Bira
Argazkia
Ateetan bostekoa eman diote elkarri, eta zaharrak barrura pasatzeko esan dio gazteagoari. Argazkilariak tira eta tira ibili dira, eta flash hots artean polita izango zen gizon bien arteko elkarrizketa entzutea. Ezin, ordea. Lehen begiratuan badirudi ez dutela elkarri esateko gauza handirik, baina pentsatzekoa da gizon betaurrekoduna ez dela joan eskumuinak ematera. Hemezortzi urte pasatu dira zaharrak halako inor azkenekoz hartu zuenetik. Halako inor: hau da, ezkerrekoa eta Euskal Herriaren independentziaren aldekoa den inor. Batez ere, bigarrenari helduko diot nik, ze ezkerrean bolantea baino ez da gelditu XXI. mendean. Hemezortzi urteren buruan asko zahartu da Juan Carlos Borboikoa. Ordezkatzen dituen erakundea eta gizarte eredu feudala bezain zahartuta dago Espainiako Erregea. Errekondok Euskal Herriaren bakerako bidean konpromisoak eskatu dizkio, eta besteak baietz. Barruan, «zergatik ez zara isiltzen?» esango zuen bere kolkorako. Inork baino gehiago berak nahi izango du bakea gainera: herritarren lepotik lasai bizitzen jarraitzeko Mallorcan atentaturik izateko arriskurik gabe. Eskubaloi jokalaria izandakoa eta euskal herritarra da Errekondo, Juan Carlosen suhia bezala. Agian, alaba ezkontzerakoan pertsonaz erratu zela pentsatzen geldituko zen zaharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu