Mendia da haren ogibidea. Oinez, bizikletaz edo hegalka zeharkatzen du. Udako lehen egun hauetan Iratiko xendetatik ibiltzen da GPSarekin, gero nornahik bere tresnan ibilbidea sartu ahal izateko. Berea ez dela kirola dio, ez diola kronometroari begiratzen. Pipas ezizenarekin ezaguna da.
Uda hasi berri da. Sasoi ona da mendi gidari batentzat?
Nik erran nezake uda dela kasik txarrena. Uste dut udazkenean eta udaberrian haboro lan egiten dugula, eta neguan ere bai, elur erraketekin bereziki. Lekuko jendeek nahiago dute uda aitzin edo gero ibili mendian.
Duela guti ezbeharra agitu zen hemendik hurbil. Udan ere mendiak baditu bere arriskuak...
Iragan urtean malur bat agitu zen San Martingo Harrian. Hegoaldeko bikote bat zen. Lainoak atzeman zituen eta galdu ziren. Biharamunean atzemanak izan ziren biak, hilik. Zergatik? Ez zirelako ontsa jantzi. Bortuan galtzea gauza bat da, baina ez da hori baizik. Ni arropekin hasiko nintzateke. Jendeak, ikusiz uda dela, galtza motz eta kamisetekin joaten dira. Baina batzuetan agorrilean bortu goretan, Pirinioetan ere bai, elurra jiten da. Zenbaitetan, martxoan eta urrian bero egiten du, eta uztailean eta agorrilean, hotz.
Bide batez, publizitatea egin ezazu. Hobe gidari batekin joatea ere, ez?
Ez, ez. Bada aski xenda denentzat. Orain ari gara berritzen Iratiko xendak, heldu den urtean agertuko direnak. Ontsa markatuak diren xendak jendeek berek hartzen ahal dituzte. Hori bai, aholku batzuk eman behar zaizkie. Baina taldean beti bada bat bortua ontsa ezagutzen duena. Zer da gidari bat? Diploma baduen norbait. Horrek segurtatzen du ezagutzak badituela, baina lagun bat aski da, ezagutza baldin badu.
Dena den, zure publizitate onena ez ote da Everestera igo izana?
Ez dut uste. Hasieran publizitatea egiten du, bai, dudarik gabe, baina jendeak beldur ziren pentsatuz enekin Everest bat eginen zutela [irriak]. Ez dira ene hitzak; emazte batek erran zuen: 'bakoitzak bere Everest'. Egun batez Ori puntara joan nintzen adineko emazte batekin. Gain hartan kasik negarra banuen begietan, haren helburua baitzen egun batez hori egitea.
Nonbait, eroa izan behar da goi mendian ibiltzeko... zenbat arrisku!
Bai, baina zenbait aldiz behar da eroa izan igande goiz batez autoa hartzeko! Zenbaitetan arrisku handiagoa bada auto batean, eta horretan ez duzu nahitara egiten. Iragan neguan Azkaratzera joan ginen lagunarekin, goizeko hiruretan jaikirik. Hara heltzean ikusi genuen elurra ez zela aski izoztua, arriskua bazela. Gibel egin genuen, eta goizeko bederatzietan kafe on bat edan genuen terraza batean. Batzuetan gorputzean eta buruan badakizu behar dela gibel egin. Hautuen egiteko, behar da burua ontsa ukan, eta ez da beti jendea segitu behar.
Bestalde, zure lanak munduan zehar bidaiatzeko parada ematen dizu...
Uste dut bakoitza maite dituen gauzak egiten saiatzen dela. Gero ez da sinple lana atzematea. Gazteei erraten diet oxigenoa behar dutela; zenbait onddoetara joanen dira, besteak arrantzara edo bizikleta egitera... Lana gustukoa ukaitea beste gauza bat da. Maluruski ez da hola izaten anitzetan.
Iratiko xendak berritzen ari zarete GPSarekin. Orain tresna horretan datuak sartzea nahikoa da mendian ibiltzeko?
Hori telebista edo aldizkarietako publizitatea da. Baina nik uste GPS bat baliatzeko jadanik behar dela mapa bat irakurtzen jakin, eta topografian ezagutzak ukan behar dira. Geroan, nik uste, beharko diren biak ukan, GPSa eta mapa zakuan, iparrorratza ere bai badaezpada. GPSak laino pean laguntzen ahal du.
Iratira, besteak beste, jende asko jiten da udan. Oro har, mendia errespetatzen ote dute?
Badira bi motatakoak. Lehenik bortura autoz joaten direnak eta aparkaleku inguruan egoten direnak. Horiek, normalki, zikinkeriak uzten dituzte. Baina gero eta haboro ikusten dut ibiltzera joaten direnek hondakinak biltzen dituztela. Mendia garbi ikusi nahi dute eta hala uzten dute.
Mendian, borroka batzuk izan da, hala nola gasbidearekin Zuberoan... Oraindik mehatxuak badira?
Bai. Ene ustez, arriskuak beti badira. Behar da bizi oraingo denboretan, baina bortuan badira bide sobera. Normala da artzainek bideak ukan ditzaten, baina gune batera, batzuetan, hiru bidetatik joan zaitezke. Gibelean etekina badelarik, beti bada arriskua. Dudarik gabe. Eta gasbidearen kontrako borrokak ukan duen gauza ona da gu bezalako mendizaleak juntatu garela lekuko jendeekin, gauza bera defendatuz. Laborariak edo artzainak ekologistekin ber mahaian jar daitezen da ene ametsa.
Robert Larrandaburu
«Taldean beti bada bat bortua ontsa ezagutzen duena»
Mendian iragan du bizia. Gidaria da, eta, Zuberoako mendietara ez ezik, Afrikara edo Hego Ameriketara eramaten du jendea. Everestera ere igo zen, lagun batzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu