Sakelako telefonoetarako aplikazio moderno eta bizia du BERRIAk duela bi astetik, eta, tresna aurkezteko, hedabideen erronka teknologikoen inguruko mahai ingurua egin zuten asteazkenean Bilbon, Azkuna zentroan.
App-aren aurkezpena Pello Urzelai BERRIAko IKT arduradunak egin zuen, «aplikazioa mimatzen saiatuko gara, zaintzen. Berritzaileak izaten saiatuko gara». BERRIAlagunei eskaintza berezituak eskaintzen dizkio aplikazioak, eta horretan sakonduko dute.
Kataluniatik iritsitako bi hizlarik parte hartu zuten Estitxu Garai Artetxe EHUko irakasleak gidatutako solasaldian: Ara egunkariko teknologia arduradun Marc Comprodonek eta Nacio Digital agerkari digitaleko zuzendari Karma Peirok. Biek ala biek nabarmendu zuten sakelako telefonoen kontsumoak gora egin izanak egoera asko aldatu duela azkeneko lau urteetan. Bi komunikabide horiek hilean bi milioi erabiltzaile baino gehiago dituzte, eta haiei ahalik eta zerbitzu «egokiena» eskaintzen saiatzen ari direla azaldu zuten Peirok eta Comprodonek.
Ara egunkaria sortu zen unetik —2010eko azaroa— hedabide multiplataforma izan dela azaldu zuen Comprodonek: «Paperean, Interneten eta telefonoetarako eskaini ditugu edukiak hasieratik». Baina «oraintxe», gaur egun, telefonoak du «lehentasuna», Ara-ko teknologia arduradunaren ustez. «Gure trafiko digitalaren %60 sakelakoetatik dator, eta horrek aldaketak ezartzea ekarri du». Nacio Digital agerkari digitalean, berriz, sakelakoetako trafikoa %70ekoa dela azaldu zuen Peirok: «Webguneko azala erakusten jarraitu behar dugu mahaiko ordenagailutik datozen %30 horientzat. Baina sakelako telefonoetako irakurleentzat beste eskaintza bat egin behar da».
Hildo honetan, sakelakoek hartu duten garrantziaren adibide bat jarri zuen Comprodonek: «Hedabideetan zabaldu den esaldi bat hau da: 'Sakelakoan funtzionatzen ez badu, ez ezazu egin'». Nabarmendu zuen, halaber, hedabideen «obsesio» bihurtzen ari dela sakelakoetarako bertsio «ultra bizkorrak» egitea, «erabiltzaileek pazientzia gutxi dutelako»
Teknologiak eta sakelakoen garapenak aldaketak ekarri badituzte ere, «kazetaritza onari» eutsi egin behar zaiola uste du Peirok: «Klik errazen aurka nago. Baina estiloa aldatu behar da, zuzenagoa, esaldi laburrekin. Horrek ez du esan nahi testuak laburra izan behar duenik». Kazetaritza lanak aurkezteko moduan egon daiteke gakoa. Horregatik, zenbait erreportaje luze hainbat egunetan zatituta ematen dituztela azaldu zuen Nacio digital-eko zuzendariak.