Ari zaizkio osatzen zauriak Alex Txikoni (Lemoa, 1981). Pixkanaka. Oinetan dituen izozketek erremedioa badute. Horiek osatuko zaizkio. Arrasto sakonagoa utzi diote hiru hilabeteko espedizioan bizi izandakoek. Lan handia egin zuten Karakorumgo neguan, eta Gasherbrum I mendiaren (8.068) hegoaldeko horman bide bat ireki zuten. Gailurrerako saioan, ordea, taldekide zituen hiru mendizale hil ziren: Gerfried Goschl, Nisar Hussein eta Cedric Halhen. Ezbeharrak eta ordutik bizi izandakoek utzi dizkioten zauriek mantsoago osatu beharko dute. Asteartean itzuli zen Txikon Lemoara, Zaragozako MAZ ospitalean bi aste egin ondoren. Etxeko epelean egin du azken hilabeteetan gertatutakoen inguruko gogoeta.
Hasteko eta behin, zer moduz zaude?
Erantzuteko galdera zaila da, batzuetan ongi nagoela esango nizuke eta beste batzuetan txarto nagoela. Fisikoki hobetzen ari naiz: eskumako hanka primeran daukat, eta ezker oineko behatz lodian ebakuntza egingo didate, maiatzean. Erabat belztuta dagoen txapela kenduko diote behatzari, goiko zatia. Ez da ezer larria, eta hezurrik ez dute ukituko. Egunerokoan ez dut antzemango behintzat.
Izozketak nola ari zara zaintzen?
Egunero ari naiz medikazioa hartzen eta hankak ur berotan sartzen. Maiatzaren 2an ospitaleratuko naute Zaragozan, eta hilaren 3an pasako naiz kirofanotik. Beldurra diot ebakuntzari, ez bainaiz inoiz kirofano batera sartu. Behatzik gabe bizi daitekeela badakit, baina errespetu handia ematen didate ebakuntzek. Aste batzuk beharko ditut erabat osatzeko.
Urtarrilaren 11n irten zinen Lemoatik, eta hiru hilabetera itzuli zara etxera. Luzea egin al zaizu espedizioa?
Oso luzea eta gogorra, psikologikoki batez ere. Hiru lagun mendian geratu dira, eta ez dakigu zer gertatu zaien. Erantzun gabeko galdera asko ditugu oraindik.
Izozketak zauri fisikoak dira, baina espedizioak arrasto sakonagoak utzi dizkizu, ezta?
Tontorreko saiotik jaisten ari nintzela, gure bila igotako taldekideak ikusi nituenean etxean banengo bezala sentitu nintzen, eta erabat salbu beheko kanpalekura jaitsi nintzenean. Baina burua mendian nuen, ez genuelako Gerfried, Nisar eta Cedricen berririk. Haienganako kezka areagotu ahala, beheko kanpalekuan geundenon artean eztanda egin zuen giroak: urduritasuna, tentsioa, negarrak... Egoera bitxia genuen beheko kanpalekuan. Poloniako espedizioarekin geunden, eta haietako bi tontorrera igo ziren. Poloniatik zorion dei asko jasotzen zituzten, eta igoerari buruz galdetzen zieten, normala denez. Ni erdian nengoen, poloniarrengatik pozik, baina taldekideengatik kezkatuta. Oso sentipen arraroak izan nituen.
Poza eta atsekabea, heriotza eta bizitza. Mendian gertu daude, ezta?
Oso gertu, eta une haietan bien erdian nengoen. Beheko kanpalekutik ia denek alde egin zuten hurrengo egunetan, eta hiru lagun geratu ginen bakarrik, martxoaren 17tik 22ra. Gogorra egin zitzaigun, Nisarren lehengusu Abbasi batez ere [espedizioan parte hartu zuen, sukaldeko lanean]. Psikologo lanak egiten aritu nintzen harekin, eta ni neu ere ez nengoen onenean. Oso egun gogorrak izan ziren.
Atzera begira jarri, eta zerbait aldatu al da espedizioa hasi aurreko Alex Txikonen eta egungoaren artean?
Gertatutakoa freskoegi daukat, eta etxera itzuli berria naiz. Denbora behar dut nire baitan zerbait aldatu den jabetzeko eta han gertatu zaigunaz hausnartzeko. Hiru lagun mendian utzita itzuli gara, eta haiengan eta haien senideengan pentsatzen dut batez ere; Gerfrieden bi neskatoengan, Nissarren hiru seme-alabengan... Haiek bisitatzera joan nintzen Skardun, eta Gerfrieden hileta astelehenean izan zela badakit, baina ezin nintzen joan. Bizirik geratzen direnentzat da egoera gogorra.
Gogortasun hitza aipatu eta aipatu ari zara elkarrizketan.
Bihotzean min gehien sentitu nuen momentua beheko kanpalekura bila etorri zitzaigun helikopterora igo eta bailaratik urrundu ahala sentitu nuen. «Orain bai, benetan galdu ditugu lagunak». Hamahiru egun ziren haien berririk gabe, eta jakin bagenekien hilik zeudela, baina helikopterotik Gasherbrum I mendia eta mendiaren hegoaldeko horma ikusteari utzi nionean barneratu nuela uste dut.
Taldekideekin tontorreko saioan ez igotzea erabaki zenuen, eta egun bat beranduago abiatzea. Zergatik?
Ez nuen uste aukera ona zenik. Hegoaldeko hormako bidea irekia genuen, baina ez genekien ondoren zeharkatu beharreko plateau-a zer baldintzatan zegoen, ez eta eguraldiak eutsiko zion. Iragarpenak ez ziren onenak, eta zalantza asko nituen. Senak ez igotzeko esaten zidan, eta jaramon egin nion. Jendeak tontorreko trena gal nezakeela esaten zidan, eta horrek presio bat eragin ziezadakeen. Diru, ilusio, ahalegin eta denbora asko jarri dut iazko eta aurtengo espedizioetan, baina erabaki zuzena hartu nuen.
Zenbatetan pentsatu duzu erabaki horren inguruan?
Askotan. Neure buruari galdetzen diot haiekin joatea erabaki izan banu non egongo nintzatekeen. Akaso, haiekin igo izan banintz, denok emango genuen buelta, edo haiekin jarraituko nuen. Ezin jakin, baina litekeena da ni ere haiekin joan izana...
Halako gertaera batek zenbateraino baldintza ditzake etorkizunean har ditzakezun bideak?
Ikusi beharko litzateke erronka baten aurrean nola jokatuko nukeen, baina uste dut mendizaleok jakin badakigula non eta zertan gabiltzan. Gertatutakoari irakurketa baikor bat egitearren, uste dut erabakiak hartzeko garaian halako bizipenek eragina izango dutela.
Ezbeharrak itzalpean utzi du Gasherbrum I mendian egin duzuena. Hegoaldeko horman bide berria ireki duzue, eta gailurretik gertu geratu zarete. Zer balorazio egiten duzu?
Hegoaldeko horman bide edo aldaera berri bat irekitzea zerbait badela uste dut. Bide teknikoa da. Lehenengo zatia ez da oso tentea, baina handik gora eskalatu egin behar da, ez da txantxetan hartzekoa. Bidearen inguruko informazioa biltzea, krokisa egitea eta bideari izena jartzea dagokigu orain. Neurri batean, horretarako ardura nik izan behar dudala iruditzen zait; iazko eta aurtengo espedizioetan parte hartu nuelako. Gertatutakoaren ondoren, orain arte ez zen horretarako une aproposa. Iaz, hiru lagun egon ginen mendian, eta, aurten, zazpi. Guztion artean egindako lanaren emaitza hor dago.
Gasherbrum I mendia bide arruntetik igo zuten poloniarrek. Zer iruditu zaizu haiek egindakoa?
Poloniarrek ez dute akatsik egin. Bide normaletik joan dira, eta egin beharrekoa primeran egin dute. Tarterik zailena beheko kanpalekutik lehenengorako eremua zuten, glaziarra erabat hautsita zegoelako, eta kosta egin zitzaien gainditzea. Handik gora ongi egin zituzten gauzak: egunean eguneko plangintza eta lana bete zituzten, eta Janusz Golab eta Adam Bielecki tontorrera iritsi ziren. Asko poztu nintzen haiengatik, oso jende jatorra delako. Espedizioan buru izan duten Artur Hazjer nabarmenduko nuke. Hura izan da arrakastaren giltzarrietako bat, eta poloniarren gailurra talde lanaren emaitza izan da. Arturrek jakin du erabakiak hartzen, eta gauzak oso ondo egin dituzte, arriskuak neurtuz.
Zuek zazpikotea zineten, baina hasieratik aritu zineten bi taldetan: Carlos Suarez espainiarra eta zu zeu, batetik, eta gainerakoak, bestetik. Autonomian aritu al zarete?
Bi taldetan aritu gara. Gerfried dokumental bat grabatzeko asmoarekin joan zen, eta iruditzen zait eskalada eta dokumentala nahastu egin zituela batzuetan. Carlosek eta biok horma prestatzen eta bidea irekitzen lan handia egin dugula uste dut. Eztabaidarik ez da izan gure artean, baina egokiagoa zatekeen lauko eta hiruko taldeak osatu bagenitu.
Bide berri bat ireki duzue zuek; poloniarrak bide arruntetik igo dira. Zeri ematen diozu garrantzi handiagoa?
Negua delako eman dit pena igo ez izanak. Neguan igo gabeko mendi batek badu erakargarritasun berezi bat, baina loa ez dut galduko horregatik. Uda izan balitz, bide berria irekitzearekin gustura nengoke. Ez naiz estatista bat, baina ez dut uste neguan bide asko ireki denik zortzimilakoetan.
Mendia. Alex Txikon. Mendizalea
«Senari egin nion jaramon»
Zaragozako MAZ ospitalean senda-agiria jaso, eta etxera itzuli da Alex Txikon. Gasherbrum I mendira neguan egindako espedizioak arrasto sakonak utzi dizkio, oinetako izozketak eta taldeko hiru mendizaleren heriotza tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu