Bira
Amerikanoak
Ez dakit ezertarako balioko duen, baina pozik irakurri dut Idahoko Estatu Gaietarako Batzordearen adierazpen instituzionala. Hemendik Amerikara itsas legoa asko daude, baina pausoak eman behar dituenak ematen ez dituenean, urrunetik heltzen zaizkigun keinuak eskertu egiten dira. Familia askok daukate senide amerikanoren bat, eta odolak lotu egiten duenez, askotan izan dugu Amerika Euskal Herritik hurbil. Pentsatzen dut Idahoko legebiltzarrak eta senatuak elkarrekin adostutako adierazpena sinbolikoa izango dela askorentzat, baina hemendik hara behinola zenbat jende joan zen jakinda, gehiago izan dadin nahi nuke. Euskal herritarrok gatazka konpondu egin nahi dugu, gure etorkizuna erabaki eta aurrera egin. Eta badirudi bizimodu hobearen bila hemendik joan zirenen ondorengoek ere gurekin bat egiten dutela sentimendu horretan. Gure auzoko gizon batek behin esan zidan «han Ameriketan» jendea ez dela guk uste dugun bezain bizkorra. Bera egona zen bolada batez Ameriketan eta ez omen da han ondo jaten, eta ohitura harrigarriak omen dituzte euskaldunen aldean. Desiatzen nago gaur iluntzean, lanetik atera, eta ardo bat kentzeko. Esan nahi diot litekeena dela amerikanoak ez izatea hain bizkorrak, baina espainiarrek baino errazago ulertu dutela euskaldunok zer nahi dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu