Berdintasun plana: Aukera bat

2016-21-06

Elene Barandiaran / Barne antolaketa arduraduna

 

Atzera begiratzeak zenbat “ikasi” dugun ikusteko balio digu, eta, alde horretatik, on egiten digu; era berean, egiteko zenbat dugun ohartzeko ere balio digu. Aurrera goaz, baina aurrera egin nahi dugulako.

Hotz egiten du kanpoan, eta BERRIAn, notizia non, gu han: kanpora begira aritzen gara. Oraingo honetan, ordea, barrura begiratu nahi izan dugu: zer ikasi eta zer desikasi, zer ikusi eta zertaz jabetu, zer aldatu eta zer landu, hori guztia gogoetatzeko BERDINTASUN PLANA osatu genuen iaz, BERRIA taldeko 2015-2019 bitarteko berdintasun plana.

Plana baliabide bat izan da, helburu bat baino gehiago; abiapuntua ere ez da izan, BERRIAn aspaldi hasita baikaude berdintasuna lantzen / kuestionatzen / eragiten; plan honen balio nagusia da bidea egituratzen dugula, ikusarazten dugula eta gure konpromisoa biltzen duela.
Hasteko, diagnostiko bat egin genuen iaz: datuak bildu, iritziak eskatu eta balorazioa egin genuen. Lanari helburu argi batzuk jarri genizkion:

- Berdintasuna irizpide gisa txertatzea enpresaren kudeaketan eta egiten dituen       produktu eta zerbitzuetan.

- Berdintasuna  enpresaren balio gisa lantzea.

- Konpromiso eta interes horrekin bat egiten duten pertsonekin bat egitea.

- BERRIA taldearen irudia eta proiekzioa lantzea.

- Ibilbide honetan hasi eta jarraitzea. Prozesu dinamiko eta irekia osatzea.

Diagnostikoa bukatuta, lau urterako plana osatu genuen, eta 10 helburu eta 24 ekintza zehaztu, lau lerro nagusitan banatuta:

- Langileak.

- Lan baldintzak.

- Antolakuntza.

- Produktuak eta BERRIA.

Urrats honen tamaina zer-nolakoa izango den, handia ala txikia, denborak esango digu, baina etxeko lanak mahai gainean ditugu. Aurrera goazen seinale.

 

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)