Gasteiztik Patagoniara joan da Mendi Film jaialdiko sari nagusia. Chris Malloyren 180º South filmak irabazi du pelikula onenari saria, eta, hala, garaikurra eta 3.500 euro jaso ditu. 1968an Yvon Chouniard eta Doug Tomkins gazteek Kaliforniatik Patagoniara egindako bidaia eta 40 urte geroago, 2008an, lau gaztek egindakoa ditu ardatz filmak. Eskalada, surfa..., irudi dotoreak ditu, baina irudi bilduma ikusgarritik haratago doa 180º South. The North Face eta Patagonia arropa etxeen sortzaileak izan ziren Tomkins eta Chouinard,eta haien jardunaren eta filosofiaren berri ere badakar pelikulak.
Bederatzi egunez berrogei filmetik gora pantailaratu dituzte Europa jauregian, eta haietako bederatzik jaso dute saria. Silvo Karo, Marco Ribetti, Gabriela Khun, Javi Alonso Aldama eta Zaloa Borda boskoteak osatutako epaimahaiak erabaki ditu sarietako zortzi, eta azkena, publikoak. Mendiko film onena Sean Villanuevaren Vertical Sailing Greenland pelikula aukeratu dute; eta muturreko kirolen inguruko lanik onena, Sean Learyren Fly or Die.
Nabarmentzekoa izan da Euskal Herrian ekoitzitako bi lanek jasotako ezagutza: Arditan pelikulak ingurumen saria jaso du, eta Aizkora hotsak goi mendietan lanak euskarazko film onenari emandakoa. Azken horrek Alex Txikonek udan Pakistanera egindako bidaia berezia du ardatz. Arditan filmean, berriz, artzain baten eta haren familiaren egunerokoa bildu du Alex Garcia de Bikuñak.
Zinemaldi arrakastatsua
Jaialdiaren balorazioa egiteko orduan, antolatzaileek ez dute zalantzarik egin: Mendiren laugarren ekitaldia arrakastatsua izan da guztiz. Belaunaldi eta herrialde askotako ekoizle, zuzendari eta protagonista askoren bilgune izan da jaialdia, iraun duen bederatzi egunetan, eta emanaldiak arrakastatsuak izan dira. Europa jauregiak gainezka egin du bi egunetan, eta Principal antzokiko hasiera ekitaldian 700 ikusle izan ziren. «Mendiko kultura kontzeptua geroz eta barneratuago dago», esan du Mendi jaialdiko zuzendari Jabi Baraiazarrak. Bosgarren ekitaldiari begira lanean hasita daude.
Mendia
Mendiko saria, Patagoniara
Chris Malloyren '180º South' filmak irabazi du Gasteizko Mendi zinemaldiko sari nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu