Webgunearen diseinua berritu du BERRIAk

2017-18-10

Pello Urzelai / IKT arduraduna

Aurpegi berria estreinatu du BERRIAren webguneak. Hasierako orrialdea birmoldatu egin du, aldi berean egitura eta estiloa berrituz. Irakurketa erraztu, erabilgarritasuna handitu eta edukien aurkezpena hobetzea izan dira aldaketa honen helburu nagusiak. Berrikuntza, baina, ez da soilik hobekuntza estetiko bat: eskaintza informatiboa hobetzeko urrats bat bada ere.

Hasierako orrialdea birmoldatzean, mahaiko ordenagailuen bertsioan, edukiak multzo horizontaletan antolatzeko apustua egin da, pantaila ikuspegi bakoitzean eremu bereko informazioa erakargarri batez erakusteko asmoz. Egitura berri honek aukera berriak irekitzen ditu: ohiko sail edo atal bakoitzari (Politika, Gizartea, Kultura, Kirola,...) eskainitako multzoez gain, multzo bereziak sortzeko aukera ematen du. Era horretara, gaurkotasunak bere espazio berezitua du, eta haren azpian, gaurkotasunaren zurrunbilotik kanpoko eduki interesgarriak biltzeko espazioa egokitu da, Nabarmenduak izenburupean.

Horrez gain, egitura berriak gaurkotasunarekin lotutako gertaera edo gai bereziak multzokatzea ahalbidetzen du, adibidez, Kataluniako independentzia prozesuarekin lotutako albiste eta artikuluen kasuan. Halaber, igandeko BERRIAn luze eta sakon lantzen den gaia multzo baten baitan erakusteko aukera emango du.

Estilo berrikuntzari dagokionez, tipografiaren aldaketa nabarmendu behar da. Titulu eta testurako serif tipografia mota bat aukeratu da, Acta, irakurgarritasuna hobetuz eta nortasuna zainduz, papereko tipografiarekin uztartuta. Gainerako osagaietarako tipografia bakar bat, Etica, erabiltzea erabaki da.

Tipografia aldaketarekin batera, estilo berria bestelako elementurekin osatu da: zintak, ikonografia, elkarrizketak nabarmentzeko kolore leuneko tramak…

Mahaiko ordenagailuetarako diseinua telefono eta tabletarako ere egokitu da. Kasu honetan, zabalera osoko irudiak eta zabalera erdikoa tartekatu da, dinamismoa irabazte aldera.

Martxan jarritako diseinu berria etengabeko berrikuntzaren filosofiarekin egina dago. Hau da, datozen egunotan doikuntzak eta osagai berriak gehituko dira, eta erabiltzaileen esperientzia aintzat hartuko du. Esate baterako, hasierako orrialdearen estilo berria albisteetara egokituko da datozen egunotan, eta pixkanaka, webgunearen atal guztietara.

Aldi berean, hasierako orrialdea azkarrago kargatzeko hobekuntza teknikoak garatu dira, eta epe laburrean ingurune seguruan nabigatzeko sistema inplementatuko da.

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)