Erronka nagusiak aztergai

2016-24-10

BERRIA /

BERRIA Taldean hasi gara 2017ko Kudeaketa Plana eta egitasmoa prestatzen. Azken urteetan bezala, Kudeaketa Plana landuko duen taldea osatu da etxeko arduradunekin. Talde hori lanean hasi aurretik, ordea, hitzaldi-gogoeta saio bat egin nahi izan dugu etxeko langile guztiei irekita, helburu eta estrategia orokorrak partekatzeko asmoarekin.
Etxe barruan lanean hasi aurretik, egoki ikusi dugu BERRIA Taldean egiten ari garen lana kanpoko begirada kritiko baten bidez aztertzea. Horretarako, Josu Azpillaga Codesyntax enpresako proiektu arduradun eta BERRIAlaguna ekarri genuen gurera bere ikuspegia azaltzeko.

Bi gai nagusi izan genituen hizpide:

- Edukien lanketa, audientzia joerak, mugikortasuna, joera berriak...
- BERRIAlaguna, marketin digitala, mugikortasuna, joera berriak...

Aipatutako bi arlo horiek estrategikoak dira BERRIA Taldearentzat, hori argi dago, baina aurrera begira egin beharreko bidean bada zer hausnartu eta frogatu. Hain justu, saio horren helburua izan zen bi gai horien gainean gogoeta egitea BERRIA Taldeko langileen artean, jendearen ekarpenak jasotzea.


“Edukia da gure altxorra”

BERRIAk bere bidea egin du trantsizio digitalean, baina beti jarraitu ditugu gertutik kanpoan egiten direnak; ezinbestekoa da nazioarteko egoeraren erreferentzia batzuk ekartzea, joerak eta testuingurua hobeto ulertze aldera. Interneten zabalkundeak iraultza bat eragin du hedabideen eremuan, mota guztietako hedabideak trantsizio digitalari heltzera behartuz. Horren eraginez, hedabideen mapa erabat eraldatu da azken hamarkadan.

Teknologia berriek gure bizimodua erabat aldatu dute. Gure irakurtzeko moduak aldatu dituzte. Baita irakurtzeko ordutegiak ere. Nor ez da egon gauean sofan eroso etzanda sakelakoari begira? Edo sare sozialetan? Edo kontsumo lasterreko irakurgaiak irakurtzen?

Hedabideen garapenean teknologiak duen garrantzia aztertzeko, Hedabideen erronka teknologikoak solasaldia antolatu zuen BERRIAk urri hasieran. Kataluniako bi esperientzia ekarri genituen gurera: Marc Camprodon Ara egunkariko Teknologia zuzendaria eta Nació Digital agerkariko zuzendari Karma Peiro.

Ara egunkariko teknologia arduradun Marc Comprodonek Bilbon egindako solasaldian argi zioen beraien trafikoaren %60 sakelako telefonotik datorrela. Nació Digital-eko Karme Peirok, berriz, beraien agerkari digitaleko trafikoaren %70 mugikorretatik jasotzen dutela azpimarratu zuen. Bi hedabideek sare sozialetatik jasotzen duten trafikoa handia da, eta, horretan, “Facebook da errege”, Ara-ko arduradunak zioenez.

Gizarte ohiturak aldatzen ari dira, eta euskarazko irakurleak ere ez dira gutxiago. Berria-ren irakurle zaleak ere gero eta digitalagoak dira. Uda honetan, lehen aldiz, Berria-k bisita gehiago izan ditu sakelakotik, mahai gaineko ordenagailuetatik baino, eta sakelakoetatik jasotzen den irakurle kopurua handituz joango da etorkizunean.

Horri erantzuteko, BERRIAk mugikorrerako aplikazio berria du. “Orain BERRIAren edukiak modu erosoan eta azkarrean jasotzen ditu irakurleak”, Pello Urzelai BERRIAko IKT arduradunak aurkezpenean esan zuenez. “Aplikazio modernoa, erabilerraza eta dinamikoa da, bisuala, pertsonalizatzeko aukerekin eta irakurlea une oro adi egoteko alerta sistemarekin; hori baita hedabide bati dagokiona, azkar eta ongi informatzea”, Urzelaik Bilboko solasaldian zioen moduan. Aplikazioaren helburua “euskaldunontzat aplikazio erreferentziala izatea da”.

Orain esku artean dugu sakelakoa une oro; botoiari klik egin, eta egunkari digitalak esku-eskura ditugu. Josu Azpillagak, CodeSyntaxeko teknologia garatzaileak, bat egiten du Ara eta Nació Digital-eko arduradunekin: “Gaur egun telefonoak du lehentasuna” eta, “sakelekoan ez badabil, ez egin”.

Baina, Azpillagak dioen moduan, “edukia da gure altxorra”, eta edukiak euskarri ezberdinetara egokitua izan behar badu ere, edukiaren lanketan dugu gure erronka nagusia: eduki erreferentzialak sortzea, gai landuak eskaintzea, elkarrizketa interesgarriak egitea; aktualitatearen gurpilari eragitea, azkar eta zorrotz mugitzea, sare sozialetan eragitea, edukien bistaratze eta antolaketa optimizatzea; komunitatea trinkotzea eta irakurlearen parte hartzea sustatzeko bide berriak lantzea...

Teknologia berriek eta sakelakoen garapenak aldaketa sakonak ekarri badituzte ere gure gizarte eta irakurtze ohituretan, Peirok, Comprodonek eta Azpillagak bat egiten dute “kazetaritza onari” eutsi egin behar diogula, “gure altxorra edukia baita”.  

 

 

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)