Aurten lehenengoz antolatu dute X-Pyr parapente proba. Hor lehiatuko da Iñigo Gabiria elorriarra, bere lagun Iñigo Mendibilekin batera. Abuztuaren 5ean Hondarribian hasiko da proba, eta parte hartzaileek hamabi egun izango dituzte Gironako Port de la Selvako hondartzara ailegatzeko. Hala, 440 kilometro eta Pirinioak zeharkatu beharko dituzte kirolariek.
«Askatasuna»; horixe sentitzen du hegan egitean. «Libre sentitzen zara, txori baten moduan». Parapentean gauza onak gertatu zaizkio beti Gabiriari, arriskuak arrisku. «Oso bizipen onuragarriak izan ditut beti parapentean. Txikitatik izandako amets bat da hegan egitea. Betetzea lortu nuen, eta horrela jarraitzen dut oraindik ere, ametsetan».
X-PYR lehiaketa martxan jarriko da aurki, parapenteak aritzeko aukera paregabea; erronka polita, inondik ere. «Hondarribian hasiko gara, eta Mediterraneo aldean bukatu. Parapentearekin eta oinez zeharkatu behar dira Pirinioak, eta, horretarako, hamabi egun izango ditugu», dio Gabiriak. Estreinakoz ariko da maila horretako proba batean. « Ez naiz ibili sekula lasterketa batean. Hala ere, nire kabuz badaukat eginda ibilbide hori, inongo laguntza barik». Orduan ere, bizipen ona. «Abentura erabatekoa izan zen. Hastera noan lasterketaren antzeko ibilbidea jarraitu nuen: Hondarribian hasi, eta Mediterraneora ailegatu nintzen oinez eta parapentean». Dena ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izan, ordea. «Joan den urtean hasi nintzen, baina, Lleidan nengoenean, 14 egun igaro zirenean, lesionatu egin nintzen. Orduan, alde batera utzi behar izan nuen egitasmoa. Hala ere, aurten utzitako tokitik hasi nintzen, berriro, ibilbidea bukatzeko».
Edonola ere Iñigo Gabiriak ez du ezkutatzen X-PYR lehiaketa gogorra izango dela, bere arriskuak ere izango dituela. «Pirinioetan bailarak zeharkakoak dira; iparraldetik hegoaldera doaz. Erreza da bailarak hegan pasatzea, baina, oinez oso zailak dira,gogorrak eta luzeak. Meteorologia oso garrantzitsua izango da hegan egiteko. Haizeak eta korronte termikoek baldintzatuko gaituzte».
Gabiria ez da bakarrik joango. Taldeak bitakoak dira: proba egiten duena eta laguntzailea. Iñigo Mendibil eramango du egiteko horretarako; hura arduratuko da logistikaz. «Lagundu eta hegan egiteko tokirik egokienak aukeratuko ditu, biderik errazenak. Hori aurreko egunetan egin beharko dugu, ezin dugulako kalkulatu bi egun barru non egongo garen».
Aurretik esanda doa prestaketa handia egin duela proba egin ahal izateko. «Ez parapentearen erabileran bakarrik, fisikoki ere bai. Motxilak 14 kilo pisatzen du, eta beti soinean eraman beharko dut», dio kirolariak. Dena den, merezi du ahalegin guztiak eta bi egitea. Horretan ez du zalantzarik Gabiriak. «Erronka pertsonala da; zeure buruaren kontra egiten duzu, eta gauzak ondo pentsatu behar dira. Hala ere, Pirinioetan hegan egitea da onena; zoragarria da, bizitzea merezi duena. Azken finean, proba honek maite ditudan bi atal lotzen ditu: mendia eta parapentea».
Zerk utz dezake bazterrean, zerk oztopatu gehien ibilaldi luzea? «Meteorologia aldetik zorte ona ez izateak. Dena ondo baldin badoa, teorian, erreza izango da, eta kilometro asko egiteko aukera izango dut. Sasoi honetan, Pirinioetan ekaitzak egoten dira arratsaldez; hortaz, sarritan oinez ibili beharko dut, seguru; eta hori izango litzateke gogorrena».
Pirinioak hegaztien modura
Hondarribitik Mediterraneora ailegatzeko parapente proban lehiatuko da Iñigo Gabiria elorriarra; horretarako 12 egun izango dituParapentean ez ezik, oinez ere egin beharko du ibilbide luzea mendi eta haranetan zehar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu