Berria TB / Dapa
Formol Laborategia 2019an eratu zuten Edurne Azkarate, Mikel Ibarguren eta Intza Alkainek, egungo euskal kulturak planteatzen dituen hainbat erronkei heltzeko asmoz: gazteriari buruz hausnartzea eta ahotsa ematea, publiko berriak sortzea, poetika eta estetika berriak arakatu eta lantzea...
Zer egiten du ostruka batek arrainontzi baten barnean? Derrigorrezkoa al da belaunaldi bat hiltzea hura omendu ahal izateko? Galdera serioak airera bota eta umorez erantzun dituzte Album antzezlanean. Dinamoan obraren sortze lanetan eta Soreasun estreinaldi egunean, kamera eskutan kuxkuxean ibili zen Dapa.
Rosa Valverde (1953-2015) artista zen. Haurtzarotik pintatzen zuen arren, 1970eko hamarkadan hasi zen bere lanak erakusten. Hasierako lanetan surrealismo onirikora hurbiltzen zen estiloa erabili zuen, baina bere lana denborarekin aldatuz joan zen, bere inguruak estilo oso propioarekin irudikatzera iritsi arte. Pinturaz gain, objektuekin osatutako kutxak ere egin zituen, bere unibertsoaren berri ematen digutenak. Bere lana oraindik sakon ikertzeke dago.
Haizea Barcenilla (1981) lezoar arte historialaria da. EHUn irakasle da eta BERRIAn zutabegile, eta Euskal Herriko artearen historian emakumeek izan duten lekua aztertzen du. Horren inguruan San Telmo museoan azaroan irekiko den Baginen bagara erakusketa komisariotu du Garazi Ansarekin batera. Rosa Valverderen lanak ikusgai egongo dira bertan, beste artistenekin batera.
Nagore Legarreta Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen 1981ean. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen. Hernaniko Kronika-n lanean jardun zuenean engantxatu zen argazkilaritzarekin. Ikastaroak egin zituen, tailerrak jaso argazkilarien eskutik. 2009an argazkilaritza estenopeikoa ezagutu zuen, eta kolpetik maitemindu. Argazkiak egiteko modurik primitiboena bihurtu zen bere adierazpide. Edozerekin kamerak sortu ahal izateak liluratu zuen, argazki modu horrek eskaintzen zion giro oniriko eta zehaztasunik gabeak. Harrezkero lan ugari egina da, liburuak argitaratu ditu, jaialdietan ibili da harat-honat. Ibaia ez da leku bat proiektuarekin dabil, besteak beste, eta eskuak uretan harrapatu nahi izan zuen Dapak.
Deabruari arima musika dohainen truke bidegurutzean saldu ziola dio Galder Izagirre eta konpainiak berreskuratu duten kondairak. Istorioari segika, bele baten begiradatik Sanagustin kulturgunea gurutze bat dela ohartuta, bertarako bidea marraztu zuten, Amorante, Sara Sozaya eta Belako eliza zaharra profanatzen grabatzeko. Dapa kameralarien atzean jarri zen, elizan baimenik gabe konfesioak entzuten zituen haur txikiaren gisan zelatan.
Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853-1943) Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria da. Bilbon hazi arren, 1873an Liverpoolera joan zen bizitzera, Bigarren Karlistadatik ihesi. Bertan ikasi zuen argazkilaritza. Gerora, Bilbora itzuli zen, eta argazki laborategia osatu zuen bere etxean, Begoñako Basilikatik gertu. Berak egindako milatik gora argazki mantendu dira. Senideak eta pertsona xume, apal eta ia beti anonimoak izan ziren bere argazkietan protagonista.
Maite Jimenez Ochoa de Alda (Bilbo, 1959) historialaria da. 1984 eta 2020 bitartean Bilboko Euskal Museoko artxibozaina izan da. Eulalia Abaitua argazkilaria (1853-1943) liburuaren egilea da.
Goizalde Landabaso (Bilbo, 1970) idazle eta kazetaria da. Gaur egun Radio Euskadin dabil lanean. Besteak beste, 1.362 km euri liburua idatzi du, Garazi Goiarekin batera. Liburuaren pasarte batean oinarritzen da Daparen erreportaje hau.
Askotariko jendea elkartzen da Azpin: arkitektoak, zinemagileak, artistak... Lantokiaz harago, sormena landu eta elkarbanatu, hiriaz hausnartu. Atea ekimenaz ireki izan dituzte trukerako bideak. Ateran, bosgarren edizioan, Egiako txoko, denda eta aldapetan barrena hedatu da atea: fanzineak zapata dendan, diskoak farmazian, liburuak jostunaren aldamenean. Bertan sartu da Dapa.
Iratzoki Lizaso Euskal Herrian sorturiko industria diseinu estudio bat da. Elkarrekin zenbait urtez lan egin ostean, Jean Louis Iratzokik eta Ander Lizasok 2016an partzuergoa sortzea erabaki zuten. Hainbat esparru jorratzen dituzte: etxe edota bulegotarako altzariak, ehungintza, argiak, osagarriak, arkitektura efimeroa eta abar. Horrez gain, zenbait markaren zuzendaritza artistikoaz ere arduratzen dira. Euren lanak elementu afektibo zein naturalak izan ohi ditu, eta denboran irautea du xede nagusietako bat.
Arantza Flores Urdiainen (Nafarroa) jaio zen 1981ean. Bartzelonako Institut del Teatren, Arte Eszenikoetan goi mailako teknikari titulatua da, argiztapeneko espezializazioan. Katalunian hainbat konpainiarentzat egin zituen lanak 2004. eta 2015. urteen artean. Bilbon bizi da egun, eta Euskal Herriko arte eszenikoen eremuan hainbat eta hainbat lani jarri die argia. Azken lanak Horman Poster kolektiboaren Antigone eta Artedramaren Atzerrian lurra garratz izan dira. Teknika eta diseinua uztartzea helburu, Arriaga antzokiko argi teknikaria da.
Jon Ander Urresti Ugalde Bermeon (Bizkaia) jaio zen 1992an. Filosofian graduatu zen, eta ondoren Dantzertin, arte eszenikoen goi mailako eskolan. Aktorea da. Bere bakarkako lana da Tribiz, baserri galduen gorputz biziak erakusten dituena. 700 urtetik gora dituen Bizkaiko baserririk zaharrenaren aurrean bizi da, atez ate. Edo honetaz geratzen den harri eta haga erorien aurrean. Han egon nahi izan du Dapak ere berarekin.
Esperimentazioaren emozioa da Sara Fontán, Edi Pou energia polierritmikoa: biek osatzen dute Los Sara Fontán. Proiektuaren hasieratik diskorik ez grabatzeko hautua egin zuten; zuzenekoak bizi ditu: fisikoa, aldakorra, unean unekoa, lekuan lekukoa, industriaren errutina produktibotik ihesi. Inprobisazio gidatuan oinarritutako tailerra eman zuten Dinamoan, eta zoramen eder hartatik lagin hauxe ekarri du Dapak bideo honetan.
Labana eta orbana arte grafikoen esperimentazio tailerra izan da, 2020ko udazkenean egin dutena Dinamoan. Alaitz Alberdi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1982) eta Joseba Agirrezabalaga (Azpeitia, 1982) izan dira tailerra eman dutenak. Serigrafia, linografia eta beste arte grafiko batzuk aztertu, ikasi eta probatzeko aukera izan dute hamabost parte hartzaileek, beti ere teknika menderatzea baino irudiak sortzeko prozesuaz kontzientzia hartzea xede; teknika muga baino akuilu hartuta, akatsa baliatzea nork bere lana garatzeko.
Markos Gimeno Vesga Ermuan (Bizkaia) jaio zen 1974an. Artista polifazetikoa eta hitz joko egile aparta izan zen. Sormenerako gaitasun handikoa. Ingurukoak alaitu, entretenitu eta pentsatzen jartzeko dohaina zeukan, baina depresioak ere jotzen zuen tarteka, eta 44 urterekin, bere buruaz beste egin zuen. Haren ordenagailuan azterka ibili ondoren beste lan andana aurkitu zuten, eta erakusketa jarri Ermuan 2019an. Aitzakia horretatik abiatuta egin dugu bideo hau, in memoriam.
Napoka Iria desegin ondoren hainbat proiektutan ibili zen Ander Mujika musikari, baina denbora baten ondoren tiraderan gordeta zituen zirriborroak atera eta oso berea izango zen zerbait marrazten hasi zen. Felix Buff eta Johannes Buff hartu zituen bidelagun soinu geruzen eraikuntzan. Maialen Belaustegik gardenkien proiektorea baliatuz diskoaren inguruko iruditeria landu zuen. Horrela sortu zen Testura, eta izen bereko diskoa kaleratu zuten 2020ko martxoan Forbidden Colours etxearekin. Dinamoan prestatu zuten zuzeneko emanaldia, eta bertan eman aurkezpen kontzertua. Kontzertu horretako geruzak jaso ditugu bideoan.
Amorante Iban Urizarren izen artistikoa da. Tradizioari traizio egitea zilegi dela mantentzen duen musikaria, tronpeta jotzailea eta kultura musikal ezberdinen maitale eta zalea. Musika ikasketa akademikoak ditu. Tronpeta bidelagun, hainbat proiektutan hartu du parte, hainbat musikariren diskoetan zein zuzenekoetan jo du. Herri musikatik abiatu eta ertzetatik mugitu den musikaria da. Disko berria atera du oraintsu, Forbidden Colours diskoetxearekin: Bat edo hiru. Aitor Etxebarria musikaria izan da ekoizlea, El_Txef_A ezizenarekin mundu osoan DJ gisa aritu ostean garai berri bati ekin diona bere izenarekin, eta Mala estudioan aritu dira lanean. Hantxe harrapatu genituen.
Gehiengoaren hiria Pasaiako badiaren arkitekturaren inguruko gogoeta bat da. Pasaiako badia, espainiako desarrollismoaren garaian garatutako hiri zona askoren antzeran, itsusia dela esaten zaio. Liburuak Pasaiako eraikinen erradiografia bat egiten du eta itsustasunaren kontzeptua kolokan jartzen du, nostalgiaren inguruko gogoeta bat eginez. Lan hau, bere esentzian, inoiz balioan jarri ez den arkitektura bati omenaldi bat da. Jonander Agirre Mikelez eta Ander Gortazar Balerdi Donostian errotutako arkitektoak dira, beraien jarduera ezagutza anitzetatik abiatuta eta modu lokalean garatzen dutenak.
Erraia zigilua Gasteizen 2018an sortutako batze lana da. Musika proiektuen zabalkundean autoedizioa bide duten taldeen indar batuketa. Arabatik abiatutako proiektua, kantuen loratze eta zabalkundean zigilu berdinaren babespean aurkezten direnak. Hurbiltasunak batu zituen Joseba B. Lenoir, Miren Narbaiza MICE proiektuarekin, Izaki Gardenak, Jon Aranburu eta udaberrian desegin zen Montauk taldea.
Xabiroi aldizkarian atalka argitaratu den nobela grafikoa da Basolatik berri onik ez. Orbaitzetako arma fabrika zaharraren deuseztatzea oinarri hartuta, Dani Fanok proposatu, Asisko Urmenetak idatzi eta Joseba Larretxek marraztutako alegiazko istorioa da. Laster, liburu formatuan kaleratuko da.
Atopia RPG Euskal Herri surrealista batean kokaturiko rol-jokoa da, Etzi.pm-ko kideek 2019ko Durangoko Azokan plazaratua. Marxialistak, lur4ak, ikurrin daltonikoak, errobot-lehendakariak edo dinosauroak. «Konspirazio guztiek dute balizko arrazoia Euskal Herri garaikidearen bertsio alternatibo honetan». Eneko Olazabal eta Xabier Landabideari egindako elkarrizketak izan behar zuen erreportaje honen ardatza. Baina errealitatez betetako luizi batek hankaz gora jarri du dena azken hilabeteotan.
Idoia Hernandez Hatxek beste hainbat artistekin batera osatu duen Histeria proiektuaren sorkuntza prozesua du oinarri ikus-entzunezko honek. Lau une uztartzen dira bertan: Dinamoa sormen gunean irudia landu zutenekoa, Azpeitiko Udal Musika Bandaren lokalean musika sortu zutenekoa, Sanagustin kulturgunean emaitza aurkeztu zutenekoa eta emaitza bera.
Miñan (2019) argitaratu eta hiru hilabete geroago, Amets Arzallusek Ibrahima Balderengana Madrilera egindako bisita bat du oinarri ikus-entzunezko honek. Ibrahima Balderen egunerokoa azaldu eta, bide batez, liburuaren nondik norakoez, ahozko literaturaz eta migranteen aferaz hausnartzen da bertan.
