Ongizate krisia: salbuespen egoeran, erantzun berrien bila

2021-05-26

BERRIA /

Krisialdia ez zen hasi COVID-19arekin. Aitzitik, izurriak azalera atera ditu lehendik ere antzeman zitezkeen arrakalak eta desorekak. Horri buruz solastatu ziren atzo Gotzone Sestorain baserritarra eta Etxalde egitasmoko kidea, Angel Elias EHUko Enpresen Zuzenbideko irakaslea eta Gaizka Suarez Eragin Bilboko kidea, Ongizate krisia: salbuespen egoeraren aurrean, erantzun berri bila izeneko mahai inguruan. Hamaika Gara ekinbideak antolatutako solasaldi zikloan bosgarrena izan zen atzokoa.  

Eliasen ustez, pandemiak bi faktore utzi ditu agerian: batetik, «gizartean lehendik ziren gabeziak eta desorekak»; eta, bestetik, erakundeen erreakzio gaitasuna. Ideia horrekin bat egin zuen Suarezek, COVID-19aren izurriak gizarte arrakalak «areagotu» egin dituela sinetsita: «Koronabirusaren aurretik ere argi ikusten zen egoera gero eta okerragoa zela hainbat sektoretan, eta horren adibide izan ziren mugimendu feministaren protestak, pentsiodunen mobilizazioak, metalaren sektoreko eta irakaskuntzako grebak... Ezinegon eta gabezia horiek areagotu egin ditu koronabirusaren izurriak».

Sestorainek beste erpin batetik heldu zion gaiari: elikadura burujabetzaren ikuspuntutik. Haren esanetan, pandemia eta gaixotasun berriek lotura dute egungo elikadura industriarekin: «Sistema globalizatu eta inperialista tokian tokiko elikadura ereduak suntsitzen ari da. Horrek eragina du ekoizpenean, ekonomian, kulturan, baliabideetan... baita osasunean ere». Zehazki, abeltzaintza industriala «osasun publikorako arriskutsua» dela esan zuen baserritarrak, «izurriak zabaltzen lagun dezakeelako».

Atzemandako arazo horien aurrean, «eredu osoa» auzitan jarri beharra dagoela gaineratu zuen Eliasek: «Kapitalismo, neoliberalismo... edozein izenekin ere, argi dago eredu ekonomiko honen erdigunean ez daudela pertsonak, interesak baizik». Horren adibidetzat jo zuen maskaren arazoa: «Esportazio eta inportazioen menpe gaude. Maskarak Txinatik ekarri zituzten arte, ez genuen izan baliabide hori eskuratzerik». Sistema publikoa indartzeko beharra ere azpimarratu zuen EHUko irakasleak. Hain zuzen, enpresa handien interesen aurrean, «beste politika batzuk» aldarrikatu zituen Suarezek, «langile klasearen aldekoak, enpresei legea betearaziko dietenak eta zerbitzuak bermatuko dituztenak».

Burujabetza, erdigunean

Osasun krisi bat kudeatzeko tenorean, baliabide, mekanismo eta egitura propioak izatea garrantzitsua dela esan zuten hiru solaskideek. Hala ere, ñabardura batzuk azaleratu ziren. Hala, Sestorainen aburuz, beharrezkoa da «estatu mentalitatea, estatu egiturak bainoago». «Independentzia lortuta ere, egungo mentalitate eta politikekin ez genuke arazoa konponduko. Egungo baliabideak erabil daitezke multinazionalen menpe ez dauden politikak bultzatzeko».

Eliasek azpimarratu zuen erakundeak herritarrengandik gero eta hurbilago izan, «hobe» kudeatzen direla krisiak, baina aintzat hartu behar dela «izurriak mundu osoari eragin diola, eta interes ekonomikoak ere globalak direla».

 

Oraindik ez zara BERRIAlaguna?

Ikusi abantaila guztiak eta izan zaitez BERRIAlaguna:

BERRIALAGUNA IZAN NAHI DUT