Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
2018-01-08
Hamabost urte egin ditu BERRIAk, eta dozenaka irakurle, babesle eta erakunderekin ospatu dugu. BERRIAren 15. urteurrenaren aterkipean, Geroa zugan kanpaina abiatu genuen 2017ko azaroan, eta 2018ko ekainaren 20an eman genion amaiera, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egindako ekitaldiarekin. Etorkizunean euskal prentsa nazionalak bizirik eta osasuntsu jarraitzeko urrats gehiago egin ditugu. Eskerrik asko guztioi emandako babesagatik! Etorkizuna ziurtatzeko, euskarazko kazetaritzan bidea egiten jarraitzeko, babes hori behar du BERRIAk. 15. urteurreneko ekitaldian Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak esandako hitzak dira hauek: “Herri oso batek bultzatu gintuen abiatzean. Herriaren indarrak babestu gaitu beti”.
Irakurleen erantzuna
Hiru helburu jarri genizkion 15. urteurrenari eta Geroa zugan kanpainari:
1. BERRIAlagunen komunitatea handitzea, gizarte eragile eta norbanakoak inplikatuz.
2. Euskal prentsa eta BERRIAren eginkizuna aitortzea.
3. Administrazioaren aitorpena eta inplikazioa bilatzea egunkari nazionalaren eta euskal hedabideen sektorearen alde, Hekimen euskal hedabideen elkarteak landutako proposamenen bidetik.
Helburuok lortzeko, zazpi hilabete hauetan, hainbat kanpaina eta egitasmo jarri dira martxan. Ondorioz, guztira 1802 BERRIAlagun gehiago lortu ditugu, eta horietatik gehienak Berria.eus-en jarritako mezuetatik etorri dira.
Komunitate honen bultzada areagotzen ari da azken urteetan. Komunikabideok bizitzen ari garen aldaketen erdian, paradoxa bat ageri da: inoiz baino irakurle gehiago ditu BERRIAk. Inoiz baino euskaldun gehiagok jotzen dute bertako edukietara, baina diru sarrerarik ez dakar kontsumo horrek maiz. Geroa zugan leloarekin zabaldu da deia: BERRIA ari da euskarazko edukiak sarean jartzen, euskaldun guztien eskura jartzen, baina laguntza behar du. Historikoki gertatu bezala, gure mezua zabaldu dugunean, irakurleok erantzun egin duzue, eta, aurrera begira, lan horretan segitu behar dugu.
Komunitatearen indarra
Geure buruari anbizio handiko helburua jarri genion: 5.000 BERRIAlagun gehiago lortzea. Bagenekien zaila izango genuela helburu horretara iristea, baina garrantzitsua zela, halaber, mezu hori transmititzea. Izan ere, baloratu egin behar dugu hilabete hauetan euskal prentsarekiko eta BERRIAren eginkizunarekiko errekonozimenduaren alde egin dugun kontzientziazio lana, eta balioa eman behar diogu bide horretan lortutako BERRIAlagun kopuruari. 1.802 norbanako/eragile/iragarle berrik BERRIArekiko konpromisoa erakutsi dute, eta, horiei aurretik ditugun BERRIAlagunak gehitzen badizkiegu, BERRIA proiektua babesten duten 15.000 BERRIAlagunez osatutako komunitate bat dugu.
Erakunde publikoen babesa da beste oinarri bat. Hamabost urteko ibilbide osoan izan dira instituzioak BERRIAren laguntzaile; “batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago”, Beatriz Zabalondok 15. urteurreneko ekitaldian gogorarazi zuenez. Arlo horretan ere badago aldaketarako premia: “Elkarrekin bultza egitea dagokigu”. Helburu horrekin, denbora daramate lanean Hekimen euskarazko hedabideen elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, laguntzen eredua aldatzeko.
Urteurreneko kanpaina amaitu bada ere, 5.000 BERRIAlagun lortzeko bidean, egitasmo eta kanpaina berriak jarriko ditugu martxan datozen hilabeteetan.
Amaitzeko, eskerrik asko guztioi, beste behin ere, emandako babesagatik. Jarrai dezagun etorkizuna denon artean marrazten.
Geroa zugan, geroa gugan.
Eskerrik asko!
Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)