Mikel Zabalzak, Juan Vallejok eta Alberto Iñurrategik alde batera utzi dute Nuptseko hego hegaleko paretan bide berri bat zabaltzeko ideia. Hasiera batean, espedizioaren helburuetako bat beste bide bat zabaltzea zen arren, pareta ikuskatu, eta atzera egin dute asmo horretan. Britainiarren bidetik igotzea erabaki dute, estilo alpinoan.
Astelehen eguerdian irten ziren Nuptseko hego hegaleko paretara bidean, egokitze prozesuarekin jarraitu eta paretarekin ohitzen hasteko. Egokitze aldi horretan, Nuptsera joan aurretik, Island Peak eskalatu zuten hiru mendizaleek.
Walmsleyk eta Boningtonek ireki zuten britainiarren bidea, 1961ean. Espedizioko kideek hiru egun egin dituzte garaiera desberdinetan, eta helburua argi daukate: estilo alpinoan egiteko egokia dela iruditzen zaie.
Konpromiso handiko jarduera izango dela eman dute aditzera mendizaleek, pareta oso garaia baita, eskalada teknikoa eskatzen dutenetakoa. Gainontzeko bideek ez omen dute baldintza hoberik bermatzen, espedizioko kideen aburuz.
5.200, 5.800 eta 6.300 metrotan pasatu dituzte gauak lehen igoera horretan. Bidea zaila bezain ikusgarria dela diote. Izotzetan eskalatu beharko dituzte paretaren metro asko, eta eguzkiaren berotasunak asko okertzen du egoera, izotza bigundu egiten baitu, eta, hala, arriskua handitu egiten da.
Herenegun, mendiaren ertzera iristen ari zirela, haize bolada zakarragoak hasi ziren, eta gauean, 6.300 metrora zeudela, oso bolada zakarrak izan zituztela adierazi dute.
Atzo, lau ordu behar izan zituzten Chukungeko kanpalekura iristeko.
Mendia
Vallejo, Zabalza eta Iñurrategik ez dute bide berririk irekiko
Pareta ikuskatu, eta britainiarren bidetik igotzea erabaki dute, besteek ez baitute baldintza hoberik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu