Proiektuak lagunduz

2016-30-06

BERRIA /

Euskarazko hedabide proiektuak laguntzeko asmoz, BERRIA beka jarri zuen martxan BERRIA Fundazioak 2010. urtean. Aurten, Euskal sortzaileen katalogoa sarean Gotzon Barandiaran Arteagak aurkeztutako proiektuak irabazi du beka. 12.000 euroko laguntza jasoko du proiektua garatzeko.

 Euskarazko komunikabideak sortu eta sustatzea da BERRIA Taldearen xede nagusia. Helburu horrekin, euskarazko hedabide proiektuak lagundu nahian, BERRIA beka sortu zuen BERRIA Fundazioak 2010. urtean.

 Bekaren arrazoiak

 BERRIA bekak oso helburu argia du: euskarazko hedabideen eremuarekin lotura zuzena duen proiektu bat sortzen laguntzea. Izan daiteke hedabide berri bat, izan daiteke ikergune bat edo izan daiteke langileen prestakuntza sakontzeko proiektua edo programa. Hedabideak eta euskara dira nolabait muga, eta horietaz gainera ez dugu bestelako mugarik jarri.

 Hedabideen egungo aldaketa etengabearen testuinguruan kokatu behar da BERRIA Fundazioaren egitasmo hau. Jakina da aldaketa handiko garaia dela hau hedabideentzat, teknologia berrien garapenak zalantzan jarri baitu haien aurreko izaera. Eta, era berean, askotan baliabideak falta dira proiektu berriak pentsatu, landu eta aztertzeko, haien bideragarritasuna aztertzeko. Horretan lagundu nahi du beka honek, ustez proiektu interesgarria izan daitekeen ideia bat garatzen.

 Bost proiektu

BERRIA Fundazioak bekaren hiru deialdi egin ditu, eta, guztira, 33 proiektu aurkeztu dira. BERRIA Fundazioak bost proiektu lagundu ditu bekaren bidez:

  • ·         Uhinbak, euskal irratien sakelako aplikazioa.
  • ·         Irati irratia, Nafarroako Aezkoa ibarreko irratia.
  • ·         “Txindurri irratia, Lautadako ahotsa”, Arabako Lautadako irratia.
  • ·         Gabiltza, emakume adituen biltegi digitala.
  • ·         Euskal sortzaileen katalogoa sarean.

 

Aurten, Euskal sortzaileen katalogoa sarean Gotzon Barandiaran Arteagak aurkeztutako proiektuak irabazi du beka; besteak beste, kultur transmisioari begira tresna «ezin interesgarriagoa» izango delako. Iban Arregik, Marije Etxanizek, Gurutze Izagirrek, Martxelo Otamendik eta Beatriz Zabalondok osatu dute epaimahaia.

 

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)