Zabalza, Vallejo eta Iñurrategi Antartika gurutzatzen saiatuko dira

Azaroan ekingo diote, bi hilabeteko espedizioa izango da, hego polotik pasatuko dira eta 3.500 kilometro egingo dituzte

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza Antartika mutur batetik bestera gurutzatzen saiatuko dira azaroaren 15etik aurrera, Naturgas-BBK Transantartika espedizioan. 3.500 kilometroko ibilaldia egin nahi dute, bi hilabetean, eta hego polotik pasatzen saiatuko dira. Bidean Antartikako hainbat mendi igotzen saiatuko dira. Kometa batzuen laguntzaz egingo dute espedizioa, baina haizerik ez dutenean ibili egin beharko dute, lerei tiraka. Abenturazaleek Ronald Admunsenen espedizioaren mendeurrena ere omendu nahi dute, hura izan baitzen kontinente izoztua gurutzatu zuen lehena, 1911ko abenduan.

Iragan udaberrian Groenlandia gurutzatu ondoren, euskal abenturazaleek munduko beste muturrean egingo dute saioa. «Artikoan ikasitakoa erabiltzeko garaia da, bai kometen erabileraren inguruan, bai nutrizioan, bai plangintzan... Hori bai, espedizio hau gogorragoa izango da, baldintza okerragoetan ibiliko garelako, baina errepikatu nahi dugun esperientzia bikaina izango da», azaldu zuen atzo Vallejok. Hirurak mendizale zailduak dira, eta hastear dagoena elkarrekin eginiko bosgarren abentura da.

80-90 egun arteko bidaia

Hirukoteak Lurmutur Hirian(Hegoafrika) hegaldia hartuta joko du Antartikara, eta Hego Amerikarako norabidean gurutzatuko dute, Hercules Badiaraino. Mende hasierako abenturazaleak omentzeko modurik onena inolako laguntzarik gabe saiatzea dela iritzi diote, eta soinean eramango dute beharrezko ekipamendu guztia. 80 eta 90 egun arteko bidaia izango da, eta, horrenbestez, 170 kilo inguruko leratxo bat eramango du bakoitzak. Horiek haizearekin bultzatzeko hiru kometa eramango dituzte; sei, zortzi eta hamabi metrokoak, hurrenez hurren. Bidean, eta hego polotik pasatzeko bidean, iritsi baino lehen hain zuzen, Maud Erreginaren lurraldetik igaroko dira, eta han kontinenteko mendi ederrenetako batzuekin egingo dute topo. Horietako batzuetara igotzen saiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.