazioak ibilbide luzeko bidexka guztiak, gobernuak haien zaintza bertan behera utzi zuela ikusita. Markak galduak zituzten, eta arriskutsuak omen ziren. Mendizaleak galdu egiten ziren, eta markak erabat ezabatzea erabaki zuten 2006an, azkenean, federazioko kideek.
Gobernuarekin hitzarmen bat egin, eta hainbat bide berreskuratzeko aukera izan zuten gerora. Etorkizuneko plangintza bat eskatu zioten gobernuari, baita parlamentuan eskaria egin ere. Aurtengo irailean heldu da, azkenean, erantzuna. Lege dekretua onartu du parlamentuak, baina egitasmoa dirurik gabe utziz gero, bertan behera geldituko da berriz egitasmoa. Ezingo dira bideak zaharberritu, eta, beraz, bideek ezingo dituzte bete legeak ezartzen dituen gutxieneko baldintzak.
Federazioa aritu da orain arte bideak markatzen, boluntarioen lanari esker. Aitortza instituzionala jaso du orain lan horrek. Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak hartuko du mendi bideen izendapena eta zaintza kudeatzeko eskuduntza. Betiere, horretarako baliabideak jartzeko erabakian atzera egiten ez badu. Hala eginez gero, beste behin ere galdu egingo lirateke bidexka asko. Seinale eta baldintza egokietan egon ezean, federazioak ez baititu homologatuko.
Jendea ez galtzeko
Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioko kide da Josu Markiegi, Mendi Bideen alorreko eleduna, eta egin ohi duten lana azaldu du: «Jendea ez galtzea da helburu nagusia, eta bideen sarea homogeneizatzea da horretarako bidea». Seinaleak jartzen dituzte mendian jendeak ibilbidea galtzeko arriskurik gabe egin dezan, eta ziurtatu egiten dute jadanik markatuta dauden bideak egoki markatuta daudela. Bidea egokia dela ikustean, homologatu egiten dute. Hots, matrikula moduko bat jartzen diote. «Markak jarraituta galtzeko arriskua dagoela ikusiz gero, ez dugu homologatzen».
Hori izan da orain arteko arazo nagusia, Markiegiren hitzetan: jarraikortasun falta. «Federazioak egin du orain arte beti bideak markatzeko eta homologatzeko lana, baina dirua zegoenean bakarrik egin ahal izan dugu hori. Dirua zegoela, bada margotu egiten genituen bideak. Ez zegoela, bada ezin egin. Izan da jendea bere kasa bideak mantendu dituena ere, turismoagatik edo, baina denbora luzez bazter utzita egon da mendiko ibilbide luzeko bideen sarea. Orain lege dekretu honekin sare hori behar bezala mantentzeko konpromisoa hartu da, eta oso positiboa da aldaketa». Konpromisoa sosez ere elikatuko den ikusi beharko da orain.
Hiru bide mota zehazten ditu legeak. Ibilbide luzekoak (GR), ibilbide laburrekoak (PR) eta bide lokalak (SL). 50 kilometrotik gorako bideak dira ibilbide luzekoak, eta egun bat baino gehiago behar da ibilbidea burutzeko. Marka gorri eta zuriak izango dituzte. 50 kilometro baino gutxiagokoak dira ibilbide laburrak, eta marka txuri eta horiak dituzte. Hamar kilometro baino gutxiagokoak dira lokalak, eta marka txuri eta berdeak dituzte.
Horiek izan dira urte luzez federazioaren markak, eta horiek izango dira aurrerantzean ere seinale ofizialak. Urrats bat gehiago da hori, Markiegiren hitzetan. «Orain arte, tasak ez ordaintzeagatik edo, jendeak bere markak egin izan ditu mendian. Federazioarenaz bestelako koloreekin egindako bide horietan jendea galdu egiten da batzuetan, bidea ongi markatuta ez dagoelako. Gero guri etorri izan zaizkigu kontu eske, baina guk ez dugu bide horien gaineko ardurarik. Orain batu egingo dira marka horiek, eta mendizalea aterako da irabazle. Kalitate zigilu bat izan dira orain arte funtsean gure bideen markak, eta, orain, gobernuak ere bere egindako kalitate zigilua behar lukete».
Boluntarioen lana
Federazioak egiten ditu markak. Ia 200 boluntario inguru aritzen dira horretan. Inork bide bat homologatzeko eskaria egiten duenean, bikoteka antolatu, eta txangoa egiten dute boluntarioek. Seinaleak ongi jarrita dauden ikustea da haien lana, falta denaren abisua pasa eta zer zuzendu behar den zehazteko. Lekuan lekuko jendearen laguntza ere izaten dute bidea nondik joan daitekeen asmatzeko. Asfaltatutako pistak saihestea izaten da asmoa, eta gune arriskutsuak bazterrean uztea. Bideak publikoa ere izan behar du, gainera, zatirik handienean, eta gune partikularretatik pasa behar duenean jabearen baimena lortzen saiatzen dira.
Ardura banaketa ere argitu egiten du dekretuak, Markiegik azaldu duenez. «Orain arte bidea homologatu nahi zutenek hari buruzko txosten batzuk bidaltzen zizkiguten, eta guk geneuzkan parametroak betetzen ote zituzten ikusten genuen. Kartografia bat eskatzen genuen, ibilbidearen inguruko datu batzuk, eta konpromiso bat ere bai, gutxienez, lau urtez bidea zaintzeko». Orain, lege berriaren arabera, federazioak hartuko du arauak bete egiten direla ziurtatzeko txangoak egiteko ardura, baina gobernua arduratuko da dokumentazioa jasotzeaz. Bideak behar bezala mantentzeko konpromisoa ere indartu egin behar litzateke, Markiegiren ustez, orain asmoa lege delako.
Jarraikortasuna irabazi dute bideek dekretuarekin, baina ikusi egin behar gobernuak legean hitzez aitortua ekintzaz ere aitortzen duen, edo mendiko bideak erdibidean uzten dituen. Bazterrean, alegia.
Ezarian. Mendi bidexkak
Mendiko bideak, erdibidean
Mendiko bidexkak sortu eta zaintzeko ardura hartu zuen Nafarroako Gobernuak irailean, dekretuz, baina ez dago argi egitasmoarentzat diru aski jarriko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu