Edu Lartzanguren, CAF-Elhuyar saridun

2016-12-05

BERRIA /

Atzo egin zuten sari banaketa, Tabakaleran, Donostian. Kokalekua propio hautatua zuten: «Kultura Garaikidearen Nazioarteko zentroan gaude, ez baitugu zalantzarik kultura zientifikoa kultura dela». Mikel Laboaren Izarren hautsa kantua hartu zuten gogoan Elhuyarreko kideek.

Hainbat saritu izan ziren. Dibulgazio arloan, bi. Dibulgazio artikulu orokorrarena Xabier Artaetxeberriarentzat izan zen, Zergatik gara onak? artikuluagatik. Artaetxeberria doktoreak altruismoa landu zuen: hainbat ikerketek espezie bereko zein desberdinen arteko portaera altruistak direla erakutsi dute. «Baina hau ez al doa hautespen naturalaren aurka?» galderari erantzun dio, era «egoki eta erakargarrian».

Egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio saria, berriz, Antton Alberdik eskuratu zuen, Non hegoa, han zangoa: saguzar belarrihandi alpetarraren arrastoari jarraika lanagatik. Hainbat galderari erantzun nahian abiatu zuen tesia, eta alderdi teknikoenak ere «erraz» azaldu ditu lan sarituan. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari mezua bidali zion Alberdik: iaz, postdoc beka lortzeko elkarrizketara ezin izan zuen joan haren bikotekideak, beka lortzeko aukera galduz, bien haurra jaio zelako. Eusko Jaurlaritzatik ezin zela ezer egin erantzun zieten. «Hurrengo deialdian ikusiko zutela zer egin zezaketen esan zuten: deialdirako bi hilabete gelditzen direnez, esan iezaiozu begiratzeko ezer aldatu ote duten».

Behi eta berriz erreportajeagatik saritu dute BERRIAko kazetari Edu Lartzanguren, zientzia kazetaritzaren arloko lanen artean. Behien klonazioa izan zuen hizpide; epaimahaiak adituekin eginiko elkarrizketak, erabilitako infografia, diseinua eta hizkuntzaren aberastasuna azpimarratu ditu.

Zientzia gizartean sorkuntza beka, berriz, Enrique Hurtado Arte Ederretan lizentziadunak lortu zuen, Txalaparta digitala eta interaktiboa lanagatik; hemendik aurrera, lana garatzea egokituko zaio. Proiektu «landua, ondo zehaztua eta egingarria» dela ebatzi dute epaileek, eta teknologia librea erabiltzea goraipatu dute.

«Joandako» denboraz

Kepa Altonagak jaso zuen Merezimendu saria, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lanagatik. «Urteak joan, urteak etorri, beti izan zaitugu ondoan, beti bila, beti jakin-minez, beti zorrotz, beti apal», eskertu zion Txema Pitarke de la Torre Elhuyar Fundazioko lehendakariak. Hausnarketa bat plazaratu zuen Altonagak, joandako denborarekin ohartuta: «Gabriel Jauregiren eremu grabitatorioan atera ezinik gaude, izen bat esatearren. Hegaldi domestikoak ondo daude, eta lortu dugun eredu linguistikoarekin eroso egon gaitezke. Baina segun eta zer hegaldi egin nahi ditugun euskaraz, hegaldi transozeaniko bat egin nahi badugu, beste paradigma baten beharrean gaude».

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)