Ezarian. Mendi bideak

Oinak apatxen bidean

Trena heltzearekin aldatu zen dena, baina garai batean mendiz mendi eramaten zituzten zezenak Erriberatik Tolosa ingurura. Bide zahar hori lehengoratu, eta txangoa antolatu dute hurrengo larunbatean Tolosa eta Berastegiko Aldin eta Andia kultur taldeek.

Orain lau urteko ibilaldian parte hartu zuten zenbait lagun, mendian. JOSE IGNACIO ELOSEGI.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Festak dakarren lana da. Gaur egun aisialdirako erabiltzen da GR9 edo Probintzietako Ardi Bidea izeneko mendi bidea, baina lanerako tresna zen garai batean. Noain (Nafarroa) eta Deba (Gipuzkoa) batzen ditu xendak, eta horregatik izan zen baliagarria. Euskal Herriko hegoaldea eta Iparraldea batzen zituelako. Erriberatik Tolosa eta inguruko herrietako festetara zezenak eramateko erabili zuten XVII. mendetik XIX. mendera arte. Adar bidea izan zen, eta zezenek egiten zuten bide bera egitea da Berastegiko Aldin Kultur eta Kirol Elkartearen eta Tolosako Andia Kultur Elkartearen asmoa. Haiek antolatu dute ibilaldia, eta Beorburun hasi (Nafarroa) eta Tolosara heltzea da asmoa. Apatxek egina, oinez egitea, alegia.

Mendeak ditu tradizioak Jose Antonio Rekondoren hitzetan. Historiazalea da bera, eta urteak eman ditu Tolosako iragana eta Tolosarainoko bideen nondik norakoak ikertzen. Urte bat aipatzen du: 1690a. Lehenago inguruko herrietatik eramaten zituzten animaliak festetara, baina orduan hasi ziren Erriberakoak eskatzen. Hori da dokumentuetan ageri dena, behintzat. Hori da erreferentziarik zaharrena. «Abeltzainek ez zuten bide bakar bat erabiltzen. Gorritik Tolosarako XII. mendean sortutako errege bide zaharra baliatzen zuten, adibidez, baita lekuan lekuko ardi bideak ere. Hala osatzen zuten ibilbide osoa, eta sei bat egun behar izaten zituzten Erriberatik helmugara heltzeko».

Poliki egin behar izaten zuten bidea. Hala egin ezean, gaiztotuta heltzen omen ziren zezenak herriko festetara. «Bidea luzea zen, eta beti izaten zen adarra apurtuta heltzen zen animaliaren bat. Horregatik, herriek eskatu baino zezen gehiago eramaten zituzten unaiek. Beti izaten zen halako arazoren bat». Sanferminetarako egiten zuten bide bera egiten zuten lehen zatian zezenek, eta pare bat egun egiten zituzten Iruñea inguruko guneetan. Gero hartzen zuten Tolosarako bidea.

Ura eta belardiak zituzten bideak hautatzen zituzten unaiek. Eta alorren jabeei ordaindu egin behar izaten zieten zezenak beren lurretan edukitzeagatik. 1792an aldatu zen dena. Iruñetik Tolosarako errepidea eraiki zuten orduan, eta «iraultza» izan zela dio Rekondok. «Aldatu egin ziren jendearen ohiturak, baita abereak garraiatzeko moduak ere». Bide berria erabiltzen hasi ziren orduan abeltzainak, eta bazterrean gelditu ziren xenda zaharrak. Ordainsariak ordaindu egin behar izaten zituzten errepidean, baina, hala ere, erosoagoa egiten zitzaien.

Etxean gotortuta

Rekondok dioenez, ez dago errepidea eraiki aurreko garaiko lekukotasunik jadanik. Gerokoak dira berak bildu dituenak, behintzat. Orain gutxi zendu zen Alejandro Yeregi beteluarrak aitari entzuna zion zezenen inguruko konturen bat edo beste. Bide zaharra utzi, eta errepidetik eramaten zituzten zezenak ordurako. «Tolosako sanjoanetarako heltzen ziren zezenak. Ikuskizun bat zen animalia haiek herriko kale nagusia nola gurutzatzen zuten ikustea. Poza eta beldurra sortzen zuten, eta denak etxeetara sartzen ginen. Leihotik ikusten zituzten pasatzen. Bi edo hiru unai izaten ziren, zortzi zezen, hiru joaldun eta pare bat zaldi. Unaietako batek zapi gorri bat izaten zuen lepoan, eta aurretik joaten zen, zezenak zetozela abisatzeko. Lekunberri pasatzean, Azpirozko malda saihesteko, mendialdera jotzen zuten, eta errege bidea harturik Azpirotzera heltzen ziren».

Rekondok dioenez, handia zen zezen taldeak pizten zuen zirrara, eta bazen haiek desafiatzera joaten zenik ere. El Cántabro izeneko egunkari karlistan aurkitutako erreferentzia bat aipatzen du: «Tolosara heltzean Izaskun izeneko gunean egoten ziren zezenak herrira heldu aurretik, eta animaliak ikustera joaten zen jendea. Urte batez, norbaitek desafio egin omen zion zezenetariko bati. Hark buelta eman, eta ihes egitea lortu zuen. Azkenean, Guardia Zibilak hil behar izan omen zuen. 'Fusilatu' egin behar izan zutela esaten du egunkariak».

Animalia haiek pizten zuten zirrararen neurrikoa da haien inguruan sortutako kondaira eta kontakizun kopurua ere. «Zenbait herritan kontatzen dute zezen horietako bat norbaiten ukuiluan nahasita sartu, eta jabea adarkatu zuela», azaldu du Rekondok. Ezin jakin zenbateraino den istorioa historia, ordea. Ikertzaileak dioenez, baina, bada gauza ziur bat: 1897an egin zen azkeneko zezen bidaia. Trenean eraman zituzten geroztik.

Historia eta unea

Historia beste nabarmendu nahi du oraina Rekondok, halere. Biak uztartzen ditu txangoak: memoria eta unearen plazera. Bidearen edertasuna azpimarratzen du hasteko: «Oso leku politak daude ibilaldian. Gipuzkoa osoa ikus daiteke, kasik, gain batetik, eta Aldatz (Nafarro) ingurua ere oso ederra da, adibidez». Gero, historiara jotzen du berriz, kasik, ezinbestean. Jakin-mina ezin du ezkutatu. «Badago oso gauza interesgarri bat inguru horretan. Aldatzera heldu aurretik badira gatz mea moduko batzuk. Erreka gazi bat bazen gune horretan. Ikertu egin behar dugu oraindik gehiago hori, baina ikertu dugunaren arabera, badirudi XX. mende bukaeran saiatu zutela ur horri etekina ateratzeko asmo bat. Emango dugu horri buruzko azalpenen bat ere ibilaldian».

Rekondoren kasuan argia da paradoxa. Bidegurutze bat da bidea. Iraganeko historia eta urrats bakoitzaren unea, biak uztartuko dituzte datorren larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.