2016-05-10
2014ko udazkenean egin zituzten Euskal Estatua irudikatzen lanerako inkestak, Euskal Herri osoan: 2.007 inkesta, «%2,2ko errore tartearekin eta %95,5eko konfiantza mailarekin». Datuon azterketa aurkeztu dute San Telmo Museoan Julen Zabalo, Mila Amurrio, Iker Iraola eta Ane Larrinaga Parte Hartuz ikerketa taldeko kideek, eta lan soziologikoa Euskal Herri osoan egin izanari eman diote garrantzia berezia. Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean, inkesketek bi eremu bereziki landu zituzten: euskalgintza-kulturgintza eta enpresaburuak.
Inkestan euskal eskatuaz galdetu da eta ez Euskal Herriaren independentziaz, uste baitute jendeak pentsatzen duela «independentzia abertzaleen kontu bat» dela. Emaitzen artean bada azpimarra daitekeen bat: azterketak dioenez, Euskal Herrian %40,7 euskal estatuaren alde agertu dira. Batik bat gazteak, ikasketak dituztenak, euskaldunak eta abertzaleak azaldu dira honen alde, baina Zabalok zehaztapen bat egin du: «Abertzaletasuna eta euskal estatua ez dira parekideak. Posible da abertzaleak haren kontra egotea».
Euskal estatuaren alde %40,7 agertzeaz gain, %35,3 kontra agertu dira. Errealitate administratiboka, EAEko %42,5 azaldu dira alde, eta %32 kontra; Nafarroan, %40 alde eta %41,8 kontra; eta Ipar Euskal Herrian, %28,3 alde eta %46,2 aurka.
Kontra agertu direnek «sentimendu nazionalagatik argudiatzen dituzte; espainiar eta frantziar sentitzen direlako» adierazi du Iraolak. «Arrazoi pragmatikoak» ere badituzte aurka egoteko, «pentsatzen baitute egitura berriak ezegonkortasuna ekarriko lukeela». Iraolak gehitu du halaber, euskal estatuaren kontra direnen artean badela jende asko «jarrera aldakorra» lukeena.
Euskalgintzako datuei dagokien zatia Ane Larrinagak azaldu du. «Euskalgintzan, euskal estatua ezinbesteko tresnatzat jotzen da euskara berreskuratzeko», esan du lehenik, baina gero azaldu du han bi diskurtso daudela gaur egun: «Batetik, batzuen ustez, estatugintzan uztargarri dira nazio kulturala eta gizarteko askotariko gehiengoaren nahiak. Beste batzuek nazio kulturala lehenesten dute estatu eraikuntzaren aurretik.»
Ikusi abantaila guztiak eta izan zaitez BERRIAlaguna:
BERRIALAGUNA IZAN NAHI DUT