2016-10-25
«Non zinen maiatzaren 24an?». Galdera horri erantzunez abiatu dute Nafarroa, orain ala inoiz ez liburuaren aurkezpena. Senar eta Orzaiz BERRIAko kazetariek idatzi dute, eta Lakastaren esku geratu da aitzin solasa. Hiruren artean aurkeztu dute liburua Iruñeko Caldereria kaleko udal aretoan. Aldaketari buruzko liburua, aldaketaren protagonistekin partekatu nahi izan dute: politikariekin, eragile sozialekin eta herritarrekin. Denak ezinbestekoak izan baitira aldaketa abiatzeko.
Liburua erraz irakurtzeko moduan idatzi dute, irudiak bilatuz, eta batzuetan estilo literarioagoa erabiliz. Aurkezpena ere erraz aditzeko moduan egin nahi izan dute, eta Lakasta izan dute gidari.
UPNkoei ez ezik, 50 lagun baino gehiagori egin zieten elkarrizketa bi kazetariek. Baina, bakoitzaren aipu gutxi batzuk sartu dituzte. «Helburuetako bat zen dibulgatiboa izan behar zuela, irakurterraza, eta ezin zuela doktoretza tesi baten antza eduki», azaldu du Orzaizek. Batzuek ahoan bilorik gabe mintzo dira, beste batzuekin gehiago kostatzen da.
Gonbidatu anitz
Liburua aldaketaren protagonisten aurrean aurkeztu dute. Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea, eta EH Bilduko, Geroa Baiko eta Ahal Dugu-ko parlamentariak agertu dira. Haiekin batera liburuan ageri diren beste batzuk: besteak beste, Floren Aoiz, Ivan Gimenez eta Sagrario Aleman. Horiez gain, herritarrak ere joan ziren ekitaldira.
Martxelo Otamendi, Lorea Agirre eta Olatz Osa ere han izan dira, BERRIA egunkariko, Jakin aldizkariko eta Elkar argitaletxeko zuzendariak, hurrenez hurren. Izan ere, liburua hiru talde horien arteko lankidetzari esker atera da argitara; Aleka bildumako lehena izan da. «Aktualitatea aletu nahi dugu, xehatu, erpin eta ertz ezberdinetatik begiratu», azaldu du Osak. Gisa horretako liburuak euskaraz urriak direla uste du Elkarreko zuzendariak. «Kazetari lanak izatea nahi dugu, ahalik eta ikuspegi zabalena dutenak, eta irakurterrazak, jendearengana iritsiko direnak, zabalkundea ere helburua delako». Kaleratuko duten hurrengo liburua euskarari buruzkoa izanen da, eta Garikoitz Goikoetxea BERRIAko kazetariak idatzi du.
Ikusi abantaila guztiak eta izan zaitez BERRIAlaguna:
BERRIALAGUNA IZAN NAHI DUT