GipuzkoAPPs saria, berrikuntzari eusteko akuilu

2016-14-12

Pello Urzelai / IKT arduraduna

Pozgarria izan da oso Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako GipuzkoAPPs lehiaketan BERRIAren aplikazioak bigarren saria jaso izana. Aplikazioa lan kolektibo bat izan da, eta, sariak ere izaera hori du: talde oso batentzako aitortza.

BERRIAren aplikazioaren proiektuak badu beharretik eta badu anbiziotik ere. Irakurleok gero eta gehiago erabiltzen dute telefonoa, oro har, denetaz informatzeko, eta zehatzago, hedabideek sortu eta zabaltzen dituzten edukiak eskuratzeko. Internet bidezko jardueraren erdigune neuralgiko bihurtu da eskuko telefono adimentsua. Joera orokorra da, baina BERRIAn oso argi daukagu telefonoaren erabileraren etengabeko hazkundea. BERRIAren webgunea, denbora gutxian, 2013ko urtarriletik 2016ko irailera, soilik telefono bidez 65.229 bisita jasotzetik 290.989 jasotzera pasatu da (% 346ko hazkundea). Bilakaera horrek eskatzen du aukera gehiago eta hobeak eskaintzea irakurleari telefonoaren bidez ere BERRIAren edukiak eskuratzeko. Horretara dator BERRIA aplikazioa, telefonorako eskaintza egokitu eta osatzera.

BERRIAren webguneak telefonoaren bidez jasotzen bisitak

Aldi berean, aplikazio bat egitekotan anbizioz jokatu nahi izan dugu BERRIAn, euskaldunoi aplikazio erreferentzial bat eskaini asmoz, nazioarteko hedabideen aplikazio erreferentzialekin parekatzeko modukoa. Diseinu moderno eta bisuala, funtzionalitate aurreratuak (menua pertsonalizatu, artikuluak gorde eta edukiak deskargatzeko aukerak), erabilterraza, aldi berean sinplea eta osoa, alertak, multimedia edukiak eskura... Proiektua aurrera ateratzea konplexua eta nekeza izan da, eduki asko eta oso ezberdinak kudeatu behar direlako, gero aplikazioan egoki eta erakargarri ikus daitezen.

BERRIA aplikazioa, aplikazio erreferentziala

Emaitzarekin pozik bagaude ere, jakitun gara badaukagula zer hobetu eta garapenaren abiadura kontuan hartuz eguneratzera behartuta egongo garela. Aplikazioa zaindu, elikatu eta berritu beharko dugula argi dugu. Eta ahalegin horretarako akuilu ezin hobea da GipuzkoAPPs lehiaketaren saria.

Zenbait hobekuntzaz gain (edukien bilaketan, pdf eduki aukera gehiago eskainiz, gordetako artikuluen kudeaketa doituz, diseinua hobetuz,...), gustatuko litzaiguke audioak kudeatzeko atal berritzaile bat garatu ahal izatea, TTSren bidez albisteak entzuteko aukera eskaintzeaz gain, podcasten bidea irekiko lukeena. Eta geolokazioa landu, eta erabiltzaileek aukera gehiago izan elkar eragiteko,...

Hori guztia errazagoa eta azkarragoa izango da irakurleen erantzuna ona bada, aplikazioak gero eta erabiltzaile gehiago baditu. Lehen datuak onak dira, baina erabiltzaile gehiagorekin urrutirago iritsiko gara. Irailaren 22tik hona, 5.000 erabiltzaile ezberdinek erabili dute BERRIA aplikazioa, 120. 000 saio egin dituzte, miloi bat pantaila ikusi dituzte... Egunero, ia 1.000 irakurlek erabiltzen dute aplikazioa.

Irakurleek aukera on bat dute informatuta egoteko, nonahi, nahieran, osotasunez.

Azkenik, zorionak eman GipuzkoAPPs lehiaketako gainerako sarituei, bereziki, hedabideen eremuko Gaztea eta Tokikom aplikazioen.

 

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)