Bira
Alkatea
Demokrazian biziko bagina, kargu politikoak ez genituzke hain gaizki ikusiko; edozein herritarri tokatu dakiokeen zerbait izango litzateke alkate izatea, adibidez. Guztiok sinetsiko bagenu instituzioak herriarenak direla, guztiok gobernatuko genuke desberdin gure txanda heltzean, baina jakingo genuke herriaren interesak gureen gainetik jartzen. Ez hori bakarrik, boterea guztiona dela ulertuko bagenu, ez genuke onartuko hiruk edo lauk eurentzat gordetzerik eta herritarren bizimoduan nahi duten moduan eragiterik. Gure alboko herrian, Errigoitin, herritarrak tontotzat hartzen dituen alkatea dago. Badira hamahiru urte alkatetza hartu zuela, eta, dagoneko, behin baino gehiagotan esan du herria berea dela. Eta nola herria berea den, berak erabakitzen du nor eta non bizi den Errigoitin. Hauteskundeak ere horrela irabazi zituen iazko maiatzean: ez dauden etxeetan jendea erroldatuz. Osoko bilkuretarako entzule kopurua ere mugatu egin du, non eta Errigoitin! Baina agian hori izango da gaitz txikiena, legeak agintzen dituen gutxieneko osoko bilkurak justu-justu antolatzen ditu eta. Epailearen aurrean ere ez da kokiltzen, ez da lotsatzen. Zer esango dio, bada, epaile batek? Aspaldi esan zigun bera dela alkatea, eta bera dela legea. Harrapazank!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu