Askoren artean

2016-13-05

Iban Arregi Epelde / Kontseilari ordezkaria

Duela 25 urte Egunkaria bera bezala, euskal hiztunen komunitateak sortutako proiektua da BERRIA, Egunkaria indarrez itxi eta lau hilabetera; Euskal Herriak behar zuen eta gaur egun oraindik ere behar duen egunkari nazionala. Izan ere, ez dezagun ahatz, gizartean betetzen duen funtzio soziala da BERRIAren egiteko nagusia: euskara hedatzeko eta normalizatzeko tresna modernoa, euskal kulturaren sustatzailea, iruditeria propioa sortzeko eta gizarteratzeko bidea, herri gogoaren bilgunea, komunitatearen kohesionatzailea, iritzi aniztasunaren erakusleihoa, talde eta identitate guztien ahotsa…

Hamahiru urteotan BERRIAk iraun baldin badu, BERRIA Komunitatearen babesagatik izan da batik bat, BERRIAlagunengatik. Milaka eta milaka lagunek emandako babesari eta laguntzari esker ez balitz, zail luke euskarazko egunkari batek honaino iristea, eduki eta produktu mailan ez ezik hizkuntzaren estandarizazioan eta normalizazioan ere egin duen ibilbidea egitea.

Hedabideak aldatzen ari dira, hori jakina da. Kontsumo ohiturak ari dira aldatzen, oro har. Eta halako paradigma aldaketa baten barruan, berritzea ezinbestekoa da, teknologikoki ez ezik beste hainbat arlotan ere garatuz joatea ezinbestekoa da egunkari batentzat, edozein hedabiderentzat. Eta berritzeko eta garatzeko, komunitatea ezinbesteko dugu; ezinbesteko, urtero bere ekarpena egiten duen BERRIAlaguna. BERRIAlagunak, BERRIAlagun harpidedunak, BERRIAlagun iragarleak. Ekarpen ekonomikotik harantzago, gure alboan etengabe hor dagoen BERRIAlagun hori. Horregatik, ezinbestekotasun horretaz jakitun garelako erabaki dugu orain webgune honekin beste jauzi bat ematea, BERRIA Komunitatearentzat ingurune digital oso bat sortuta; BERRIAlagunari orain arte baino gehiago emango dion ingurune digitala, komunitatea ehuntzen eta trinkotzen lagunduko duen ingurune digitala; azken batean, BERRIAlaguna ahalduntzen lagunduko duen ingurune digitala, BERRIAlagunarentzat egokitutako abantaila, zozketa eta funtzionaltasun esklusiboekin.

Krisia pairatu dugu, egoera zailak pasatu ditugu, eta pasatzen ari gara oraindik ere, egoera ekonomikoa eta merkatu egoera ez direlako batere aldekoak prentsarentzat, eta, gainera, erakunde publikoei ez diegulako ikusten benetako apustu estrategiko eta sendorik gure sektorea eta, oro har, kultura industriaren ehuna indartzeko, sustatzeko, egonkortzeko. Zorionez, baina, gero eta gehiago gara, gero eta BERRIAlagun gehiago, gero eta lagun gehiago proiektu honen alde zerbait emateko prest gaudenak.

Geure buruari egunerokoa opa genion askoren artean sortu genuen BERRIA, eta, orain, askoren artean garatzen segitzea da asmoa, berrituz joatea, sendotuz. Eskerrak, BERRIAlagun guztiei, orain arte emandako guztiagatik; denon ekarpenak ezinbestekoak izan dira orain arteko ibilian. Ea aurrerantzean lagun gehiago erakartzeko gai garen, bide luze eta emankorra dugu-eta oraindik aurretik.

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)