Mendia. Xendazaletasuna

Mendira poliki joateko proposamena

Hamar urte egiteko bidean da Poliki xendazaletasun taldea, Gloria Latasa eta Nekane Intxausti geografo eta gidariek sortutakoa. Alpeetara bi irteera antolatu dituzte udarako.

Mendizale talde bat, Alpeetako Queyras natur parkeko ibilbide batean. POLIKI TALDEA.
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Lasterketak, lehiaketak eta erlojuarekiko morrontza nagusi diren garaiotan, mendira joateko bestelako proposamena dakarte Gloria Latasak eta Nekane Intxaustik. Hamar urte beteko dira Poliki trekking taldea sortu zutenetik, eta mendi irteerak, ikastaroak eta tailerrak eskaintzen ari dira ordutik.

Izenak biltzen du taldearen izana eta Intxaustik eta Latasak mendira joateko duten ikuskera: «Poliki hitzarekin asmatu dugu, askotariko esanahia duelako. Mendira gozatzera eta ikastera joaten gara, irteten garenetik bukaeraraino». Eta mendian, noski, izenaren erritmoan ibiltzen dira, poliki-poliki, pianno-pianno. «Ez goaz korrika egitera, aste barruan nahikoa korrika egiten dugu-eta. Lasai joaten gara, tarteka geratuz eta atseden hartuz, ingurura begiratuz eta fauna, flora, klima eta beste ikusiz. Eskola aberatsa da mendia», azaldu du Polikiren muina Latasak.

Biak dira geografoak eta mendi ertaineko gidariak. Latasa izaten da irteeretan taldearen buru joaten den gida; Intxaustik, aldiz, taldea ixteko joera du. Bakoitzak du bere egitekoa. «Irteeratan Gloriak izaten du ardura gehien; taldekideen erradiografia egiten du, eta taldeari egoki doakion erritmoa jartzen asmatzen du». Intxaustiren ardurak beste batzuk dira: «Atzean noa ni, eta inor gal ez dadin arduratzen naiz». Irteera bat egin aurreko prestaketak eta ingurua ezagutzeko egiten dituzten aurreko irteerak ere Intxaustik prestatzen ditu.

«Mendia ez dago geldirik, jende askok hori uste duen arren. Bizitza handia du, eta etengabeko mugimenduan dago. Hogei aldiz leku batera joanda ere, guztietan mendi desberdin bat aurkitzen dugu», dio Latasak. Hori erakusteko asmoz antolatu dute haien ekimenetako bat: paisaia bat, lau urtaro. Izenak dioenaren bidetik, mendi batera lau urtarotan joan eta dagoen aldea ikusteko modua dute. Aralarreko Alleko mendia aukeratu dute aurten horretarako. Orientazio ikastaroak Intxaustik ematen ditu, eta mapa eta iparrorratza nola erabili irakasten du. Latasaren esku daude meteorologia tailerrak eta eguraldiari buruzko hitzaldiak.

Udan, Alpeetara

Gainerakoan, hilero antolatzen dute irteera bat. Larunbatean eta igandean joaten dira; eguna mendizale bakoitzak aukeratzen du. «Bada igandetan lan egiten duen jendea, edo larunbatetan egiten duena. Horregatik eskaintzen dugu aukera bikoitza, ahalik eta jende gehienak etortzeko aukera eduki dezan», dio Intxaustik. Ekainaren 23rako eta 24rako antolatu dute hurrengo txangoa, Aralarrera.

Udan iraupen luzeagoko bi bidaia antolatu dituzte Alpeetara. Uztailaren 13tik 22ra Aosta bailarara joango dira, eta Mont Blanc mendiaren hegoaldeko isurialdean dauden ibilbideetatik mendi irteerak egingo dituzte. Abuzturako utzi dute bigarren irteera, hilaren 3tik 12ra: Queyras natur parkera. «Loreen erreinua da Queyras, eta Alpeetako inguru eder eta ezezaguna. Ez dira altuera handiko mendiak, baina xendazaletasunerako paradisua da», dio Intxaustik.

Denetariko mendizaleak joaten dira Poliki taldearekin, baina badute profil bat egina: «Emakumeak gizonezkoak baino gehiago etortzen dira, eta mendizale helduak dira gehienak. Guk mugarik ez dugu jartzen, eta irteeraren batera 12 urteko haur bat eta 82 urteko emakume bat etorri dira. Planteatzen duguna egiteko gai den edonor onartzen dugu, baina, noski, gutxieneko arau batzuk errespetatzea eskatzen diegu». Izan ere, Poliki taldekoen filosofiaren beste ardatzetako bat jendeari mendian nola jokatu behar den azaltzea da: «Talde handian goazenez, oinarrizko kontu batzuk garbi uzten saiatzen gara: mendia guztiona dela, zaindu egin behar dugula eta eguraldi aldaketen inguruan nola jokatu behar duten, adibidez». Eta, noski, talde giroa sortzeari ematen dioten garrantziaren erakusgarri da mendi irteerek izaten duten bukaera: «Mahai baten bueltan bazkaltzen dugu, jatetxe, taberna edo aterpetxe batean».

Donostiako Usandizaga kaleko 12an dute bulegoa, haien kanpalekua. Asteazkenetan irekitzen dute, egun osoz. Harremanetarako: www.polikitaldea.com eta [email protected].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.