Xanti Agirrezabala Azpeitian jaio zen 1997an. Aktorea da. Dantzerti eskolako lehen promozioko ikaslea. Haurra zela Alaitz Olaizolarekin ikasi zuen antzerkia; ondoren, Amancay Gaztañagak zuzendutako zenbait obretan parte hartu du, eta Goenkale eta Ihesaldia telesailetan egin du lan. Satiro antzezlana du bakarkako lehen lana.
Garazi Pascual Lasturren jaio zen 1989an. Kable gaineko dantzaria da. Iruñean, Parisen eta Erroman ikasi zuen zirkua. Euskal Herrian Garazi & Cia zirku garaikideko konpainia sortu berri du. Azken lana Erraia deitzen da, bertan kable gaineko dantza musikarekin eta beste zenbait gorputz lengoaiekin uztartzen du.
Iñigo Astiz Iruñean jaio zen 1985ean. Idazlea eta BERRIA egunkariko kazetaria da. Baita hondakinak ere (2012) eta Analfabetoa (2019) poesia bildumak idatzi ditu. Sylvia Plathen poema antologia bat euskaratu zuen, eta, beste zenbait kazetarirekin batera, Ez duzu abusatuko. Pederastia kasuak Euskal Herriko elizan liburua (2017) argitaratu zuen. Joemak eta polasak haurrentzako poesia liburu ilustratua argitaratu berri du Maite Mutuberriarekin batera.
Barbara Stammel Sockingen jaio zen, Alemanian, 1960an. Margolaria da. Getarian bizi da 1990eko hamarkadatik. Arte Ederretako ikasketak egin zituen Munichen eta Bartzelonan. Materiak garrantzi handia du bere lanean. Erretratuak egiten ditu nagusiki. Hainbat lekutan erakutsi ditu bere lanak.
Saran jaio zen 1978an. Luthier profesionala da. Ebanisteria eta Marketeria ikasi zuen Pauen. Poitiersen berniz teknikak ikasi ondoren Patxi Atozki luthierraren tailerrean aritu zen laguntzaile. Gaur egun tailer propioa du Zugarramurdiko bere etxean eta hainbat gitarra mota egiten espezializatuta dago. Besteak beste, Ruper Ordorika, Andoni Tolosa edo Joseba Irazokiren hainbat instrumentu egin ditu.
Danele Sarriugarte Elgoibarren jaio zen 1989an. Idazlea eta itzultzailea da, eta gaur egun Donostian bizi da. Itzulpengintzan graduatu zen eta Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua masterra egin zuen Bartzelonan. Bi liburu idatzi ditu: Erraiak (2014) eta Azala erre (2018).
Rouge Elea 2003an sortu zuen Corine Cella zirkolariak. Duela hamar urtetik Ander Fernandez musikariak eta biek zuzentzen dute. Zirkoa, dantza, musika eta hitza dira haien adierazpide nagusiak. Biutz (2012), Ronde - Bi ahizpa (2014), Zuek (2015) eta Hau da nire ametsen kolorea (2017) lanak sortu dituzte. Zuhaitzarekin solasean (2019) dute azken obra.
Juan Palacios Eibarren jaio zen 1986an. Zinemagilea da, eta gaur egun Amsterdamen bizi da. Ingurumen Zientzietan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua. Hainbat film labur egin ditu. Bere lan mardulenak Pedaló (2016) eta Meseta (2019) dokumentalak dira.
Bizi gaituen mundua irudi eta soinuen segida batekin kontatzen digute batez ere, eta ezinbestekoa zaigu guk ere mundua, baita geure mundua ere, ikus-entzunezko narrazio batekin kontatzea, geuretik, euskaraz, egunero egiten eta desegiten gaituen kultur sorkuntzan jarriz gure bizinahiaren epizentroa.
Kulturazek ekoitzitako saioa da (Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak), Dinamoa sormen gunean duena bere habia. Yuri Agirrek, Nora Alberdik, Aitor Bengoetxeak, Xabier Gantzarainek, Ander Mujikak, eta Iker Treviñok osatzen dute lan taldea.
JALGI egitasmoa da kultur saio honen sustatzailea.
Proiektuak Fagor Fundazioaren eta 2DEO ikus-entzunezkoen laborategiaren babesa jaso du.