Bira
Aldartea
Mezu bat bota diot goizean goiz. Banekien Bukarestera joana zela, eta pentsatu dut triste samar egongo dela. Lanerako buelta gogorregia egin ez dakion bota diot mezua. Ez dit batere ondo erantzun, eta izugarri haserretu naiz. Hainbeste maite nauela jakinda, ez dakit nola pentsatu duen bera triste egotearekin poztu naizela. Barruraino sartu zait erantzun hori eman izana, eta i bakoitzari bere puntua jartzea erabaki dut. Erreakzionatu egin du, eta bere modura, barkamena eskatu dit: asko maite nauela eta ez haserretzeko, ondo pasatu duela… Badakit Athleticzaleentzat egun konplikatua izan zela atzokoa, baina errua ez da nirea. Asteazkenean euforia izugarriarekin zebilen jendea Bilbon, eta nik astearteko gorputz berbera nuen. Seria naizela esan zidaten: nor eta ni seria? Bada, bai; ez nengoelako pletoriko. Atzo, ostera, beste guztiak baino pozago nengoen, baina ez nengoen asteazkenean baino pozago. Berdin dio: besteen minari barre egiten ari nintzela esan zidaten. Ez dakit seinale ona edo txarra den, baina eguaztenean eta eguenean antzera jaiki nintzen: neure betiko poz, ardura, min eta motibazioekin. Barka nazazue, partidak ez dit aldartean eragin; baina ez dut inor izorratzearren egin. Halakoak entzungo nituela jakinda, disimulatu egingo nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu