BERRIAren kontuak

2016-06-07

Iban Arregi Epelde / Kontseilari ordezkaria
BERRIA Taldearen 2015eko kontuak erregistro publikoan dira dagoeneko, eta, ekainaren 4an akziodunen aurrean egin bezala, BERRIA komunitatearen aurrean kontuak argitzera gatoz; pasatu dugun urteari begiratu bat ematera, aurrera egiteko. 2015a ez zen urte txarra izan, ekonomia aldetik begiratuta, BERRIA Taldearentzat, 50.000 euro inguruko irabazi batekin bukatu baitzuen. Egun dugun egoeran, prentsak oro har duen egoera zailean, benetan aintzat hartzeko emaitza da hori, horrela uste dugu; asko kostatako emaitza. Emaitza hori epaitzeko orduan, dena dela, bada kontuan hartu behar den detaile bat: BERRIAren argitaratzaile Euskal Editoreak 200.000 euro galdu zituen 2015ean, eta, Taldearen emaitza positiboa izan bada, Taldeko zerbitzu enpresen emaitzagatik izan da (marketin, telemarketin, banaketa, administrazio, komunikazio zerbitzuak).
Bestetik, ez da ahaztu behar BERRIAko langileen ahalegina, 2012an soldata jaitsi eta gero soldatak igo gabe jarraitzen baitugu (nahiz eta 2015eko abenduan, eta ikusita emaitza ekonomikoa ona izango zela, ohiko nominez gain 40.000 euro gehiago banatu ziren langileen artean). Zaila da lan baldintza nahi baino okerragoak uztartzea gero eta berrikuntza edota ekoizpen behar handiagoekin, baina badakigu, ondo dakigunez, zer den BERRIA, zer ematen dion herri honi, kultura honi, hizkuntza honi. Taldearen konpromisoak eta ilusioak, zorionez, hor diraute, eta horren ondorio dira etorri diren eta etorriko diren produktu eta emaitza berriak.
2015eko emaitzaren gaineko analisi azkar bat

* 8.800.000 euroko ustiapen kontua (aurreko urtean parekoa), eta 2013ko eta 2014ko joerari eutsiz, 2015a galerarik gabe bukatzea lortu da. Egindako ahaleginak merezi izan du, eta, krisiaren erdian egonik, emaitza oso ona dela uste dugu.

* Taldearen sarrera gehienak, %54, salmentek sortzen dituzte (produktu salmentak eta zerbitzu salmentak), egunkariak zein zerbitzuak. Aurreko urtetik, %1 eskaseko igoera izan da atal honetan (egunkari salmentaren jaitsiera, ordea, %1 izan da). Publizitateak behera egindakoan, handituz doa ehunekoa.

* Publizitatean aurreikusitakoaren gainetik ibili gara; 2008an krisia hasi zenetik bigarren aldiz, aurreko urteko fakturazioari eustea lortu da, igoera txiki batekin. Sarreren %21 (lehen, %40 inguru). Balorazioa ona izanik ere, kontuan hartu behar da 2008tik 2014ra publizitate fakturazioaren erdia baino gehiago galdu dela.

* Bestelako sarrerak guztiaren %19 inguru dira, eta hemen sartzen dira diru laguntzak eta BERRIA egunkariaren argitaratzaile Euskal Editoreak dituen aparteko sarrerak (promozioak eta beste). Taldeko ustiapen kontuan diru laguntzek duten pisua %16 da. 1.451.477 euro dira diru laguntzetan jasotakoak. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailetik berez datorrena, inbertsioetarako ez dena, 1.396.000 euro dira, %16.

* BERRIAlagunaren ekarpena. 517.000 euro.

 
Balantzearen gaineko analisi azkar bat
Balantze kontsolidatuak enpresa taldearen finantza egoera sendoa erakusten du:
BERRIA Taldeak 5.591.287 euroko balantze bat du, eta ezaugarri nagusiak hauek dira:

* Balantzearen zatirik handiena funts propioak dira; 4.764.719 euro, hain zuzen ere. Bertan, kapitalean bildutako 4.740.050 euroak, aurreko ekitaldietako 31.684 euroren galerak eta 2015. urtean sozietate nagusiari egotzitako 56.353 euroren irabaziak daude.

* Taldeak ez du finantza edo kreditu erakundeekiko inolako zorrik, eta zorpetze maila baxua du; soilik eguneroko funtzionamenduak sortzen dituen hartzekodunak, komertzialak batik bat.

* 2015eko abenduaren 31n, taldearen dirua hiru atal nagusitan dago: 2.859.661 euro, banketxeko kontu eta finantza inbertsioetan; 1.136.292 euro, partizipazio txikiak dauzkagun enpresetan (Hitzak, Hamaika, Bidasoa, Buruntzape...) eginiko kapital eta mailegu moduko inbertsioetan; eta 1.559.594 euro, bezeroek eta erakunde publikoek taldeko erakundeekin dauzkaten zorretan.

 
2016ari eta etorkizunari begirada azkar bat
2016ari 8.448.000 euroko aurrekontuari ekin dio Taldeak, 110.000 euroko defizit aurreikuspenarekin:
 

* Diru sarreretan, %6ko jaitsiera aurreikusi da 2016aren aldean.

* Gastuetan ere behera: %4 hasierako aurreikuspenean, 346.000.

* Esan bezala, 110.000 euroko galera duen aurrekontua dugu, eta urtearen aurreneko hilabeteak oso zailak ari dira gertatzen, BERRIAren etorkizuna asko zaildu dezaketen gertaera bakarren batzuk ikusten ari baikara:

o   Publizitate nazionala, batik bat instituzionala eta marka handiei dagokiena, oso pattal hasi da. 2015aren aldean, aurreneko hilabeteetan BERRIAk, adibidez, %85 gutxiago fakturatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta %86 gutxiago Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Horretaz gain, Kutxabankek, adibidez, %24 gutxiago inbertitu du 2016an BERRIAn.
o   Eusko Jaurlaritzak hurrengo hiru urterako diru-laguntza deialdia egingo du, eta deialdia ez batere egokia BERRIArentzat, 2014ko 210.000 euroko jaitsiera ekarri zuten irizpide nagusiak mantentzen direlako eta hurrengo hiru urtean deialdian ez delako diru gehiago egongo.
o   2014a arte BERRIAk beste erakunde batzuetatik jaso izan dituen bestelako laguntzak, inbertsio eta produktu berrietarako lortu izan direnak (Kutxa Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia), oraingoz, ez daude gure eskura.
Hurrengo hilabete eta urteetan, beraz, ataka zailean egon daiteke, berriz ere, BERRIA Taldea. Zorionez, badugu itxaropena eta ilusioa izateko arrazoirik, BERRIAlagunaren komunitatea ematen ari den erantzuna ezin hobea delako eta Taldearen diru iturri propioak gero eta gehiago handitzea dakarrelako horrek. Ezinbestean sakondu beharko da bide horretan, ezinbestean joan beharko da komunitatea handituz eta trinkotuz, denona den proiektu hau berritzen eta garatzen jarraitu nahi badugu.
 

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)