Mendi lasterketen Skyrunner World Series 2011 kopa irabazita, handia egin du Oihana Kortazarrek (Elgeta, 1984). Igandean jokatu zen, Leccon (Italia), kopako seigarren eta azken lasterketa, Sentiere delle Grigne. Aurrekariak eta ordura arteko emaitzak aintzat hartuta, eskura zuen titulua Kortazarrek, eta nahikoa izan zuen bigarren helmugaratzea. Amatasuna tarteko, urte eta erdi egin zuen mendi lasterketen zurrunbilotik kanpo, eta indarrean itzuli da. Espainiako Kopa eta Txapelketa zituen denboraldiko helburuak, eta, azkenerako, Europako Txapelketa eta Munduko Kopa ere irabazi ditu. Italiatik bueltan erantzun ditu galderak, urtebete pasatxoko Aimar semearen loaldia baliatuta.
Hitz batean 2011. urtea laburtzeko eskatuta…
Pentsaezina izan da, imajinaezina.
Zergatik?
Amatasunaren ondoren mendiko lasterketetara itzuli nintzenean ez nuelako berehalakoan pentsatuko eman dudan maila emango nuenik. Lana egin dut, gogotik entrenatu naiz, eta emaitzak horren ondorioa dira, ez kasualitatea. Dena dela, ez nuen halakorik imajinatzen.
Denboraldiaren hasieran Espainiako Kopa eta Txapelketa zenituen helburu. Txiki geratu dira asmo horiek, ezta?
Izan duen oihartzunean antzeman dut hori. Espainiako Kopa irabazita inork ez zion garrantzirik eman; aste honetan, berriz, komunikabide gehiagok deitu didate. Dena dela, niretzat garaipen eta lasterketa guztiek izan dute garrantzia, Espainiako edo Euskal Herriko probatan parte hartzen duten lasterkariek ere badutelako maila eta meritua, eta denek ez dutelako kanpora lehiatzera joateko aukerarik. Badirudi, Mundu hitzak Espainia edo Euskal Herria gainditzen dituenez, txiki utzi dituela besteak.
Zer garrantzia ematen diozu Munduko Kopa irabazteari?
Badakit gauza garrantzitsu bat irabazi dudala, baina kirolari askok ulertuko didate esango dudana: nahiz eta poztasun handia sentitu, ez diot duen garrantzia eman, akaso oraindik ez dudalako erabat sinetsi. Jendeak zoriontzen zaitu, komunikabideetatik deitzen zaituzte, baina, urteko helburuen artean ez nuenez, kosta egiten ari zait sinestea.
Igandea, Lecco (Italia), Munduko Kopako seigarren eta azken proba. Nolako lasterketa izan zen?
Gorabehera handikoa. Larunbatean oso eguraldi ona egin zuen, baina iganderako aurreikuspenak oso txarrak ziren, eta bete-betean asmatu zuten: ekaitza, tximistak, euria… Goizeko zazpietarako deitu gintuzten irteera puntura, eta 09:30ak arte ez ginela irtengo aurreratu ziguten. Eguraldia ikusita, 43 kilometrotik 35era murriztu zuten ibilbidea, eta behin lasterketa hasita erabaki zuten 28 kilometrora gutxitzea. Azken erabaki hori ez genekien lasterkariok, eta ezustekoa izan genuen.
Denboraldiko beste lasterketa batzutan bezala, Emanuela Brizzio eta biak izan zineten lehian.
Hasieratik jarri nintzen lasterketaren buruan, baina maldan behera ni baino trebeagoa da Brizzio, eta hiru aldiz saiatu zen jaitsieran erasoa jotzen. Lehenengo bietan eutsi ahal izan nion, baina hirugarrenean ez. Dezente falta zen helmugarako eta hurrena zetorren 900 metroko malda tentean harrapatzeko saioa egin nahi nuen; ibilbidearen murrizketa tarteko, ordea, ez genuen malda hori igo. Zuzenean jaitsi ginen helmugara, lasterkarion ezusterako.
Brizzio eta Corinne Favre izan dituzu aldamenean Kopako podiumean. Mendiko lasterketen bilakaeran itzal handiko emakumeak dira.
Urte asko daramate mendian, eta sasoian daude oraindik, nahiz eta Favrek, adibidez, belaunetako arazoak dituen. Poz handia eman dit halako bi kirolariren aurretik sailkatzeak, eta asko poztu nintzen Brizziok irabazi zuelako igandeko lasterketa. Izaera aldetik bateko edo besteko pertsonak gara guztiok, baina aurten ezagutu dut Brizzio, eta benetan ezagutzea merezi duen emakumea da.
Jabi Olabarria hirugarren, taldekakoan Euskal Mendizale Federazioaren selekzioa bigarren… Emaitza dotoreak dira.
Taldeka gertu izan dugu garaipena, oso puntu gutxiren aldea kendu digutelako Kataluniako lasterkariek. Pozik gaude, eta azken urteetako denboraldirik onena izan dela uste dut. Jabiren podiumak poztu gaitu; hainbeste urteren ondoren, merezitako saria du.
Ia hogei lasterketatan parte hartu duzu [kontua galdua du]. Ez al dira lasterketa gehiegi?
Asko dira, eta denboraldiaren uneren batean nekatuta sentitu naiz, baina buru aldetik ez zait astuna egin. Jakin dut lehiaketa eta atsedena bereizten eta nire burua zaintzen. Eten horiek hartzea garrantzitsua da. Lasterketa batzuk helburutzat hartu eta horietara joatera mugatu naiz, eta alferrikako ahaleginik ez egiten helburutzat ez nituen lasterketetan.
Mendi maratoiak, kilometro bertikalak… antzekotasun gutxi duten probak dira. Non moldatzen zara ondoen?
Nahiago ditut distantzia laburrekoak, 25 kilometro artekoak, esaterako. Hortik gorakoetan txisparik gabe bukatzen dut. Aurten 30 kilometrotik gorako lasterketak izan dira gehienak, eta, azkenerako, distantzia horietara ohitu dut gorputza. Prestaketa zehatza egin dut horietarako, Jokin Lizeaga entrenatzaileak lagunduta; hilero helburuak aztertu, lana eta familiarekin nituen konpromisoak ikusi, eta horren arabera entrenamenduak antolatu dizkit.
Denboraldia azken txanpan sartu da. Ba al duzu beste lasterketarik begiz joa?
Anbotoko kilometro bertikalera eta azaroaren 5ean jokatzekoa den Europako kilometro bertikalen txapelketara joango naiz; bitarte horretan zer egin zalantzak ditut: urriaren 23an lasterketa bat dago Malaysian, eta hara joateko gonbidapena daukat. Tentagarria da, baina oso bidaia luzea da, eta zalantzak ditut; Malaysiara ezin da asteburu pasa joan, eta lanarekin eta semea ez ikustearekin uztartzea zaila egingo zait. Bidaia nola antolatzen duten ikusita erabakiko dugu.
Mendiko lasterkariak ez zarete profesionalak; lana, etxea, familia eta entrenamenduak uztartzeko nola moldatzen zara?
Gogoa jarrita, konstantea izanda eta eguna puzzle baten moduan antolatzen jakinda; libre dudan tarteetan entrenatzen dut, ez gogoa dudanean. Goizeko bostetan jaiki naiz askotan, entrenatzera joateko; lanera joan aurretik entrenatuta, arratsaldean semearekin egoteko modua dut, eta ez diot Aimarrekin egoteari ordurik kendu nahi. Arratsaldeko bostetan haurrarekin parkean ikusten nautenek pentsatuko dute: «Noiz entrenatzen du Oihanak?». Bada, goizean goiz bizikleta hartuta, edo lanera bazkaria eraman eta eguerdiko tarteak baliatuta. Laguntza ere beharrezkoa da, eta nik Jon bikotekidearen laguntza handia dut.
Amatasunetik goi mailako kirolera itzuli diren emakumeak ez dira hainbeste. Zure kasuan Aimar semea izan al duzu pizgarrietako bat?
Motibazio handia izan dut. Lasterketarik gabe ere, haurrei kirolarekiko eta naturarekiko zaletasuna irakats dakieke, baina nik lasterketen bidez erakutsi nahi diot ama nolakoa duen. Seme-alabak dituzten bikoteetan gizonak kirola egitea izaten da ohikoena, eta ama umeak zaintzeaz arduratzen da, edo kirola utzi behar izaten du. Gure kasua bestelakoa da, eta umeak hori ikustea nahi dugu. Lasterketa gehienetara eramaten dugu gurekin, eta pizgarri handia dut Aimar semea.
Irabazi duzun lasterketa uzta handitik bat aukeratzeko eskatuko banizu, gogoangarriena…
Bat berezia izan bada, Zegama-Aizkorri izan da; Munduko Kopako lasterketa, etxean, jende asko ikusten... Guretzat ez ezik, kanpotik datozen korrikalarientzat ere erreferentzia bihurtu da. Nire kasuan, gainera, denboraldiko helburuak birplanteatzeko eguna izan zen; Zegaman irabazita ikusi nuen Munduko Kopan lehiatzeko aukera.
Zer alde dago duela lau urte Arnoko mendi lasterketan probatzera irten zen Oihana Kortazarren eta egungoaren artean?
Pertsona gisa, askorik ez. Mendian zer edo zer hobetuko nuen, aldapak jaisten eta mendian mugitzen, esaterako. Eta hasiberri baten inozentzia galdu eta lasterketa batzuetan parte hartu ahal izateko aurpegi gogorra jartzen ikasi dut.
Mendia. Mendiko lasterketak. Oihana Kortazar. Mendiko lasterkaria
«Sinestea kostatzen ari zait»
Mendiko lasterketen Munduko Kopa irabazi du Oihana Kortazarrek, igandean Sentiero delle Grigne lasterketan bigarren bukatuta. Amatasunetik indarrean itzuli da, eta denboraldi dotorea biribildu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu