Epikotasunari, balentriei eta konkistei lotu ohi zaizkio mendia ardatz duten liburuetako asko. Eider Elizegi Telletxeak (Lasarte-Oria, 1976) nahiago du bestelako literatura jorratu; istorio txikietan eta lekukotasun intimoetan oinarritutakoa. Bide horretatik jaso zuen iaz Desnivel argitaletxearen literatura saria, Mi montaña lanagatik. Orain ere eskaladari buruzko barne gogoetetan oinarrituta idatzi du El hilo gris. Eskaladari buruzko liburua da, baina ez da ohiko eskalada liburua. Horratx azalpenak.
Zer bildu duzu El hilo gris liburuan?
Testuak eta argazkiak dira. Testuek eskaladaz hitz egiten dute. Paretan gora igoarazten dute irakurlea, bitarte horretan sentitu ditzakeen sentsazioez hitz egiten dioten bitartean: harriaren ukia, koloreak eta zaporea, beldurra, nekea, altuera… Eskalatzen den arrokarekin sortzen diren elkarrizketak dira. Argazkiek, berriz, modu berezian begiratzen diete arrokei; margolanak balira bezala erretratatzen dituzte. Patxadaz jaramon eginez gero, haitzetan oso irudi ederrak aurki daitezke, eta argazki hauek irudi horiek enkoadratzen dituzte. Imajina abstraktuak dira.
Mi montaña liburu «estatikoa» zen, Mont Blanceko Gouter aterpetxean lanean pasatu zenuen udaren lekukotza. Eskaladaz ari zarela aintzat hartuta, liburu dinamikoa al daEl hilo gris?
Dinamikoa da eskalada bide luze bat igotzen duen neurrian, baina liburu geldoa da. Askotan iruditzen zait mendian, bizitzako beste arlo askotan bezala, presa handiegiz ibiltzen garela. Badirudi lehiakortasuna, zailtasuna, arriskua edo markak hobetzea bakarrik balioesten direla, eta askotan ingurunetik hain azkar pasatzeak gauza txiki eta geldoen edertasuna dastatzea galarazten digu. Zailtasun eta graduazio aldetik, oso eskalatzaile txarra naiz ni; baina horrek harkaitza eta eskalada beste modu batean gozatzeko aukera ematen dit. Horregatik guztiagatik da El hilo gris liburu mantsoa.
Argazkiak nongo harkaitzetan ateratakoak dira? Zer lotura dute testuek eta irudiek?
Azken hiru urteetan izan dut liburua buruan, eta nire eskalatzeko modua bihurtu da. Kamera arnesetik zintzilik nuela eskalatu dut, eta paretetatik igotzerakoan ikusten nituen irudi ederrak enkoadratzen joan naiz. Eskalatu ditudan harkaitzetako argazkiak bildu ditut, beraz, liburuan: Aiztondo, Etxauri, San Fausto, Peñartea, Puntas eta Jaizkibel Euskal Herrian; Arguibelle eta Billare, Frantzian; Villanova de Meia, Cingles de Berti, Terradets, Cavallers, Montserrat, Montgrony, Collegats… Katalunian; Morata de Jalon, Riglos… Aragoin; La Cabrera eta Pedriza Madrilen; Isla del Sol eta Parinacota, Bolivian; Hatun Machay, Perun…
Zuk zeuk egin al duzu aukeraketa?
Liburuaren alde grafikoa Rebeka ahizpak landu du, eta berak egin ditu diseinua eta maketazioa. Liburuan agertzen diren argazkiak ere berak aukeratu ditu, eta errelatu grafikoaren haria berak jorratu du. Bi ikuspegi eskaintzen dituzte liburuko argazkiek eta testuek.
Batzuetan harkaitz zatiak direnik antzematea zaila da oso, pinturak dirudite. Eskalatzaileak harkaitzeko artistak al zarete?
Bizitzako gainontzeko arloekin gertatzen den bezala, eskalada ere norberak nahi duen horretan bilakatu daiteke: akrobazia, dantza, arnasa, esplorazioa, teknika… Errealitatearekin bat egin eta mundua berrinterpretatzeko aukera ezin hobea den neurrian ere, zergatik ez, arteari leku bat eskaintzen dio.
Mendia ardatz duten liburuak eta literatura epikotasunari eta balentriei lotutakoak izaten dira gehienetan. Zure literatura ez doa bide horretatik. Zer bilatzen duzu?
Ez zait epikotasuna hainbeste interesatzen. Mendia gauza xumeenekin erlazionatzeko leku paregabea da. Nork bere burua erabat biluzten du mendian eta airearekin, materiarekin, denborarekin, argiarekin, gauza bizigabeekin zuzenean azalez azal harremanetan jartzeko aukera du. Gauza txikiak interesatzen zaizkit batez ere, sentsaziorik txikienetan sakontzea; askotan haietaz ahanzten bagara ere, bizirik egotearen mirari handi eta ulergaitza gauza txikietan hobeto dastatzen dudalako. Edertasunik handiena askotan gauza txikienek gordetzen dute.
Eskaladaz egiten duzu gogoeta liburuan. Zer da eskalada Eider Elizegirentzat?
Eskalada gauza asko dira. Hasteko eta behin, erabat harrapatzen nauen jarduera liluragarria da. Munduan egon eta bertan zehar ibiltzeko modu bat da. Bizigabea dena maitatzeko eta, bide batez, neure buruaz asko ikasteko era bat. Gorputza mugitzeko eta izatearen pertzepzio berriak jasotzeko bide bat. Arnasa hartzeko, materia, airea, gorputza, poza, beldurra sentitzeko modu bat. Lagunekin harremanetan jartzeko medio bat. El hilo gris liburua da galderari emango niokeen erantzuna.
Mendia. Argitalpenak. Eider Elizegi. Mendizalea eta idazlea
«Presa handiegiz ibiltzen gara mendian»
'El hilo gris' liburuan harkaitzei ateratako argazkiak eta eskaladari buruzko gogoetak bildu ditu Eider Elizegik. Istorio txikietan eta bizipen intimoetan oinarritu du lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu