Mendia. Alpinismoa

Trilogia Alpeetako ipar hormetan

Matterhorn edo Cervino mendian 'Sebastien Gay Memorial' bidea librean eskalatuta biribildu du Robert Jasperrek aurrez Jorasses Handietako eta Eigerreko ipar hormetan hasitako bidea. Azken bi jarduera horietan Roger Schaeli izan du sokalagun.

2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Matterhorn, Eiger eta Jorasses Handiak. Ipar horma aipatu eta Alpeetan erreferentzia nagusietako hiru horietara bidaiatzen du alpinistaren gogoak. Mendizale orok ikusi du inoiz haien irudirik aldizkari edo liburuetan. Mendizale askok bisitatu dituzte bertatik bertara Alpeetara egindako bidaietan. Mendizale zaildu eta prestatuak abiatzen dira ipar horma horietako bide arruntetan gora, eta gutxi batzuk baino ez dira ausartzen horma horietan zizelkatu diren biderik zailenak eskalatzen.

Robert Jasper alpinista trebatua da, denetariko jarduerak egin zalea. Alpeetako hiru ipar horma horietan utzi du arrastoa, zortzi urteko tartearekin. Berriki eskalatu dute Jasperrek eta Roger Schaelik Matterhorn edo Cervino mendiaren ipar hormako Sebastien Gay Memorial bidea. Librean eskalatu ere. Egun bakarra baliatu dute horretarako: 16 ordu eta erdiko eskalada, mila metroko harkaitz eta izotz bidea igotzeko.

Bidea Jean Troilletek, Martial Dumasek eta Jean Fredriksenek ireki zuten, 2008an. Troillet bera hiru urte lehenago saiatu zen bidea irekitzen, Sebastien Gay sokalagun zuela. Horman ohikoa da harriak erortzea, eta horrek behartu zituen jaistera. Handik gutxira hil zen Gay, parapentearekin eskiatzen ari zela, eta haren izena jarri zioten bideari Troilletek, Dumasek eta Fredriksenek.

«Alpeetako biderik luze eta zailenetakoa da, eta eskalada modernoaren adierazgarria. Harkaitzean eta izotzean eskalada moderno bat egin nahi nuen, aurrez Jorasses Handietan eta Eigerren bezala. Tentuz eskalatu behar da,babesteko lekuak ez direlako aproposak», azaldu ditu bidearen ezaugarriak Jasperrek.

Jorasses Handiak eta Eiger

Matterhorn mendiaren ipar horma baldintza egokietan topatzea ezohikoa izaten da, baina uda bukaerako eta udazken hasierako eguraldiak Alpeetako horma eta bide garrantzitsuenak eskalatzeko modua eman du. Berriki izan ziren Mikel Zabalza, Kepa Escribano eta Mikel Saez de UrabainJorasses Handietako No siesta eskalatzen. Han egin zuen Jasperrek, hain zuzen, Alpeetako ipar hormen trilogiaren lehenengo urratsa, 2003an. Ordura arte librean gainditzeke zegoen bideari puntu gorria jarri zioten Jasperrek eta Markus Stofferrek.

Bigarren urratsa Alpeetako ipar hormarik sonatuenean egin zuen: Eiger mendian, 2010ean. Ez zioten alferrik jarri mendiari Eiger izena: ogroa, alemanez. Suitzako Alpeetan dago, eta ia bi mila metroko ipar hormak egin du ezagun. Ogro-an gora John Harlin bideari jarri zioten puntu gorria Jasperrek eta Roger Schaelik. Hiru egunetan gainditu zuten 1.800 metroko harkaitz eta izotz bidea (M8, 7a, E5). Bidea 1966an ireki zuen John Harlinek, eta orduko hartan horma eskalatzeko jarri zituzten iltze eta pitoiak horman zeuden oraindik ere. Horiek saihestu eta elementu artifizialik gabe eskalatu zuten Jasperrek eta Schaelik, estilo askean.

«Hiru horma horietako bide bana eskalatzea amesten nuen, estilo librean. Aurretik librean zergatik ez ziren eskalatu galdetzen nion neure buruari. Arrazoietako bat duten arriskua da. Etorkizunari begira jartzeko eskaladak direla uste dut, eta belaunaldi gazteek hartu beharreko bidea, eskalada modu hori Himalayara eramateko», egin du gogoeta Jasperrek. Osatu du trilogia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.